Garai batean, lagunaren lehiaketa gustukoena izan omen zen. Ez du aspaldi ikusi. Nik isildu egin diot ez dudala inoiz saioa osorik ikusi. Arraroa da. Izan ere, 1997ko otsailaren 17tik ematen dute, astelehenetik ostiralera, hutsik egin gabe. Jordi Hurtadoren Saber y ganar da hizpide hartu dugun mugarik gabeko emanaldia.
Ez dakit asko izango ote diren egunero ikusi ez arren —ezkutuan ez bada— hainbeste jendek ezagutzen dituen saioak. Jarraitzaile fidelak ezin fidelago zaizkio. Egunero, bazkalondoan, paper eta boligrafoz imajinatzen ditut, bakarrik ala asko jota bikotean, erantzunak bozgora asmatu nahian. Haren oporraldietako hutsuneetan minduak, asti hori entrenamendu gisa darabiltenak izango dira asko. Hori baitu saioak. Saria ekonomikoa izanagatik, lehiakideak bestelako arrazoi batek motibatzen dituela baitirudi. Jakintza, kulturala eta historikoa, maite egiten dute. Datu eta xehetasunak urduritasunaren iturri dira, baina, era berean, kitzikagarri. Ezinezkoa baita bestela. Lehiaketako galderek ez bailukete telebistan egun dauden beste formatuetako parte hartzailerik asetuko.
Hor dago emanaldiaren xarma. Ez da soilik, gainontzeko formatuetako lehiakideak sekula ez dituela aseko. Desberdina da. Itxuraz sinplea, hurbilekoa eta goxoa. Inon bada, lehiakortasun naturalaren bultzatzailea. Salbuespena arauaren testuinguruan. Horregatik da sinesgaitza hainbat urtetako ibilbidea. Ikus-entzulea ez dago-eta ohituta halako balioak transmititzen dituen proposamenera. Ez da erakargarri mandoa hartzen duen jende gehienarentzat. Eta, hala ere, hor dirau, astelehenetik ostiralera, egunero, bazkalondoak pedagokiko bihurtzen 1997ko otsailaren 17tik.
Ez luke halako bide egina izango, kate publiko ez den beste edozeinetan. Ona izan arren, osasungarri izan arren, interesgarri izan arren, telebistaren etika eta arauak goitik behera bete arren. Eredua eta eredugarri izan arren. Ez du, ordea, lanerako molde hori kutsatzeko gaitasunik. Bazterrekotzat dugu, arrarotzat, barregarritzat nahi bada. Aurkezlea bera ez da, ziur asko, telebistako aurpegi desiratu inoiz bihurtuko. Ez ditu eskaintza ulertezinak jasoko. Kateek ez dute borroka egingo haren jardunaren jabe egiteko. Eta nago, hori hala, gustura biziko dela, haren buruaz eta lanaz harro. Lanerako gogoz. Beste hainbat ez bezala.
Komunikazioa. Ekografiak
'Saber y ganar'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu