Asteburuko proposamenak

Sagar Uzta, dolareen lanen hasiera ospatzeko

Astigarraga. Santiagomendiko Sagardo Bidea aurkeztuko dute bihar eguerdian

Erredakzioa
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Azarora bitartean, sagardotegietako dolareak lanean ariko da aurtengo sagardoa egiteko. Dolareak lanean hasiko direla ospatzeko, Sagar Uzta festa antolatu dute Astigarragan (Gipuzkoa). Sagarra eta sagardoaren kulturarekin lotutako jarduerak antolatu dituzte gaur hasi eta igandera bitartean. Sagarraren azoka, sagardo dastatzea, argazki lehiaketa, Euskal Herriko sagarren dastatze gidatua eta sagar tarta lehiaketa izango dira, besteak beste. 2012ko uztaren lehen muztioaren elaborazio prozesua ere erakutsiko dute.

Gaur hasiko dira ekitaldiak, herriko tabernek eskainiko duten pintxo-poteoarekin. Sagarren eratorriekin egindako pintxoak izango dira.

Bestalde, bihar, Santiagomendiko Sagardo Bidea ibilbide tematikoa aurkeztuko dute Sagardoetxean, eguerdian. Arratsaldean egingo dute Euskal Herriko sagarren dastatze gidatua Astigarragako Roxario jatetxean.

Egun handiena, hala ere, igandea izango da. 10:30ean zabalduko dute sagarren azoka. Ondoren, 11:00etan, 2012ko uztaren lehen muztioa nola egiten den erakutsiko dute: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea. Sagar dantza eta kirikoketa emanaldiekin jarraituko du aurrera egunak.

Ordu batean dastatu ahal izango dute bertaratutakoek aurtengo lehen muztioa.

Herri bazkaria egingo dute sagar tarta lehiaketako sariak banatu eta gero. Eta arratsaldean, sagardogintzan oinarritutako herri kirolak egingo dituzte Foru enparantzan, Alorrenea, Lizeaga, Petritegi eta Rezola sagardotegien parte hartzearekin.

SAGAR UZTA

Non. Astigarragan (Gipuzkoa).

Noiz. Gaurtik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.