Ezarian. Sagardoa

Sagardo berriaren txinparta

Julian Iantzik zabaldu du txotx denboraldia Astigarragan, zukua dastatuz eta «gure sagardo berria» esanezIaz bezala, hamar milioi litro ekoitzi dituzte aurten sagardogileek, «zuhurtziaz jokatuz»

Julian Iantzi telebista aurkezleak zabaldu zuen txotx denboraldia, Petritegi sagardotegian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Astigarraga
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Urteroko argazkian aldatzen dena sagardoa dastatzen duen protagonista izaten da. Julia Iantziri egokitu zaio aurten «Gure sagardo berria» ozen esatea. Ordurako hamaika kamera gainean zituen, Astigarragako Petritegi sagardotegiak upelen gunean prestatzen duen harmaila txikia lagun. Kokagune hartan ezin sarturik zebiltzan argazkilari nahiz kamerariak. Gainontzeko kazetariek ahal zuten moduan hartzen zuten lekua upelen korridore luze eta hotzean. Txalapartaren ttakunaren oihartzuna amatatu gabe hasi ziren agurraren txistu doinuak. Dantzariak, bukatu, eta upela ireki zion Iantziri. Esan behar zuena argi zegoen, baina telebista aurkezlea show laguna da zinez. «Eta esango ez banu?», galdetu zien kazetariei aurretik egindako proba batean —probak ere egiten baitira enkuadreak ongi geratzen direla baieztatzeko—. Benetakoan ez; «gure sagardo berria» bota zuen, besterik gabe, benetako txandan.

Sagardo denboraldi berria zabalik da, beraz. Sagardo zurrustak ez dira lehortuko hilabete batzuetan, han eta hemen. Sektoreak krisiari aurre egin behar dio; badakite sagardogileek, eta prest dira garai hauetan ere sagardoaren bertuteak eta txotxaren tradizio errotua defendatzeko. «Guk geuk defendatu behar dugu gurea dena. Sagardoa ez da edari bat bakarrik, gure kultura da, gure herriaren ezaugarri bat, eta ez dira kanpotik etorriko defendatzera». Julian Iantziren hitzek ongi laburtzen dute Sagardoetxean hasi eta Petritegi sagardotegian bukatu zen ekitaldiaren xedea. Iantzik hitzaldi kaotiko samarra egin zuen, bere «urte biribila» eta Realaren hondamendia nahastuz —«jokalariek sagardo ugari beharko dute», esan zuen—, baina lortu zuen sagardoa maite duela helarazten.

Turismoari etekina atera

Haren alboan zeuden sagardogileek maite eta behar dute sagardoa, eta gero eta egitasmo gehiago jartzen ari dira martxan alorra beti abangoardian egon dadin. Udako itsasaldiak eta sagardoa lotuko dituen proiektu bat eta dolare baserrien ibilbide bat aintzat hartzen duen beste bat aipatu zituzten. Turismoa aprobetxatzea da kontua; turismoa sagardoaren mundura hurbildu nahi dute, «etorkizunaren zati bat» hor egon daitekeela sinetsita.

Baina krisi garaiak saihestu ezinak dira ia denontzat, eta, iaz bezala, aurten ere ekoizpenak behera egin du, 2008ko litro kopuruarekin alderatuz. Hamar milioi litroko ekoizpena izan zen iaz, eta aurten ere tankerakoa izango da, Jose Angel Goñi Sagardun partzuergoko ordezkariak esan zuenez. Eskariak behera egin dezakeela badakite sagardogileek, eta «zuhurtziarekin jokatzea» nahiago izan dutela gaineratu zuen. Sagardoa, nolanahi ere, kalitatezkoa atera da. «Aurreratua dago upeletan, azukreak janda», azaldu zuen. «Lehorra da, txinparta finekoa, tonikoa eta freskoa, sentsazio luzekoa ahoan». Udazkeneko eguzkiak usain gozoko sagarra ekarri du, eta zukua ere halakoa da: freskagarria.

Petritegin elkartutako mahaikideak —upela kideak esan beharko litzateke— ez ziren kexu. Alderantziz. Txotxetik edalontzia ahoratu eta «ongi baino hobeto» sartzen zela onartu zuten gehienek. Sagardogileek, erakundeetako ordezkariek, tartean Donostiako alkate Juan Karlos Eizagirre Astigarragako alkate Andoni Gartziarekin batera, eta prentsako kide anitzek, ETBko ordezkaritza zabalarekin, bete zuten upelen korridorea. Mahaiak ere lepo. Bertsolariak euren koplak bukatu eta berehala ilara luzeak sortu ziren denboraldiko lehenengo upeletik etengabe ateratzen zen zurrusta dastatzeko.

Julia Iantzi bere saltsan zegoen, lankideak inguruan zituela. Familia ere hurbil. Bera zen eguneko protagonista, sagardoaren baimenez, eta hamaika elkarrizketa txiki eman zituen, sagardoa «oso gustukoa» zuela eta haren «emaztearen familiak» sagardoaren munduan sartu zuela esateko. «Lesakan edaten genuen inoiz, baina emaztea Irungoa dut, eta haren familiak erakutsi dit sagardoa maitatzen».

Bihartik aurrera sagardoa eta txotxa eta haren inguruan sortzen den giroa maite dutenek —autobusetan kilometro ugari eginda Gipuzkoara heltzen direnek ere — aukera izango dute hainbat eta hainbat sagardotegitan zuku berria dastatzeko. Bihar zabalduko da Nafarroan ere denboraldia, Aldatzeko Martintxonean, eta ilbeltzaren 21ean Lapurdin, Azkaineko Txopinondon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.