Astigarragakoa da Olatz Arrieta kazetaria (1971), baina urte asko eman ditu sagardotegietatik urrun. Errusian egon zen bi urtez, AEBetan hamahiru egin zituen, eta, 2013az geroztik, Bruselan da berriemailea. Duela bi urte, EuroBasque 2017 saria eman zion Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak. Gertutik ezagutu izan du sagardoaren kultura, eta «urduri» bete zituen sagardo denboraldiari hasiera emateko eginbeharrak.
Batetik bestera pasatu zuen goiza, eskerrak ematen aurrena, oroigarria jasotzen ondoren, aitzurrean aritu zen lanean, baina edalontzia eskuan esandako «gure sagardo berria» hitzek iraungo diote gogoan.
Zer moduzkoa izan da sagardo berriaren lehenengo tragoa?
Goxoa! Esan dute alkohol gehiago daukala aurten, eta berehala nabaritu dut txinparta bizigarria. Goxo-goxoa! Eskua pixka bat busti dut hartzean... Kanpoan bizi zarenean ez daukazu praktikarik sagardotegian, baina, tira. Pixka bat lurrera joan den arren, zoragarria izan da.
Astigarraga bertakoa izanda, nola bizi duzu sagardoaren kultura?
Ni baserrikoa naiz, eta nire aitaren baserrian sagardoa egiten zen duela urte asko, beste hainbat baserritan bezala. Oraindik badauzkagu kupel batzuk etxean, nahiz eta sagardorik ez dugun egiten, baina beti hor egon da. Astigarragakoa izanda, Errioxako bati ardoa zer den galdetzea bezalakoa da. Oso gertu dugun zerbait da, gurasoak hemen bertan bizi dira, eta sagardotegiz inguratuta gaude. Txotx irekiera telebistan ikusten dut urtero, ez naiz sekula hemen egoten, eta lehenengo aldiz hemen egotea poz handia da.
Nola jaso zenuen txotx garaia irekitzeko proposamena?
Duela aste batzuk deitu zidaten, eta esan nuen: «Nik? Nik zer egingo dut hor? Iñurrategi egon zen lehengo urtean... Ni ez naiz inor!». Hasieran oso arraroa egin zitzaidan, eta baiezkoa ez nien berehala eman, sekulako ardura delako. Baina pentsatu nuen horrelako zerbait behin bakarrik eskainiko didatela, eta aurrera.
Kanpoan ibiltzen zarenean, baduzu sagardoa dastatzeko ohiturarik?
Probatu izan dut; beti galdetzen dut ea sagardoa badagoen. Botila bat ikusten dudan bakoitzean begiratzen dut ea Astigarragakoa den, eta hala izaten da askotan. Beste herrialde batean bizi naizenean, gustatzen zait bertakoa dena probatzea, eta probatu ditut Normandiakoa, Erresuma Batukoa... Herrialde bakoitzak dauka berea: nola edaten duten, zaporea... Bruselan ez dago hemengo sagardorik: galdetu nuen, baina Asturiaskoek badute taberna bat, eta hango sagardoa ateratzen dute kupeletik. Joan izan naiz nola egiten duten ikustera. Belgikan, garagardoa da garrantzitsuena.
Olatz Arrieta. Kazetaria
«Sagardo botila bat ikustean beti begiratzen dut Astigarragakoa ote den»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu