Sagardotegi txiki gehienak, bi ekimenetatik at

Ekoizpen txikiko sagardogile askok bere bidea jorratzea erabaki dute, bi zigiluen bilakaera ikusi zain

Adrian Garcia.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Sagardotegi gehienak, kopuru aldetik behintzat, bi ekimenetik kanpo geratu dira. Ez dute, beraz, inongo kalitatezko zigilupean merkaturatuko euren botilako sagardoa. Kopuruan gehiengoa badira ere, ekoizpen gutxiko sagardotegiak dira bi ekimenetik at geratu direnak. Askok ez dute garbi ikusten kalitatezko zigiluen inguruan sortu den iskanbila, eta gauzak bere horretan uztea erabaki dute. Hurrengo urteetan zigiluek izango duten bilakaera erabakigarria izango da etorkizun hurbilean bi ekimenetatik at geratu diren sagardotegiak zigilu baten edo bestearen aldeko hautua egin dezaten.

Hernaniko (Gipuzkoa) Rufino sagardotegikoa da Javier Ansorena. Kalitatezko sagardoa merkaturatzeko ez dela zigilurik behar uste du Ansorenak. «Orain arte zigiluz kanpo sagardo onak edaten ziren, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarraituko du. Zigiluak sagardoa parametro jakin batzuen barruan dagoela ziurtatzen du, baina gure sagardoa ere laborategietara analizatzera eramaten dugu zigiluz kanpo. Fundamenturik ez diot ikusten zigiluen asuntoari. Guri behintzat ez digu inongo abantailarik ekarriko», azaldu du Ansorenak.

Sagardogintza onuradun

Martin Zabala Adunako (Gipuzkoa) Zabala sagardotegikoa da. Uzta oparoa denean, %100 Gipuzkoako sagarrekin egiten dute sagardoa. Kopuru handi bat etxean landatutako sagarrekin gainera. Zabala sagardotegia ez da sartu zigiluen ekimenean, ez publikoa ez eta pribatuan ere, baina ekoizten duen sagardoaren kalitatea ukaezina da. Hala erakusten dute, bederen, azken urteetan irabazitako sagardo onenaren txapela ugariek. «Beste gai batzuekin lanpetuta gabiltza, eta aurrena kontu hau guztia nora joango den ikusi nahi dugu», azaldu du Martin Zabalak. Sagardogilearen irudiko, zigiluarekin merkaturatzeak ez du derrigorrean esan nahiko kalitatea hobea izango denik, baina sektoreari ongi etorriko zaiolakoan dago. Bestalde, sektorearen zatiketak minik egingo ez duela uste du Zabalak. «Zatiketa ez da, aukera desberdintasuna baizik. Mota askotako sagardoa egoteak aberastasuna ekarriko dio sektoreari. Denek sagardo berdina egingo bagenu, ez luke gatzik izango. Garrantzitsuena aukerak izatea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.