Euskal Herriko zenbait eremutan udazkena aurreratuago datorrela uste du Leire Ibarretxe Biolurreko teknikariak; «baina denetarik entzuten da», dio.
Uztaileko euri kopuru handiak eta eguraldi freskoak ez dira eragingabeak izan azkenean.
Ez, espero zitekeen. Hala ere, bakarrik zenbait eremutan ari da zertxobait aurreratzen urtaroa; beste leku batzuetan beti bezala doa. Sagarra da batez ere aurreratu dena; fruta, oro har.
Udako eguraldi aldrebesaren eragina ez da hain handia orduan?
Ez dut uste. Udazkeneko barazkiak uda osoan ereiten direla kontuan hartu behar da. Berandu jarri diren tomateak igual berandu datoz, abuztuan oso euri gutxi egin baitu, eta, gainera, eguzki ordu gutxiago dago. Beraz, zenbait produktu aurreratuak datoz, baina beste zenbait ez.
Klimaren gorabeherek asko eragiten dute, hortaz, berotegiak izan edo ez?
Zalantzarik gabe. Negurako ereiten dira produktu asko uztail inguru horretan. Lehortea badator, kalte izugarria eragiten du horrek.
Ze elikagai berri izango dituzte baserritarrek euren postuetan luze gabe?
Berotegiei esker, orain artekoak alde batetik: tomatea, uraza, baratzeko produktu gehienak alegia; hor izango dira azarora arte behintzat. Gero segituan hasiko dira brokolia, azalorea eta horrelakoak. Horrez gain, babak jasotzen dira udazkenean, eta frutan da oparoa urte sasoi hori: sagarra, kiwia, intxaurra, urra, gaztaina...
Leire Ibarretxe. Biolurreko teknikaria
«Sagarra da batez ere aurreratu dena; fruta, oro har»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu