Badira lanak ospakizunetik zerbait badutenak. Lana izan arren, lanaz beste ere badirenak. Bi alde horiek batuko dituzte larunbatean Arizkunen (Nafarroa) Kirikoketa Besta izenekoan. Sagarra jotzeko erabiltzen zen lan tresna da kirikoketa, baina musika tresna gisa ere erabiltzen zuten garai bateko sagardogileek. Lanerako eta festarako, alegia. Ohitura hori berritzea da Jo ala Jo Kultur Taldearen asmoa, eta horretarako antolatzen dute egun beteko festa eguna: sagardoa garai bateko erara egin, eta festa egun ederra pasatzeko.
Gamioxarreako dolaretxean arituko da jendea larunbatean sagardoa egiten, 11:00etan hasita. XVIII. mendetik hasita erabiltzen zen etxe hori sagardoa egiteko, eta 2005ean zaharberritu zuten auzolanean Jo ala Jo kultur taldekoek. Euskal Herrian dagoen gisa honetako dolaretxe bakanetarikoa da egun. Sagardoa egiteko prozesuaz osorik gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek: sagarra jo, estutu, zukua dastatu eta upeleratu. Antzinako erara egindako sagardo berria, finean.
Lanak iraun bitartean Nafarroako sagardoak dastatu eta taloak eta gaztainak jateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Musikak ere lagunduko ditu oturuntzan. Albokariak, gaitariak, xulubitariak eta Independantz dantza taldeko kideak izango dira kalean. Lanak bukatzean, kirikoketa jotzea egingo dute.
Bazkari, dantza eta musika
Herri bazkaria izango da ondoren, 14:30ean. Badago txartelak aurrez erosteko aukerarik, Elizondoko Intza ostatuan Erratzuko Zubipunta ostatuan, baina egunean bertan ere erosi ahal izango dira txartelak dolaretxean. Bazkalondoan, 17:30ean, txalaparta, kanta eta dantza emanaldi ibiltaria izango da herriko kaleetan, jan eta edandakoa mugitzeko. Kalakan, Independantz eta Hutsun taldeak arduratuko dira horretaz.
Arratsalde pasaren ondoren kontzertuak izango dira. 23:00etan hasiko dira. Baztango Ufestuek taldeak Faxismoaren Harra izeneko disko berria aurkeztuko du bertan, eta Piarres taldea ere arituko da. Hirugarren talde bat ere igoko da oholtzara, baina antolatzaileek ez dute haren izenik eman nahi izan. Ohikoa bihurtu denez, azken unean argituko dute ezusteko hori.
KIRIKOKETA BESTA
Non. Arizkunen (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean.
Zer. Sagar jotzea goizez, eta bazkaria eta musika ondoren.
Asteburuko proposamenak
Sagarraren zukua eta hotsa
Arizkun. Garai bateko modura egingo dute sagardoa larunbatean Arizkunen ospatuko den Kirikoketa Bestan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu