Arabako Salburua parkea saguzarrentzat toki paregabea da. Hezea da, eta intsektu asko bizi dira hango putzu eta erreketan. Intsektu horiek dira saguzarren janaria, eta gauero ehizara ateratzen dira Salburuako iluntasunean. Arazo bat daukate, ordea, saguzarrek inguru horietan: ez dute babesleku aproposik egunez lo egiteko eta ugaltzeko. Salburuako saguzarren kolonia indartu eta parkeko bioaniztasuna zaintzeko, 95 kaxa jarri zituzten parkean 2009. urtean, ugaztun hegalariek babesleku gisa erabil zitzaten.
Lehenengo urtea ez zen oso emankorra izan. Saguzarrek oso kaxa gutxi erabili zituzten, inguru horietan babeslekurik ez zegoela uste baitzuten. Juan Tomas Alcalde biologoa babesleku artifizial horiek berrikusi eta aztertzeaz arduratu da. Haren esanetan, nahiko «etsigarria» izan zen urte hura, soilik sei kaxatan aurkitu baitzituzten saguzarren zantzuak. Orotara, hiru saguzar topatu zituzten. «Urteak eman ditzakete babeslekuak non dauden konturatu arte», dio. Saguzarrek ingurua eskaneatua dute, eta badakite orain gutxi arte ez zegoela babeslekurik.
Bigarren urtean, aldiz, kaxa gehiagotan aurkitu zituzten ugaztun horien arrastoak. Guztira, berrogei babeslekutan baino gehiagotan. Parkeko saguzarren errolda bat egitea lortu dute kaxetan babestu direnak zenbatuta.
Joan den urteko irailean egindako berrikusketan 27 saguzar aukitu zituzten. Urrian, berriz, 26. «Litekeena da lehenengo azterketan ikusitako gehienak bigarrenean antzemandakoak izatea, ez baikenien inongo markarik ezarri». 30 bat banako daudela pentsatzen dute momentuan, baina hurrengo urteko azterketan are gehiago topatzea espero dute. «Oraindik babeslekuak bilatzen ari dira», azaldu du Alcaldek. Horrelako proiektuetan normala izan ohi da hasieran babesleku artifizialek erabilpen urria izatea, eta denboraren poderioz handitzea, muga batera iritsi arte. «Orduan faktore mugatzailea izateari uzten diote babeslekuek, eta elikaduraren arabera izaten da okupazioa. 50 saguzarrentzako janaria badago, 50ak geratzen dira».
Baikor agertu da Alcalde iaz zenbatutako animalia kopuruarekin. Hemendik urte batzuetara emaitza onak izango direla erakusten du.
Kuhl pipistreloa espezieko hiru saguzar, pipistrellus pygmaeus espezieko 24 saguzar eta gau saguzar txiki edo nyctalus leisleri bat aurkitu zuten. 2009an, berriz, myotis daubentonii edo erriberako saguzarra aurkitu zuten. Salburuako parkean gutxienez hiruzpalau espezie bizi direla egiaztatu dute.
Kaxetako saguzarrak eskuz hartu dituzte, sexua zein den jakiteko. Udazkenean aurkitutako saguzarrek haren-ak —ugalketarako babeslekuak— osatzen zituzten kaxetan. Bakarra topatzen zutenean, arra zen, eta lauzpabost aurkitzen zituztenean, berriz, ar bat eta hiru edo lau eme ziren. Aurkitu dituzten saguzar ar eta emeen proportzioak antzekoak dira.
Topatutako saguzar batzuei lepokoak ezarri dizkiete, migrazio mugimenduak ezagutzeko asmoz. Zenbaki bat du lepokoak, eta animalia non eta zeinek aurkitu duen jakin daiteke zenbaki horren bitartez. Horrela, saguzarrak egiten duen ibilbideari jarrai diezaiokete zientzialariek.
Gau saguzar txikia animalia migratzailea da, «oso bitxia». Zuhaitzetako huts-barneetan bizi ohi da, baina kaxetan sartzen da, zuhaitzetan babeslekurik aurkitzen ez duelako. Euskal Herrian topa daitezkeen saguzar mota horiek arrak eta sedentarioak dira. Emeak, aldiz, Europa erdialdetik etortzen dira Euskal Herrira, abuztu bukaeran, eta martxo erdialdera arte egoten dira. «Euskal Herrian bikotekatu egiten dira hemengo saguzarrekin, eta lozorro egin ondoren, emeek Europa iparraldera egiten dute hegan». Alemania eta Belgikan aurkitu dituzte Euskal Herrian lepokoa ezarritako hainbat saguzar. 1.600 kilometroko distantziak betetzen dituzte gauez.
Kaxa bereziak dira parkean ezarritakoak, saguzarrentzat bereziki diseinatuak. Hegaztiek erabil ez ditzaten prestatu dituzte, sarrerako zuloa txikituz. Hala ere, bi urtetan eginiko azterketan bistiari arrotzak izan dituzte kaxok. Zenbait hegaztik habiak ipintzea lortu zuten, eta liztor habia bat ere topatu zuten ikertzaileak.
Punta-puntako teknologia
Saguzar ia guztiek sonar baten antzekoa dute. Oso soinu zorrotzak igortzen dituzte, gizakiak entzun ez ditzakeenak. Soinu horien ohiartzuna jasotzeko gai dira, eta oihartzun horri esker inguruaren berri jakin dezakete. Ikusmena bigarren mailako elementua dute. Horregatik dira gauez hegan egiteko gai.
Kaxak aztertu ez ezik, ultrahotsak neurtzeko aparatu bat erabiltzen dute saguzarren joan-etorriak aztertzeko. Gauetan alderdi bakoitzean dauden espezieen berri jakin dezakete horrela. Gehien erabiltzen den teknika da. Frekuentziak aztertu, eta batzuetan zein espezietakoa den ere jakin dezakete. Abantaila asko eskaintzen ditu teknika horrek. Ultrahotsen detektagailua erabiliz, ikerlariek ez dute zertan saguzarrei eragozpenik sortu.
Ezarian. Zientzia
Saguzarra, babesleku bila
Arabako Salburua parkean saguzarren kolonia garrantzitsu bat bizi da. Baldintza onak ditu parkeak animalion bizileku izateko, baina babesleku natural gutxi daude han. 95 kaxa ipini ditu Ingurumeneko Ikerkeketa Zentroak, ugaztunok babesleku gisa erabil ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu