Miren Gonzalez. Margolaria

«Saharan bizitakoa nola adierazi jakin ezinik ibili nintzen sei hilabetean»

'S.O.S Sahara' erakusketa zabalduko du gaur Gonzalezek Urretxun. Marokok okupaturiko herrialdean eginiko bidaia margolan abstraktu bihurtu du tolosarrak, eta eguzkipeko iluntasuna argitara atera du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Miren Gonzalez Goikoetxea margolariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) Mendebaldeko Saharan izaniko bizipenak margolan abstraktu bihurtu ditu, eta S.O.S. Sahara erakusketa zabalduko du gaur, 19:00etan, Juan Lizarazu erakusketa aretoan, Urretxun (Gipuzkoa). 30 koadro pasatxo dira, tartean handiak, eta uztailaren 3a arte egongo dira ikusgai.

Garrantzitsua al da bidaiatzea margolari batentzat?

Urtero bidaia bat egiten dut kanpora; han informazioa jaso, eta gero estudioan garatzen dut. Adibidez, badut India deituriko egitasmoa. Sei hilabete pasatu nituen Indian. Herrialdeak eskaintzen didana hartu eta garatu egiten dut. Noski, orokorrean abstrakzioa, baina egitasmo horiek guztiak ezberdinak dira, India, Argentina, Brasil edo Thailandia oso ezberdinak direlako. Argentinatik, esaterako, han mendian nenbilela ikusitako suge bat, harriak edo han hartzen nituenak marrazten nituen hortik gero margolanak egiteko. Indian, berriz, jainkoen irudiak hartu nituen, eta horiek garatu.

Eta okupazioan bizi den Mendebaldeko Saharak zelako formak eskaini dizkizu?

Inoiz ez dut halako egitasmorik gauzatu. Euskal Fondoak gonbidatu gintuen iaz Joseba Apaolaza aktorea eta biok hara joateko eta gero ikusitakoa kontatzeko. Bost eguneko bidaia izan zen, baina oso luzea izan zen, tentsio handikoa izan baitzen. Egoera gogor hori margolanetan agertzen saiatu naiz.

Presoen aldeko legez kanpoko ekitaldi batean izan zinen, Marokoko Poliziak jazartuta.

Gu heldu baino lehen hiru preso askatu zituzten Aaiunen. Misio moduko bat eman ziguten: presook laguntzea Aaiundik Dakhlara. Omenaldia egin nahi zieten presooi Dakhlan, jaioterrian. Gu han egonda Marokoren errepresioa txikiagoa izango zela uste zuten, eta hala izan zen. Kontrol miaketa eta galdeketa surrealistak pairatu genituen bidean. Kartzela erraldoi batean bizi dira sahararrak. Omenaldia egin zen, azkenean, teilatu lau batean, eta gu han geundelako ez zituzten sakabanatu. Behean, kalean zirenak bai, kolpeka.

Mendebaldeko Sahara esan eta eguzkia zein argia datozkigu burura. Zure margolanak, berriz, izugarri ilunak dira. Okupazioaren metafora egin nahi izan duzu?

Sei hilabetean ibili nintzen zer egin jakin gabe, blokatze batean. Nola adierazi bizitakoa abstrakzioaren bidez? Eta, aldi berean, zer edo zer egin nahi nuen haien alde. Kolore alaiekin margotzen nuen, baina hori ezin zen emaitza izan. Bi fasetan eginiko koadroak dira: kolore alaiekin margotu nituen koadroak hasieran, eta beltzez estaltzen nituen gero. Margo beltza lehortu baino lehen, azpiko irudia erreskatatzen nuen hainbat lekutan. Koloreak iluntasun batetik aterako balira bezala ikusten dira. Arazo beltza da, eta gorrien —marokoarren— zein horien —sahararren— arteko gatazka agertzen da koadroetan.

Ez da oso ohikoa abstrakzioa erabiltzea errealitate politiko baten inguruan hitz egiteko, ezta?

Ez da ohikoa, ez. Kontzeptuak nituen buruan: mugak, ibilbideak, inbasioa, gatazka, harriak... Gero prozesuan ez dizkiozu abstrakzioari hainbeste hitzak jartzen, baina prozesuaren amaieran hasten dira ateratzen. Horregatik, kontzeptu orokorrak era askean erabili behar ditugu, artistok askotan ez dakigu oso zehazki zergatik egiten ditugun gauzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.