Ramon Lobo. Kazetaria

«Saiatu naiz neure burua berrasmatzen»

Nazioarteko gatazken jarraipenari buruzko hausnarketa kritikoak egin dituzte Mikel Aiestaranenek eta Lobok '5W' aldizkariaren 'Guerras de ayer y de hoy' liburuan. Aste honetan aurkeztu dute lana bi kazetariek.

JUAN CARLOS TOMASI.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko dozenaka gatazkaren berri eman du Ramon Lobok (Lagunillas, Venezuela, 1955). Egun, El Periódico egunkarian, Infolibre eta Eldiario.es atarietan eta SER irratian kolaboratzen du.

5W aldizkariak proposatuta,Guerras de ayer y de hoy idatzi duzu Mikel Aiestaranekin batera. Bi belaunaldiren erakusle zarete. Nola bideratu duzue lana?

5W aldizkariak nazioarteko kazetaritza landu nahi du, arnasa luzeko kazetaritza. Haren eskaintzen artean, liburuak argitaratzeko asmoa dago, eta gurea da lehendabizikoa. Elkarrizketa batean murgildu gara Aiestaran eta biok, kazetaritzaren oinarrizko galderei erantzunez, batez ere gu lanean egon garen herrialdeetako egora aztertzeko.

Aiestaran ezagutzen zenuen aurretik, ezta?

Bai, hainbat tokitan topatu dut: Afganistanen, Iraken... Kazetari gazteei esaten diet haientzat erreferente errealagoa dela Mikel, ni izan naitekeena baino. Nik hogei urtez El País-en egin nuen lan, eta gatazka tokietara bidaltzen ninduten. Egun, ez da halakorik gertatzen.

Freelance kazetariak gaur egun ere ez daude egoera errazean. Zer gomendatuko zenuke?

Gaur egun, ia denok gara freelance. Norbere senari jarraitzea da onena. Kazetaritza egin nahi baduzu, egin ezazu. Kontua da Mosulera bazoaz diru asko gasta dezakezula, eta han agentzia handi guztiak daude. Inor joaten ez den tokira joatea da beste aukera bat. Pazientzia izan behar da, eta gauza ezberdinak bilatu. Gauza bat baino gehiago egiten jakin behar da. Associated Press agentziak, adibidez, ez du inor kontratatzen bi gauza egiten ez badakizki: argazkia eta bideoa edo bideoa eta idatzi...

Gatazkak beste modu batean jarraitzen dira orain, ezta?

Bai, laburragoak dira, arrazoi ekonomikoengatik. Freelance bazara, hainbat hedabiderentzat egin behar dituzu lanak. Baina hilabetez toki batean galtzea kimera bat da, ez baduzu liburu bat idazten edo. Bestetik, Internetek intimitatea galtzea ekarri du. Edozein tokitan lokalizatzen zaituzte.

Hedabide handiek nola lantzen dute nazioarteko informazioa?

Espainiatik kanpoko hedabide handiek tonua mantentzen dute. Adibidez, AEBetako hauteskunde gauean, The Guardian-ek zuzeneko zoragarria egin zuen; ehun langile aritu ziren zuzeneko hori egiten: kazetariak, infografistak, argazkilariak, dokumentazioko langileak... Kalitatea lortzen da jende asko jarrita zerbait egiten eta zuzendaritza inteligente batekin, edo, bestela, lan bati denbora asko eskainita. Espainian, ordea, erredakzio guztiak prekarizatu egin dira. Eta atzerrian lan egiten duten erreportariak askoz ere egoera kaskarragoan ari dira.

2012an El País-etik kanpo gelditu zinen, erregulazio txostenaren eraginez. Nola bizi izan zenuen?

Banekien zerrendan egongo nintzela; ez nizkion bost minutu ere eman dramatismoari. Saiatu naiz neure burua berrasmatzen. Komunikazio mundua oso bizkor doa, eta, bost minutuz kanpoan bazaude, analfabeto bat bilakatzen zara. Egun, hainbat hedabidetan kolaboratzen dut, eta, ordenagailua gainean badaramat, edozein tokitan egin dezaket lan.

Askeago sentitzen zara orain idazterakoan?

Ez, lehengo bera. Beti idatzi izan dut askatasunez. Nahiz eta ez dudan pentsatzen dudan guztia une oro esaten.

Zer iritzi duzu Espainiako hedabideek Venezuelako egoeraz egiten duten tratamenduaz?

Espainiako hedabideen jarraipena txarra da, egiten dituzten ia guztiak bezala. Venezuelako kasuan, oso nahastuta dago politika nazionalarekin, eta ez dago saiakerarik herritarrek uler dezaten zer gertatzen den han. Ezin da esan Venezuelan dena zoragarria denik, eta erru guztia gobernuarena dela esatea ere hanka-sartzea da. Errealitatea konplexua da. Iritsi den egoerara zergatik iritsi den aztertu behar da. Oposizioa nondik datorren ere ikusi behar da,40 urtez Venezuela lapurtzen aritu baitziren. Horregatik iritsi zen Chavez. Faktore asko hartu behar dira kontuan Venezuela ulertzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.