Ezarian. Zientzia

Sakonera handienean bizi den lurreko animalia aurkitu dute

Georgian aurkitu du zientzialari talde batek, eta Nafarroako Unibertsitateko bi zoologo daude taldean

xabier martin
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ez dute begirik, ezta pigmentaziorik ere, baina gai dira bizirik irauteko Lur planetako ingurune gogorrenetako batean: bat eta lau milimetro arteko neurria du soilik sakonera handienean aurkitutako artropodoak. Argirik gabe eta ia elikagairik gabe bizi dira, Krubera-Voronyako haitzuloaren sakoneran, ia 2.000 metrora, Georgian. Nazioarteko ikerlari talde batek aurkitu ditu han; Terrestrial Arthopod Reviews aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri, eta zientzialarien artean Nafarroako Unibertsitateko bi zoologo daude: Enrique Baquero eta Rafael Jordana.

Plutomurus ortobalaganensisizena jarri diote artropodo espezie berri horri. 1.980 metrora aurkitu dute. Gizakia 2.140 metroko sakonerara iritsi da, haitzulo horretan bertan, baina hortik behera inor ez da izan sekula. Beraz, Plutomurus ortobalaganensis da sakonera handienean bizi den lurreko animalia. Itsasoko izakiak alde batera utzi behar dira sailkapen horretan, itsasoan sakonera handiagoetan aurkitu izan baitituzte hainbat.

«Bizitza ingurune harrigarrietara iristen da, baina zaila da hori frogatzen duten laginak aurkitzea eta harrapatzea», dio Enrique Baquero zoologoak. Halako muturreko baldintzetan oso banako gutxi bizi direla dio, eta horietako bat harrapatzea oso zaila dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.