Salaberriaren artelanen bilduma bat Donostian

Jose Mari Salaberria artistaren azken urteetako obrek osatzen dute Okendo kultur etxeko erakusketa

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Marrazkiek, pinturek eta eskultura mugikorrek osatzen dute Jose Mari Salaberria artistaren azken erakusketa. Azken urteetan egindako lanak bildu ditu:67 obra guztira. Donostiako Okendo kultur etxean ikus daitezke, martxoaren 17ra bitartean.

Bi zatitan banatuta dago erakusketa. Batetik, 2000. urtea baino lehen asmatutako lanak daude, aurretik beste areto batzuetan jarritakoak. Eta, bestetik, obra berriak.

Formatu txiki eta ertaineko marrazkiez gain, taula gaineko margolan akrilikoak daude. Askotariko teknikak erabili ditu horiek marrazteko orduan. Tinta, akuarela eta ikatza, esaterako. Egileak adierazi duenez, margolanak abstraktu samarrak dira.

Eskulturak mugikorrak dira. Zehaztasun izugarriarekin eginak daude, xehetasun txikiena ere zainduta. Ordu asko pasatu dituela eta oso prozesu geldoa eta nekeza izan dela dio artistak. Era guztietako materialetara jo du berriz ere; egurra, torlojuak, zeramika, material industrialak, birziklatuak... Oinarri baten gainean muntatu ditu piezak, eta motor txiki batzuen bitartez, mugitu egiten dira. Tarteka, ordea, atseden uneak izaten dituzte. Gai ugarik esku hartu dute bidean, sormen prozesu batean ohikoa den gisan. Espazioak, denborak, etorkizunak eta orainaldiak, hutsak edota infinituak.

«Labirintoen antza dute guztiek. Irteera bilatzen hasten zara, baina kosta egiten da, eta ez da aurkitzen. Ez du bestelako esangurarik, egia esanda», azaldu du Salaberriak.

Tangertik Donostiara

Obren artean bat du kutuna artistak, erakusketako gelako hormaren erdian dagoena. «Niretzat esanahi berezia dauka lan horrek. Ama gaixo egon zen garai batean egin nuen; nire ondoan egoten zen aulki gurpildunean, margotzen ari nintzela, eta horregatik dut bereziki gustuko».

Erakusketa hori Zarauzko (Gipuzkoa) Sanz Enea kultur etxean egon da udan. Okendo kultur etxeko barnealdea ezberdina izanagatik, espazioak ez ditu eraldatu artelanak, eta gustura azaldu da lortutako efektuarekin. «Angeluzuzena da espazio hau, Zarauzkoaren aldean. Argia gustatzen zait bereziki. Ederki geratu da nire ustetan».

Salaberria autodidakta da. Tangerren jaio zen, Marokon, eta gaur egun Donostian, Loiolako Erriberan, bizi da. Martxoaren 17ra bitartean egongo da erakusketa Donostiako Okendo kultur etxean. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Larunbatetan 20:00etan itxiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.