San Blas eguna da gaur, eta, tradizioak dioen legez, San Blas opilak izango dira eguneko izarrak.Batez ere Abadiño (Bizkaia), Eibar eta Elgoibar (Gipuzkoa) inguruan ospatzen da festa. Euskal Herriko beste hainbat tokitaraino ere iristen dira gozoki horiek.
Asko dira Bizkaiko eta Gipuzkoako mugaren inguru horretan anis zaporeko opilak etxean egiteko ohitura jarraitzen dutenak. Hala ere, gozogileak lanez lepo ibili dira egunotan, eta erakusleihoak forma eta tamaina anitzeko opil zuriz daude gainezka.
Tradizioa bete-betean jarraitzen dutenak ere badira, eta, opilak dastatu aurretik, mezatara eramaten dituzte, bedeinka ditzaten.
San Blas azoka Abadiñon
Abadiñon, azoka egin ohi dute San Blas egunarekin batera. Baserritarrek landatutako barazkiak eta fruituak erosteko aukera paregabea izan ohi dira horrelako azokak. Horrez gain, etxean eginiko produktuez jositako postuak egongo dituzte. Gazta, ogia, eztia, gozokiak eta txakolina dastatu eta erosi ahal izango dira, besteak beste. Abelburu erakusketa eta umeentzako tailerrak ere izango dira.
Bigarren urtez jarraian argazki lehiaketa antolatu dute. Aurtengo sanblasak dira lehiaketako gai nagusia. Otsailaren 11 arteko epea izango dute parte-hartzaileek festaren inguruko argazki orijinalak eta saritu gabekoak Errota kultur etxean aurkezteko.
Herriko txistulariek kalejiran alaituko dute azokako giroa. Eguerdian Ferialeku plazan bertsolarien jarduna entzun ahalko da. Jarraian, herri kirolarien lehia ikusi ahal izango da.
16:30ean, Lotxo taldearen erromeriak festarako giroa jarriko du ferialeku plazan, eta 17:00etan hasiko dira idi probak. Iganderaino luzatuko dira San Blas jaiak.
ProzesioaIruñean
Iruñean ere ospatuko dute San Blas eguna. 10:00etan, santuaren omenezko prozesioa hasiko da. San Nikolas elizako fatxada zaharberritua bedeinkatuko dute. 1982. urtean ekin zieten elizako zaharberritze lanei. Barrualdea txukundu ondoren erdi aroko fatxadetako harriak garbitzen hasi ziren, eta iazko urrian bukatu zituzten lanak.
Prozesioa bukatu ostean, meza nagusia egin, eta janaria bedeinkatuko dute. Ohitura den legez, San Nikolas eta San Migel kaleetan postuak jarriko dituzte. 09:00etatik21:00etara izango dira zabalik, eta San Blas egunean ohikoak diren gozokiak eta opilak erosi ahal izango dira.
Hainbat herritako jai nagusiak dira San Blas jaiak. Estaterako, Idiazabalen (Gipuzkoa) ospatzen dituzte. Egun berezia da gaurkoa, beraz, hango biztanleentzat.
10:00etako mezan bedeinkatuko dituzten opilak. 11:00etan, herriko txirrindulari proba izango da. Eguerdian hasiko dira Arretxe elkarteko kideak paella prestatzen herriko plazan. Bertaratzen direnek bazkaltzeko aukera izango dute bi euroren truke.
18:30ean trikipoteoa izango da, eta 21:30ean herri afaria prestatuko dute plazan.
San Blas eguna, azoka eta opilak
San Blas eguna jai eguna da hainbat herritan; ohiko mezez gain jai giroa gailenduko da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu