Azken egunotako denboraleari aurre eginez, bisitari ugari jasoko ditu gaur Abadiñok (Bizkaia). San Blas eguna izanik, urtero legez azoka egingo dute herrian, eta jai giroa nagusituko da kaleetan. Hara biltzen direnek egitarau oparoa izango dute zain, eta baserri mundura gerturatzeko modua izango dute. San Blas opil eta erroskilla gozoak ere ez dira faltako.
Goizean goizetik ekingo diote giroa berotzeari txistularien kalejirarekin. 10:30ean haurrentzako tailerrak antolatu dituzte, Txanporta kultur etxeko arkupean, eta meza nagusia 11:00etan izango da, San Trokaz elizan. Bertsolariek ere ez dute hutsik egingo. Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu bertsolariek eta Gogaikarri bertso eskolako kideek jarriko diote umore ukitua goizari bertsozale guztien gozamenerako. Ferialeku plazan kantatuko dute, 12:00etan.
Bazkaldu aurretik herri kirolak ikusteko aukera egongo da probalekuan, 12:30ean. Ikusmin handia espero da, Izeta aita-semeek marka jartzeko asmoa baitute harria jasotzen. Ez dute nolanahiko lana izango jomugan: 125 jasoaldi egiten saiatuko dira 125 kiloko errektangularrarekin.
Horretaz gain, askotariko jangaiak erosteko modua egongo da kaleetan jarriko dituzten saltokietan. Barazkiak, frutak, gazta, txakolina, ogia, patea, esnekiak eta eztia aurkituko dituzte, besteak beste, azokara gerturatzen direnek. Produkturik onenei saria emango diete herri kirol erakustaldiaren ondotik. Landareak eta artisauen lanak ere begiztatu ahal izango dira azokan, eta jangaiak ez ezik, baserri tresneriaren gunea egongo da. Ganadu erakusketak 250 abelburu baino gehiago bilduko ditu. Aurtengoa 20. aldia izango du.
Jan-edanarekin indarrak hartu eta gero, idi proben txanda izango da, 17:00etan. Birleko Iñaki Lopategi, Oiartzundik Aburuza eta Bakiotik Mikel San Pelaio ariko dira elkarren aurka. Ondoren, erromeria izango da Lotxo taldearen eskutik, Ferialeku plazan. Egunari amaiera emateko, idi probak antolatu dituzte berriz ere. 22:00etan izango dira.
Baina festa ez da inondik inora gaur amaituko; bihar izango du jarraipena San Blas txiki egunarekin. Helduekin zein etxeko txikienekin pentsatutako egitaraua antolatu dute, beste behin ere. Hala, eskola arteko krosa, emakume baserritar eta artisauen bazkaria eta Tor magoaren ikuskizuna egingo dituzte, besteak beste.
Azokaren inguruko liburua
Jaiaren aitzakian, Abadiñon San Blas azokaren jatorria eta bilakaera azaltzen dituen liburua kaleratu du Gerediaga elkarteak. Sanblasak begietan Lorea Madina kazetariak idatzi du, eta Txelu Angoitia izan da argazkilaria. Bi zati ditu liburuak. Lehendabizikoan, 1915. urtetik 2011ra bitarteko azokaren irudiak azaltzen dira, eta bigarrengoa Jon Irazabalek egindako azterketak osatzen du. 60ko hamarkadan azoka biziberritzeko hainbat erakundek, herritarrek eta Gerediaga elkarteak berak egindako lana agertzen da liburuan, zuzeneko lekukoak elkarrizketatuta. Abadiñoko zortzi idazlek festari buruz egindako gogoetak ere badute lekua lanean.
Mirariak ziruditen sendabideak egiten zituelako zen ezagun San Blas. Arrain hezur bat eztarrian trabatuta itotzen ari zen haur bat salbatu zuen. Hortik dator eztarriko gaixotasunak sendatzen dituen ustea. Aurten ere batek baino gehiagok jantziko du koloretako zinta lepoan, urteroko ohiturari jarraituz. Bederatzi egunen ondoren soka kendu eta sutan erreta, eztarriko minik gabeko urtea izaten omen da.
Abadiñoko azokaz gain, beste herri batzuetan ere izaten da jai giroa eta ongi pasatzeko aukera gaur. Eibarren, Soraluzen eta Elgoibarren ere, adibidez, San Blas eguna ospatzen dute.
San Blas opila jateko eguna
Azoka eguna izango da gaur Abadiñon; San Blas eguna ospatuko dute herrian urteroko gisan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu