Aurretik ere festa usaina eta giroa agerikoak ziren kaleetan, baina 19:30ean goia jo zuen ospakizunak Oiartzunen (Gipuzkoa). Estanis Lopez eta Ander Errandonea preso ohiek bota zuten xanistebanei ekiteko suziria udaletxeko balkoitik, plaza bete zuten lagunen gozamenerako.
Ekitaldi hunkigarria izan zen. Herriko hainbat elkarterentzat aurtengo urtea hunkigarria den hein berean: xanistebanetako krosak 15 urte beteko ditu, Artaso Elkarteak antolatzen duen Sokatira Txapelketa 25. aldiz egingo da du aurten eta Lartaun Txistulari Taldeak 50 urte bete berri ditu. Urteurren horiek kutsu berezia eman diote aurtengo xanistebanei.
Festek larunbata bitartean iraungo dute, eta jaietako egunetako bakoitzak badu bere berezitasuna. Gaurkoa da, hain zuzen, herriko festei izena ematen dien eguna.
Sokamuturra izango da San Eztebe eguneko lehen ekitaldia, 07:00etan. Ondoren, 09:00etan, goiz eresia izango dute Lartaun txistulari taldearekin. Meza nagusiaren ostean, Lartaun txistulari taldearen 50. urteurrena ospatzeko, herri kontzertua izango dute kontsejupean. Arratsaldean, herri krosa eta sokatira txapelketa izango dira ekitaldi miretsienak; eta gauean, 22:00etan, Rock jaialdia Ex-pañolak, Chase the Maythem, Mendeku itsua eta ezusteko talde batekin.
Biharkoa Baserritarren Eguna dute, eta aurten hainbat ekitaldi berri izango dira; haien artean, produktu ekologikoen azoka, Inaxio Ugarte sagardo lehiaketa eta antzinako jolasak.
Produktu ekologikoen azoka Arraztalo Kontsumo Taldeak antolatu du. Helburu nagusia herrira eta herritarrengana hurbiltzea da, hilabeteak lanean eman arren, jende askok ez baitu egiten den lanaren berri.
Inaxio Ugarte sagardo Lehiaketa Intxixu AEK Euskaltegiak antolatu du. Lehiaketa horretan, Oiartzungo baserri eta etxeetan egiten den sagardoa dastatu ahal izango da. Herriko plazan auzo guztietako sagardoa egotea da helburua.
Antzinako jolasei dagokienez, antolatzaileek adierazi dute antzinako jolasak baino betiko jolasak izango direla eta helburu bakarra hara azaldutakoek ondo pasatzea eta parte hartzea dela.
Horrez gain, etzi, Gazteen Eguna izango da. Gazteentzako prestatutako ekitaldiei dagokienez ere, hainbat berritasun daude. Lehen aldaketa eta gazteentzat nagusienetako dena, gazte gune indartsu bat sortu izana da. Lehen gazte giroa oso sakabanatuta egoten zen herrian zehar. Aurten, Landetxe plazan elkartuko dira gazte guztiak, txosna, gaztetxea eta agertokia han jarri baitituzte. Gainera, aurten ez dute txekor jaterik egingo, haiek hala erabakita paella jango baitute.
Ofizialtasunaren aldarria
Bestalde, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) antolatutako Mendi Martxako ibiltariak atzo iritsi ziren herrira, eta ongi etorri beroa jaso zuten. Oiartzungo xanistebanak baliatuko ditu ibilaldiak atseden eguna hartzeko eta, bide batez, antolatutako ekitaldietan parte hartzeko. ESAITek, herriko hainbat eragilerekin hitz egin zuen eta ekitaldietan ofizialtasunaren aldarria presente egongo da.
Jaiak. Oiartzungo xanistebanak
San Eztebe egunaren atarian lehertu da festa
Estanis Lopez eta Ander Errandonea preso ohiek bota dute jaietako suziria; gaur dute San Eztebe eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu