San Juan de la Peña, historia eta natura monumentu bihurturik

Gaur helduko da Urmuga Nafarroako historiaren gune garrantzitsu horretara. Iruñeko Erresumaren garaian Antso III.a Gartzeitzek sortua, bi monasterioz osatutako multzoa da orain. Gaur egun ere, euskal herritarrak dira bisitarietako asko.

San Juan de la Peñako monasterio zaharra, harkaitzezko estalpe naturalaren babesean. ARAGOIKO TURISMOA
San Juan de la Peñako monasterio zaharra, harkaitzezko estalpe naturalaren babesean. ARAGOIKO TURISMOA
ramon olasagasti
SAN JUAN DE LA PEÑA
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urmuga San Juan de la Peñara helduko da gaur (Aragoi, Espainia), Euskal Herriko historian barna egiten ari den bidean. Duela mila urte, mila, agertu zen lehen aldiz Gipuzkoa hitza, Ipuscua grafiaz idatzita, monasterio horretako eskuizkribu batean. Agiri horretan jasotakoaren arabera, Gartzia Azenariz jaunak eta Gayla de Iputza haren emazteak dohaintzan eman zioten Olazabalgo Salbatore monasterioa —gaur egungo Altzo herrian dago, Gipuzkoan— San Juan de la Peñako monasterioari, beste hainbat lurrekin batera. Izan ere, Iruñeko eta gero Nafarroako Erresumaren parte izan zen garai hartan San Juan de la Peña, eta, horren lekuko, hango errege panteoian lurperaturik daude Nafarroako hainbat errege, Aragoikoekin batera.

Mendeetako historiaren gordailu da San Juan de la Peña. Monasterioaren lehen erreferentziak X. mendekoak dira. Uste da, hasieran, eremiten bizileku izan zela inguru hura, eta gerora, San Joan Bataiatzaileari eskainitako monasterio gune bat sortu zela. Mende horren amaieran, ordea, galdu egin zen, eta  Iruñeko errege Antso III.a Gartzeitz arduratu zen monasterioa berregiteaz, 1025. urtearen inguruan, San Juan de la Peña izena jarrita. Iberiar penintsularen iparralde ia osoaren errege izan zen Antso III.a Gartzeitz garai hartan. 1035ean, hil zenean, Iruñea, Aragoi, Sobrarbe, Ribagorza, Gaskoinia, Gaztela, Leon eta Astorgako jauna zen, Leireko monasterioan gordetzen den agiri baten arabera. Hil zenean, lau semeen artean banatu zuen erresuma osoa, eta Aragoi Ramiroren esku utzi zuen. Hala, Ramiro I.a izan zen Aragoiko lehen erregea, eta haren hezurrak San Juan de la Peñan daude.

«Oso errotua duzue mendirako eta elurretarako zaletasuna, eta hona ere euskal herritar ugari etortzen dira bisitan, horietako asko behin baino gehiagotan, gainera»

DAVID MUÑOZ DE CUERVASan Juan de la Peñako ustiaketa arduraduna

Santa Cruz de las Seros herritik gora dago monasterio zaharra, arroka konglomeratuzko harresi gorriztaz osatutako estalpe natural batean. «Santa Cruz de las Seros herria bera ere ederra da, eta San Juan de la Peñako monumentu multzoaren barnean sartzen da. Erromanikoko bi harribitxi daude bertan: Santa Maria eliza eta San Caprasio ermita. Santa Cruz de las Seroseko etxeen arkitektura ere Pirinioetako estilokoa da, harlauzazko teilatuak eta tximinietako espantabruxas apaingarriak baitauzkate», azaldu du David Muñoz de Cuervak (Jaka, Espainia, 1969), San Juan de la Peñako ustiaketa arduradunak. Hain zuzen, Santa Cruz de las Serosetik gora igoko dira urmugalariak monasterio zaharrera, konglomeratuzko harresi ikusgarrien artean sigi-saga, eta handik, monasterio berrira joan.

San Juan de la Peñako monasterioa
Monasterio zaharreko klaustroa. ARAGOIKO TURISMOA

Izan ere, gaur egun bi monasterio daude San Juan de la Peñan. «Beneditarrak monasterio zaharrean bizi izan ziren mendez mende. Lekua ederra da, baina aldian behin konglomeratuko koskorrak jausten ziren goitik, eta monjeak arrisku betean egoten ziren sarri. Gainera, neguan hotz handia egiten du han, zeropeko tenperatura izaten da egun askotan, eta berotzeko sua egiten zuten monjeek. Hala, 1675ean, sute handi batek suntsitu egin zuen monasterioa, eta, orduan, beneditarrek erabaki zuten beste monasterio bat eraikitzea mendigunearen goiko ordokian, San Indalezioko zelaigunean», azaldu du Muñoz de Cuervak. Miguel Ximenez arkitektoak eraikin arranditsua diseinatu zuen, bi klaustrokoa, baina monasterio berriak ere ezagutu ditu historiaren atzaparkadak: Independentzia Gerran frantsesek suntsitu egin zuten, ondoren berreraiki egin zuten berriro, baina, Mendizabalen desamortizazioaren ondoren, beneditarrek behin betiko utzi zuten monasterioa 1835ean, eta, orduan, eraikina guztiz hondatuta geratu zen.

«Aurreko mendearen erditik aurrera, Aragoiko Gobernuak bere gain hartu zuen bi monasterioak zaharberritzeko lana, eta bisitarientzako zabaldu zituen. Monasterio berrian, gainera, interpretazio zentro ikusgarri bat egokitu zuen, jendeari erakusteko San Juan de la Peñak zer bilakaera izan duen hasieratik hona. Bisitariak mira eginda geratzen dira lekuarekin eta gordetzen duen historiarekin», Muñoz de Cuervaren esanetan. Urtero batez beste 100.000 lagun joaten dira San Juan de la Peñara.

San Juan de la Peñako monasterio berria
Monasterio berria, San Indalezioko goi ordokian. ARAGOIKO TURISMOA

Bi monasterioak ingurune natural hartako bihotza dira, eta mendigunea bera, San Juan de la Peñako eta Oroel mendiko gune babestua, birika. «Hegazti harrapari askorentzat habia leku dira hango harkaiztiak. Landaredia ere berezia da: batetik, baso eurosiberiarra dugu, izeiak, pagoak... Eta bestetik, baso mediterraneoa, eta hegoaldera, artea, erkametza, ezpela, elorria... hazten dira. Ingurune ez oso zabalean, bi baso mota oso desberdin ditugu, eta horrek berezia bihurtzen du ingurua fauna aldetik ere», nabarmendu du Muñoz de Cuervak.

San Juan de la Peña Nafarroako Erresumako kokagune nagusietako bat zen duela mila urte, eta gaur egun ere, beste era batean, Euskal Herriko hainbat mendizaleren erresuma da Jaka aldea, Aragoi ibaiaren sorburu hura. «Oso errotua duzue mendirako eta elurretarako zaletasuna, eta euskal herritar askok daukate etxea Jakan edo inguruko herrietan. Hori dela eta, hona ere euskal herritar ugari etortzen dira bisitan, horietako asko behin baino gehiagotan, gainera, batez ere mendirako edo elurretarako eguraldi egokirik ez dagoenean. Eta inguru hartako txirrindulari asko ere ibiltzen dira gora eta behera», azaldu du Muñoz de Cuervak. Gaur ere euskal herritar ugari bilduko da han, musikaren, naturaren eta historiaren bidexketatik iritsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.