San Prudentzio, festa gosez

Eguraldia lagun, San Prudentzio Arabako zaindariaren eguna ospatu dute milaka lagunek Armentiako zelaietanErroskillak, opilak, taloak, ardoa eta sagardoa erruz saldu dira egun osoan

Armentiako zelaietan jendetza bildu zen atzo, San Prudentzio eguna lagun eta familia giroan gozatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Tradizioak eta festa giroak bat egin zuten atzo, Gasteizen. Marka guztiak hautsi zituen San Prudentzio Arabako zaindariaren omenezko ospakizunak, milakalagunen parte hartzearekin. Santu pixontzia esaten diote Prudentziori, ia urtero euria ekartzen duelako apirilaren 28rako, baina, joan den urtean bezalaxe, atzo ere eguzkiaz eta tenperatura goxoazgozatu zuten arabarrek, aterkia eta zira etxean utzita.

Eguraldia lagun, jendetza bildu zen Armentiako zelaietan ohikoa den erromerian. Goizean goizetik etengabea izan zen jendearen joan-etorria Armentiako bidean, eta eguerdirako lepo zeuden basilikaren inguruak. Armentiako zelaietan ez ezik, Gasteizko hirigunera ere iritsi zen festa giroa. Bezperako erretreta doinuen eta gaueko parrandaren ondotik, Arabako Foru Aldundiko txistulari eta tronpeta jotzaileen goizeko emanaldia izan zen Probintzia plazan, eta eguerdian, Biznietos de Celedon neska eta blusa kuadrillaren danborradaren doinuek hiriko kale nagusiak girotu zituzten.

Armentian, berriz, ohiko elizkizunekin hasi zen eguna, baselizan. Tradizio handiko ospakizuna izaki, ohiturak zintzo bete ziren. Prozesioa egin zen aurrena, eta meza, ondoren. Herritarrekin batera, Arabako erakundeetako eta Eusko Jaurlaritzako agintariak izan ziren bertan. Xabier Agirre ahaldun nagusia, Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea, Juan Antonio Zarate Batzar Nagusietako presidentea eta Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua, besteak beste. Mikel Asurmendi Gasteizko apezpikuak egindako mezaren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu zutenIñigo Manuel eta Blanca Gascon dantzari arabarrek. Eta, aurreko urteetan bezala, ahaldun nagusiak ere aurreskuaren Agurra dantzatu zuen,1960ko hamarkadan Manuel de Aranegi diputatu nagusiak hasitako ohiturari jarraituta.

Aldarrikapenak eta festa

Aurreskua amaitu orduko, milaka lagun ziren Armentian, familia eta lagun artean egunaz gozatzeko prest. Festarekin batera, aldarrikapenerako tartea ere izan zen goizetik: izan ere, Armentiarako bidean Mendiak Aske plataformakoak izan ziren parke eolikoen aurkako informazioa zabaltzen, eta, handik metro eskasera, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek.

Jendetza pilatu ahala, jai giroa nagusituz joan zen Armentiako zelaietan. Arabako Dantzarien Biltzarraren ikuskizuna eta herri kirolen erakustaldia, esaterako, arrakastatsuak izan ziren oso.Ordurako ere, prest ziren perretxiko, barraskilo, erroskilla, opil eta edari saltokiak. Denera, berrehun inguru, iaz baino dezente gehiago. Laster batean usain eta zapore goxoek txoko guztiak bete zituzten: txorizo, talo, gazta, anisa, sagardoa, ardoa, erroskilla, euskal pastela... Jende emanari aurre egin ezinik ibili ziren zenbait salmenta postutan, eta gehienak poz-pozik ziren lortutako salmentekin. Urduñako (Bizkaia) Arantza Meaberen saltokian, esaterako, euskal pastelak ia agorturik zituzten bazkalordurako. Euskadiko euskal pastelaren txapelketaren iazko irabazleak aitortu zuenez, salmentak iaz baino «askoz hobeak» izaten ari ziren, nahiz eta inoiz baino saltoki gehiago egon. «Salmenta postu gehiegi dago, eta zailagoa da lehiatzea. Hala ere, ia dena salduta daukagu, eta pozik gaude».

Laster batean ilarak eginez joan ziren barraskilo, erroskilla, opil eta sagardo saltokietan. Zelaian eserita bazkaldu zuten gehienek. «Etxetik eskuoihala ekartzea erabaki dugu, eguzkipean bazkaltzeko, eta primeran gaude», zioen Enaitz eta Markelen amak. Alboan zegoen lagun taldea ere gustura zegoen, kalimotxoa eta garagardoa eskuetan. «Drindotsen kontzertua hasi arte egongo gara hemen, eta gero dantza egitera joango gara».

Kontzertuaren ondotik, haurren danborrada aritu zen Gasteizen, kalerik kale, azkeneko indarrak xahutzen. Baina oraindikfesta gosez jarraitzen duenak igandean izango du beste aukera bat, Estibalizko amaren egunak hartuko baitu lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.