Sanandresak, parte-hartze handiko jaiak

Herriko patroiaren eguna ospatuko dute etzi Eibarren. Dagoeneko festa usaina hartu dute kaleek

Barazki, fruta eta bestelako produktuak eskuratzeko modua izango da. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Miren Narbaiza.
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
San Andres eguna ospatuko dute Eibarren asteartean. Azoka eguna izaten da, egun garrantzitsua herrian, eta 86 erakusmahai jarriko dituzte jendearen arreta bereganatzeko. Azokako produktuak erosi eta dastatu bitartean, bertsolari, trikitilari eta dantzariek girotuko dituzte Eibarko kaleak.

Astearteko San Andres egunerako dena prest dute Eibarren. Jaietako irudia Iñaki Fernandez Iturmendi nafarrak egin du, eta Bilgune izena jarri dio. Festetako kartel lehiaketetan arrakasta handia izaten du Fernandezek, eta Euskal Herrian nahiz kanpoan antolatutako berrehundik gora sariketa irabazi ditu.

Azoka txukun prestatzeko, goizean goizetik hasiko dira baserritarrak lanean. Txantxa Zelain eta Untzaga plazan karpa estaliak jarriko dituzte, baserritarrek erakusmahaiak atondu ditzaten. Mahaiak produktuz beteko dira, eta azoka, baserritar jantziak soinean dituzten eibartarrez. Barazki, fruta eta bestelako produktuekin batera, ganadu erakusketa ere izango da. Eta goiza girotzeko prest denetariko ekitaldiak ere bai: Usartza txistulari bandaren kalejira, Narbaiza eta Gorrotxategi bertsolarien saioa, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Plazara Dantzara Kezka dantza taldearen erromeria... 13:00etan, berriz, San Andres Azoka pintxo txapelketaren eta kartel irabazlearen sari banaketa egingo da.

Bi mila euro saritan

Urteroko moduan, Txantxa Zelain eta Untzaga plazan denetariko produktuak jarriko dituzte salgai. Aurreko urteetan baino postu gehiago izango dira, 83 denera —aurreko urteetan 80 inguru jarri izan dituzte—. Gehienetan gazta salduko dute, 31 erakusmahaitan; hogei izango dira ogia saltzeko mahaiak; barazkiak hamaseitan jarriko dituzte, eta gainerakoetan, eztia, fruta, txakolina, loreak eta beste hainbat.

Azokaren harira, hainbat lehiaketa ere antolatu dituzte, bost alorretan banatuta. Produktuaren arabera, barazki, fruta, gazta, ogi eta eztirik onena sarituko dituzte. Produktu onenak 180 euro irabaziko ditu, eta bigarrenak, 120 euro. Aurkezpen onenaren beste bi sari ere banatuko dituzte, eta baserri onenari izendapena ere emango diote. Guztira,2.000 euro banatuko dituzte saritan.

Bakailao txapelketa

San Andres jaietako parte-hartze handiaren erakusgarri da aurtengo bakailao txapelketa. Izena zenbatek eman duten ikusita, lehenengoz mugatu dute sukaldari kopurua;50 bikotek eman ahal izan dute izena, eta 16 kanpoan geratu dira. Gaur goizeko 11:30ean ongietorria egingo zaie bakailao kofradiei, eta ondoren desfilea egingo dute Untzagako Erretiratuen Egoitzaraino. Han, ohorezko kofradiakideen zin egitea eta Goruntz abesbatzaren kantu saioa egongo dira. Bien bitartean, sukaldariak bakailaoa prestatuko dute.

Asteartekoa da egun handia, baina sanandresetako ekitaldiak aurreko astean abiatu ziren Eibarren, gastronomia ukituarekin abiatu ere. Igandean eskola arteko bakailao lehiaketa jokatu zen, eta asteazkenean Arrate kultur elkarteak antolatutako hitzaldi-dastatzea egin zuten. Makrobiotikak gaur egungo gastronomian duen garrantzia izan zuten hizpide. Bertsolaritzak ere izan du tartea egunotan, ...Etakitto! euskara elkarteak antolatutako San Andres Gazte Bertso Jaialdian. Atzo, berriz, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Txistorraren Eguna izan zen; kilometro bat luzeko txistorra banatu zuten. Horrez gain, kirol erakustaldiak, musikak eta jokoak bete zuten eguna.

Eta astearteraino itxaron nahi ez dutenentzat, bezperatik izango da festarako aukera. Biharko herri kirolak antolatu dituzte, eta, besteak beste, aizkolariak bikoteka arituko dira lehian. Gauean,bezperako ohitura denez, Gabon jaietako argiak piztuko dituzte. Urteroko erromeria Joselu Anaien eskutik joango da, Untzaga plazan. Egunari bezperatik ekingo diote askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.