Sanfermin jaien osagaiak izan dira protagonista aurtengo kartel lehiaketan

Iruñeko sanferminetako kartel lehiaketako finalistak aurkeztu dituzte, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Iruindarrek gaurtik maiatzaren 18ra arteko epea izango dute zeinek irabaztea nahi duten bozkatzeko. 490 proposamen bidali dituzte aurten.

Sanferminetako kartel lehiaketako finalistak. IRUÑEKO UDALA
Sanferminetako kartel lehiaketako finalistak. IRUÑEKO UDALA
ane insausti barandiaran
2025eko maiatzaren 7a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurkeztu dituzte aurtengo sanferminetarako kartel lehiaketarako finalistak: ohi bezala, aniztasuna izan da nagusi. Badago soiltasunaren alde egin eta kolore gorriko kartel bat ondu duenik, eta badago festaren zalaparta eta askotariko protagonistak elkartu dituenik ere. Gorria, zuria eta beltza gailendu dira, baina bada kartel koloretsuagoa egitera ausartu denik ere. Oro har, ordea, jaia irudikatzen duten osagaiek bat egin dute Iruñeko Kondestablearen jauregian elkarren ondoan aurkeztu dituzten afixetan. Afixak ikusgai izango dira bertan, eta maiatzaren 18ra arteko epea izango dute iruindarrek beren gustukoena aukeratzeko.

Epaimahaikideek 490 kartel proposamenen artean aukeratu behar izan dute, Garbiñe Gueno Iruñeko lehen alkateordeak jakinarazi duenez. Horien artean, 283 Nafarroatik jaso dituzte, eta 137 izan dira iruindarrek egindako proposamenak. Dena den, besteak beste Madrildik, Bartzelonatik, Valentziatik (Herrialde Katalanak), Frantziatik, Alemaniatik, AEBetatik eta Argentinatik ere parte hartu dute aurtengo kartelen lehiaketan. 

Herri bozketa martxan dago jada, eta Iñigo Gomez Kultura, Jai, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak xehatu du parte hartzea errazteko hiru bide prestatu dituztela aurten ere: presentzialki parte hartu nahi dutenek Civivox zentroetara jo dezakete, maiatzaren 17ko 13:30ak arte; telefonoz botoa emateko, 010 telefonora dei dezakete herritarrek, egun eta ordu berera arte; azkenik, online botoa emateko aukera maiatzaren 18ko gauerdira arte izango da, Pamplona.es edo Pamplonaescultura.es atarietan. 

Aurten ere, irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta, berrikuntza gisa, finalista izendatu dituztenei 500na euro emango dizkiete. Hori bai, sortzaileen anonimotasuna gordetzea ezinbestekoa dela gogoratu du Gomezek, bestela lehiatik kanpo utziko dituzte eta. Iaz bezala, aurten ere adimen artifizial sortzailea erabiltzea debekatuta zegoen, baina zinegotziak adierazi du ez dutela halako kartelik identifikatu jasotako 490 proposamenen artean.

Hauek dira epaimahaikideek emandako azalpenak: konposizioa, estiloa, diseinua eta tipografia izan dituzte aztergai finalistak aukeratzeko garaian.

1

'Distira'

'Distira'. Sanferminetako kartel lehiaketa. IRUÑEKO UDALA
'Distira'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Sanferminetako nortasunaren abstrakzio proposamen bat dela nabarmendu dute, zirraragarria, non nortasun hori gutxienera murrizten duen, kartel gorri batera, distira txiki batekin. Jaiaren irudi edo sinbolo izan daitekeen kolore gorria edo zapi gorria islatzen du, eta aukera ematen du, gainera, gaur egungo sinbolo eta esanahi adierazgarrienak zeintzuk diren hausnartzeko.

2

'Uztailaren 6an, 12:00etan'

'Uztailaren 6an, 12:00etan'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Uztailaren 6an, 12:00etan'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Txupinazoaren unean Iruñea nola lehertzen eta eraldatzen den islatzen du kartelak. Erdiko haustura bisualaren bidez, hari narratiboa edo kartelaren narratiba egituratzen du. Paleta kromatikoak ohiko gorria eta zuria ditu oinarri, baina beste kolore ñabardura espresibo batzuekin nahasten da. Ikuspegi abstraktua eta sentsoriala darabil, eta, nolabait, esperientzia emozionala lehenesten du, epaimahaikideen ustez.

3

'Lore koroa'

'Lore koroa'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Lore koroa'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Festen egungo ikuspuntua islatzen du kartelak, modu sinbolikoan eta ikuspegi integratzailearekin. Kartelaren egitura bisuala erdiko figura baten inguruan ardazten da, eta zirkulu ireki bat sortzen da. Koloreen trataerak ere kartel zaharrak ekartzen ditu gogora, eta herri jaien irudi alai eta adierazgarria osatzen du.

4

'Festa bete-betean'

'Festa bete-betean'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Festa bete-betean'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Diseinuak freskotasuna eta kohesioa baliatzen ditu sanferminen jai giroa islatzeko, eta aske utzitako zezen bat irudikatzen du, zeinak pozez betetako lasterketa kaotiko batekin bat egiten duen. Hiruki formako erdiko egitura mugimenduan dauden figuraz beteta dago, eta, ohiko paleta kromatikoa erabiltzen duen arren, gorria du oinarri; beste kolore batzuek, ordea, bizitasuna ematen diote, tonua freskatzen dute. Eskuzko trazuko teknika digitalak egiazkotasuna eta epeltasuna ematen dizkio irudiari.

5

'Iruindarren etxea'

'Iruindarren etxea'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Iruindarren etxea'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Kartelaren kalitate teknikoa nabarmendu du epaimahaiak. Olio pinturaz egindako proposamen bat da, eta festak gertutik bizi dituztenen ohiko eszena bat transmititzen du: arropak balkoietan eta leihoetan eskegita. Nolabait, festa hasi aurreko giro hori ekartzen du gogora. Proposamen xumea izanda ere, oso iradokitzailea da.

6

'Bauhaus 1919'

'Bauhaus 1919'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Bauhaus 1919'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Kartel honek diseinu kontzeptual eta abstraktua du, Alemaniako Bauhaus eskolari jarraiki, eta, ikonografia baliatuz, sanferminetako gai tradizionalak irudikatzen ditu, modu errepikakorrean eta egituratuta: zezenak, korrikalariak, zapiak... dimentsio grafiko moduko bat sortzen da, eta jaien hiru kolore puruak ditu oinarri: gorria, beltza eta zuria.

7

'Ni Iruñea naiz'

'Ni Iruñea naiz'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Ni Iruñea naiz'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Nabarmentzekoa da zer zirrara sortzen duen eta zeinen ongi eratuta dagoen, epaimahaikideen iritziko. Ilustrazioa oso landua da, eta bere kalitateagatik hautatu dute, erraz antzematen baita Caravinagre nor den, eta pertsonaia horrek duen indarra eta nortasuna kartelari transmititzen baitio. Kartelak festaren esentziarekin bat egiten duela esan dute, zuzen-zuzenean.

8

'Uneak'

'Uneak'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Uneak'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Sanferminek hain berezkoa duten zalaparta ikusten da, non gaua eta eguna nahasten diren, eta hamaika esperientzia gurutzatu. Erritmoz, mugimenduz eta indarrez betetako irudia da, non koloreak eta trazuak paperaren mugak gainditzen dituen eta festek sortzen duten lilura irudikatzen den. Ilustrazioak oso estilo propioa dauka, eta horrek zirrara, indarra eta ausardia ematen dizkio proposamenari. Elkarrekin bizitzeko eta elkartzeko gaitasuna aldarrikatzen du kartelak.

9

'Zaldiko'

'Zaldiko'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Zaldiko'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Zaldiko herri pertsonaiak dauka kartelean protagonismo osoa. Kartelak estilo naifa du: sinpletasuna eta apaltasuna ditu ezaugarri nagusiak. Kolore lauak eta marra leunak ditu, eta informazioa modu orekatuan antolatua dago ilustrazioaren inguruan. Hitzek eskuzkoagoa den tipografia mota bat gogorarazten dute, estilo grafikoari fidel izanda.

10

'Egin korrika'

'Egin korrika'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA
'Egin korrika'. Sanferminetako kartel lehiaketako finalista. IRUÑEKO UDALA

Irudi sinplea da, eta bikain laburbiltzen du festa, epaimahaikideen ustetan. Gainera, kolore lauak ditu oinarrian, eta koloreen masa zedarrituak dira. Egileak bi dimentsioko itxura eman dio irudiari, propio. Sakonera erakusten du, nahiz eta bi planotan oinarrituta dagoen. Indar bisual eta dinamismo handiko irudia da, ikonikotasun txikikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.