Sanferminen historia opari

130 urte bete ditu Iruñeko La Perla hotelak. Ezagun askoren ostatu izan da, eta 50eko hamarkadan Hemingwayk egin zuen ospetsu. Sanferminei buruzko blog bat egin berri du.

Hemingwayk ostatu hartzen zuen logela, La Perla hotelean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Iruñeko La Perla hotelak 130 urte bete ditu. 1881. urteko ekainaren 5ean inauguratu zuten Miguel Erro eta Teresa Graz senar-emazteek. Orain, 130 urte geroago, familiaren laugarren belaunaldiak haiek hasitako lana zertxobait gehiago ezagutarazi nahi du.

Pablo Sarasate musikariak eta Ernest Hemingway idazleak hartu dute aterpe haren pareten artean, besteak beste. Historia handiko hotela da Iruñeko Gazteluko plazakoa, eta Nafarroako bost izarreko hotel bakarra da. Ernest Hemingwayk egin zuen ospetsu, 50eko hamarkadan, hor hartzen baitzuen beti ostatu; baina tradizioa aspalditik datorkio La Perla Hotelari. 1881etik, Miguel Erro eta Teresa Graz senar-emazteek La Perla ostatua ireki zutenetik. Geroztik, Euskal Herriko hotel zaharrenetakoa sanferminekin lotuta egon da beti. Sanferminekin, eta zezen feriara etortzen ziren toreatzaileekin, edo, Fiesta liburua irakurrita, AEBetatik etortzen ziren zinemagile eta aktoreekin.

Hotela sanferminen lekuko izateko toki ezin hobean kokatua dago, hiriaren erdian: Gazteluko plaza du alde batean, eta Estafeta kalea bestean. Horregatik, festen lekuko paregabea izan da, eta, maiz, protagonista ere bai.

Urteurrena aitzakiatzat hartuta, sanferminetako jaien inguruko blog bat zabaldu du, Laperlasanfermines.blogspot.com helbidean. Blogean festaren historia, irudiak eta hainbat dokumentu topa daitezke, eta, nola ez, festaren inguruko hamaika bitxikeria. Fernando Hualde hoteleko langileak eta historialariak idatzi ditu blogeko testuak. «Hiriari eskainitako oparia» izan nahi du ekimenak, egilearen esanetan.

Blogean hori guztia islatu nahi izan du. «Ohiz kanpoko datu base bat eraiki dugu. Ez dago munduan sanferminen inguruko horrelako datu baserik», dio Fernando Hualdek.

Blogean sanferminetako hainbat informazio eta bitxikeria jaso dira. Urtez urte kontatzen dira jaiak, eta urte bakoitzak bere kapitulua du. Sanferminak iragartzeko kartela ageri da lehenik, eta gero hainbat informazio, argazkiekin tartekatuta. Azkenik, zertzeladak izeneko atal bat ageri da. Hor, festen inguruko hainbat izkirimiri aipatzen dira. Adibidez, 1902ko ekitaldian Pablo Sarasate hiriko seme kutun izendatu zuteneko ekitaldia agertzen da. Musikariak txaloka hartu duten herritarrei hoteleko balkoitik diosala nola egiten dien ikus daiteke argazki batean.

Harrigarria badirudi ere, hotela ireki zen urtean argitaratu zen sanferminetako festen lehen esku egitaraua. Ordura arte, pregoilari batek iragartzen zuen zein ekitaldi zeuden festetan, eta zein tokitan eta ordutan. Geroago, kartel erraldoiak egiten hasi zen udala, eta 1881ean esku egitaraua etorri zen. Gainera, lehenengoz kolorea sartu zen izkribuan, artean kartelak txuri beltzean izaten zirelako.

Blogak topikoak eta tradizioak noiz hasi eta noiz bukatzen diren ezagutzeko ere balio dezakeela uste du Hualdek. Jaia nazioartean ezagun Hemingwayk idatzitako The Sun Also Rises (Fiesta) liburuak egin zuela uste bada ere, aurretik ere atzerrian fama bazutela dio Hualdek. Hemingway jaio zen urtean, 1899an, Iruñean atzerriko 40 komunikabide baino gehiago zeuden sanferminen inguruan informazioa jasotzen.

Eguneratzen

Entzierroan emakumeak lehenengoz agertu ziren informazioa ere biltzen du. Ameriketako Estatu Batuetako telebista produktora batek egindako dokumental batean agertzen da estreinakoz emakume bat lasterka sanferminetako entzierroan, 60ko hamarkadan. «Estafeta kaletik gora zezen plazara joan diren 6.000 zezen baino gehiagoren lasterketaren lekuko izan da; milioika eztarri ikusi ditu San Fermin txalotzen; Sarasate biolin jotzailearen hainbat emanaldiren agertoki izan da; eta Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako ehunka emanaldiren lekuko izateko aukera izan du», azpimarratu du Hualdek.

Blogaren edukia testuek eta irudiek osatzen dute, baina oraindik bukatu gabea da. Testu asko dituen arren, argazki asko gelditzen dira sartzeko. Orain arte 300 irudi sartu dituzte, baina beste bi mila-edo sartu beharko dituztela dio Hualdek. Horretaz gain, urtetik urtera berritzen joanen da. Aurtengo sanferminak bukatu, eta gertatutakoa kontatzeari ekinen diote; eta hala, urtetik urtera.

La Perla hotelak inork baino sanfermin jai gehiago ezagutu ditu, eta blogarekin sanferminen historiari eta hiriaren historiari ekarpena egin nahi izan zaio. «Hiriari eskaini nahi diogun oparia da. Historia oparitzea da egin daitekeen oparirik hoberena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.