San Ferminen oihalaren atzean

Urduri eta ilusioz, Iruñea prestatzen ari da hastear dauden festetarako. Nafarroako Yala elkarteak botako du aurten txupinazoa. Billabesen grebak kezka sortu du iruindarren artean.

Estafeta kalea jendez beteta sanferminen aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Estafeta kalea jendez beteta sanferminen aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñea
2025eko uztailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sanferminak badatoz, eta Iruñeak badaki. Festazale amorratuenek eskaileraz eskailera hainbeste itxarondako eguna iristear dago, eta Alde Zaharreko kaleetan urduritasun eta ilusioa nabaria da. Santuaren kapa azpian bezala, oihalaren atzean azken ukituak egiteko momentua da, olatu zuri-gorriko antzezlana hasi baino lehen. Kukuxumuxuko erlojuaren atzerako kontua zerora hurbiltzen ari da gero eta gehiago, tik-tak, tik-tak...

Azken orduan, Alde Zaharrean kamioiak gora eta behera dabiltza biltegiak betetzen, eta eszenatokiak muntatzeko eta entzierroko kaleak prestatzeko materialak garraiatzen. Estafetako kalean, emakume batek balkoia txukuntzen dihardu, datozen egunetan askoren behatokia izanen da eta. Eskailera batera igota, bi langile pareta konpontzen ari dira: «Ea iaz baino azkarrago egiten dugun».

Gaza, presente

Aurtengo txupinazoa Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako hiru kidek botako dute. Gazako drama humanitarioa oso presente dago. Emakume bat Kukuxumuxu dendara sartu da Palestinako ikurrina duen zapi gorri baten bila. «Hori aurten peñek atera dute», esan dio dendariak. Salam Gaza Nafarroa elkarteak eta Iruñeko Peñen Federazioak elkarlanean osatu dute zapia. Pankartetan ere irudikatu dute Gazako egoera. Azken prestakuntzekin ari dira orain, eta zezenketetara eramango dituzten karteletan gauza bera egiten ari dira; besteak beste, Armonia Txantreana.

Garrantzi handia hartu duen beste gai bat billabesen greba da. Ezarritako oinarrizko zerbitzuek kezka piztu dute. Markesina gehienak billabesa noiz etorriko den galdetzen duen jendeaz gainezka daude. Antsoainera doan gazte bat gizon batekin hizketan hasi da: «Niri ondo iruditzen zait egiten ari direna. Egia da zentrotik oinez jaitsi ezin direnentzat oztopoa dela, baina lan baldintzak hobetzeko sistemari presio egin behar zaio». Hark beste modu batez interpretatzen du egoera: «Borrokatu behar da, bai, baina lanera ere joan behar dugu beste guztiok».

«Sanferminak ez dira beti horrelakoak izan. Ni gaztea nintzenean, lasaiagoa zen, eta ez zegoen oraingo arriskua» 

MONTSE MARS Eh Toro dendako saltzailea

Billabesa iristerakoan, 11. lineako gidariak argudiatu du lan gatazkak ezin duela askoz gehiago iraun: «Jendea pilatu egiten da. Amore eman beharko dute enpresakoek, zeren egoera honetan zorigaitza izango litzateke guztiondako». Haren iritziz, jendeari ez zaio askorik axola: «Badakite greba greba dela eta baldintzak hobetu egin behar direla».

Eh Toro oroigarri dendan prest dute ate nagusian jartzen duten burdinazko hesia. «Goian zirrikitu bat estali gabe gelditu da, eta, eskaileretara igota, hortik ikusten ditugu entzierroak, zuzenean» azaldu du Montse Mars bertako langileak. Hala ere, prestakuntza gehiago eskatzen du urtero handitzen ari den turista olatuak. Marsen arabera, urte osoan gora egin du turismoak. 

Turismoaren eragina

Montse Marsek atzerritar batzuen errespetu faltak jasan ditu askotan: «Haiena ez delako, ez zaie inporta, eta ez dute hiria errespetatzen». Iaz, bi lagunek denda erdian botila bat lurrera bota eta apurtu zuten: «Sanferminak ez dira beti horrelakoak izan. Ni gaztea nintzenean, iruindarrak ikusten ziren batez ere; lasaiagoa zen, eta ez zegoen oraingo arriskua». Horregatik ere, hemengo askok alde egiten dute jaietarako. «Sanferminak jada ez dira geureak», esan du Marsek, amorruz.

Interbus konpainiako langile Mikaela Balcuk ere bisitari gehiago daudela nabaritu du aurten, baina jaien atarian etorri den jendea gutxiago dela sumatu du: «Hamabost urte baino gehiago daramatzat hemen lanean, eta oroitzen naiz lanez gainezka egoten ginela data hauetan. Orain, berriz, patxadan». Sanfermin aurreko egunetan etortzen diren turistak normalean dirudunak direla azaldu du, hainbesteko erosahalmenik ez dutenak zuzenean jaietarako etortzen baitira. 

«Hamabost urte baino gehiago daramatzat hemen lanean, eta oroitzen naiz lanez gainezka egoten ginela data hauetan. Orain, berriz, patxadan» 

MICAELA BALCU Interbus konpainiako langilea

Olman Montero costarricarra bidaia luze baten erdian iritsi da Iruñera, egun bakarrerako: «Ezin izan naiz etorri behin jaiak hasita, baina eder dago hiria aurreko antolakuntza egun hauetan ere». Haren ustez, guztia hain zorrotz prestatzeak eta kalkulatzeak arrakasta ekarri die festei: komunikabideak, segurtasun neurriak, eszenatokiak, hesiak, txupinazoa… Aste batzuk lehenago hasten da prestatzen. «Hiriak sanferminekin duen dedikazioa eta sanferminei dien maitasuna erakusten du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.