ATZEKOZ AURRERA. Modou Faye 'Beltxa'. Africa United elkarteko bozeramailea

«Sanferminetan jazarri digute: orain desfilean txalo eginen digute?»

Kulturen Kalejira antolatu du Iruñeko Udalak, sanferminen azken egunerako, eta Africa United elkarteak parte hartuko du, besteak beste. Agintarien «hipokrisia» salatu du Beltxa senegaldarrak.

ION ORZAIZ / BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Buztintxuri auzoko parke batean seme-alabekin jolasean eman du arratsaldea Modou Faye Beltxa senegaldar jatorriko iruindar eta Africa United elkarteko buruak. Atsekabez egiten die so egunotan kalean eskumuturrekoak edo txanoak saltzen ibiltzen diren herrikideei. «Ni ere bizi izan naiz horrela, eta ez da samurra». Gaur, sanferminetan parte hartuko du, beste era batera: Kulturen Kalejirako partaide gisara. 17:30ean abiatuko da Descalzos kaletik, eta Gazteluko plazan amaituko da, 20:00etan.

Zer da Kulturen Kalejira?

Hau izan zen Iruñeko Udalak hainbat kolektibori eginiko proposamen bat, EH Bildu alkatetzan zen garaian. Africa United ere gonbidatu zuten, eta guri ideia polita iruditu zitzaigun, Iruñean bizi garen migratzaile guztion kulturak eta folklorea ezagutarazteko: Ekuador, Peru, Senegal... Horregatik, urtero parte hartzen dugu. Hala ere, kritika ere egin izan diogu udalari.

Zergatik?

Dibertsitatearen gorazarre hori ikusi nahi genukeelako egunerokoan islatuta, ez soilik sanferminetako desfile batean: enpleguan, ordezkaritza politikoan, gizarte eskubideetan... Folklorea oso polita da, baina migrazioaren aitortza ezin da mugatu dantzara eta musikara. Politika zehatzagoak behar ditugu, gure errealitate materiala hobetzeko.

EH Bildu joan zen, eta UPN dago orain alkatetzan. Nabaritu duzue alderik?

Bai. Alde batetik, kalejira bera aldatu da. Lehen, biziagoa zen, eta kolektiboon parte hartzea, zuzenagoa. Gusturago aritzen ginen, EH 11 Kolore egitasmoarekin elkarlanean, kalejira prestatzen. Eta ez hori bakarrik: dibertsitateari lotutako politikak, oro har, askoz gehiago eta askoz hobeto lantzen zituen aurreko udalak, oraingoak baino. Hasieran aipatu ditudan kritikak areagotu egin dira UPN agintean denetik. EH Bilduk ez zigun lanik eman, baina gutxienez, kultura baten eta gizarte baten parte sentiarazi gintuen. Oraingoa askoz okerragoa da: Enrique Maiak lehen eta Cristina Ibarrolak orain, Polizia bidaltzen dute gure kontra, jazartzen digute, eta orain, sanferminen azken egunean, desfile bat antolatzen dute gure jantzi tradizionalekin dantzan atera gaitezen, eta jendeak txalo egin eta esan dezan «begira ze bitxia, ze ongi dantzatzen den beltz hori»? Hipokrisia galanta da.

Sanferminetan, kale saltzaile lanetan aritzen dira Afrikako migratzaile asko...

Festaren beste aldea da, eta oraintxe aipatu dizudan kontraesan hori islatzen du: gaurko kalejiran, gure jantzi tipikoekin dantzan, txalo eginen digu jendeak. Baina gainerako egunetan, zer? Arrazakeria eta jazarpena sufritzen ditugu, bai jendearen aldetik, bai Poliziaren edo erakundeen aldetik. Polizia, beltzen atzetik korrika. Hori da eguneroko kalejira, benetakoa, baina agintariei ez zaie komeni hori erakustea.

Zer egoeratan bizi dira egunotan kalean ikusten diren saltzaile afrikarrak?

Beren sorterritik ihes egin behar izan duten pertsonak dira, eta oso egoera gogorra bizi dute. Nik esan dezaket halakorik, egoera berean izan bainintzen duela zenbait urte, kalean bizitzen. Poliziak jazarri egiten dizu une oro, eta edonoiz material guztia bildu eta hanka egin beharko duzu, gaua ziega batean igaro nahi ez baduzu.

Festetan, ohikoak dira jokabide arrazistak ere...

Parrandan dabiltzan askok, alkoholak hauspotuta, iseka egiten dizute, pentsatzen baitute migratzaileak ahulagoak direla. Bada, ez dira ahulak: ausardia eta duintasun handia behar dira paperik gabekoek egiten dutena egiteko, eta aguantatzen dutena aguantatzeko. Nire ustez, haiek merezi lukete omenaldia.

Sanferminak ez baitira berdin ikusten iruindar baten edo senegaldar baten begietatik...

Urte asko daramatzat Iruñean bizitzen, eta nire familia hemengoa da. Baina, era berean, afrikarra naiz. Hortaz, saiatzen naiz festez gozatzen, baina ezin dut. Etenik gabe gogora datozkit kalean bizi diren beste afrikarrak. Sanferminak sekulako festak dira, hori denok dakigu, baina bertoko askorentzat helburu bakarra mozkortzea eta ongi pasatzea den bitartean, beste batzuentzat xedea da bizirik irautea eta familiari dirua bidaltzea.

Zugana laguntza eske etorri izan dira kalean bizi diren horiek?

Normalean, afrikarrok jotzen dugu gertukoen ditugun senide eta lagunengana: astebetez Bartzelonan, Iruñean edo Bilbon lo egiteko toki bat behar badugu, edo jatekoa, edo beste edozer, bakoitzak baditu bere laguntza eta elkartasun sareak. Tamalez, bada egoera horretaz aprobetxatzen denik ere, abusuzko alokairuak kobratuz, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.