Gora Iruñea herri plataformakeraso sexisten aurkako telefono zenbakia eskura dauka urte osoan, baita sanferminetan ere. Sakelakoa Iruñeko auzo guztietan erabiltzen dute, baina, hala ere,urte osoan egoten da piztuta, edonoren esku. Besteak beste, Zurine Altable (1980, Iruñea) Gora Iruñea taldeko kidea aurki daiteke 699 68 76 87 zenbakiaren atzean, betiere eraso sexisten biktimak izan diren emakumeen alde lan egiteko prest.
Nor dago telefono horren atzeko aldean?
Erasoen inguruan erantzunak emateko lantalde bat sortu genuen. Bertan, Gora Iruñeko kideok gaude, eta baita beste hainbat pertsona ere. Normalean saiatzen gara lantaldekoak medikuak, erizainak, psikologoak... izaten. Berez, zenbaki hau salaketa egiteko da soilik, datuak jasotzeko, baina erasoen biktima izan den emakumeak bestelako laguntza behar badu, ahalik eta gehien laguntzen saiatzen gara. Horretarako, gure inguruan dabiltzan guztiek dakite sakelakoak jotzean zer egin behar den.
Nondik sortu zen telefono zenbaki bat jartzeko ideia?
Hasiera batean sanferminetarako soilik sortu bagenuen ere, denborarekin zabalduz joan da. Sakelakoa martxan jartzea erabaki genuen, ikusten genuelako bestetan daturik gabeko eraso ugari egoten direla. Bakar batzuk besterik ez dira jasotzen: bortxaketak, bortxaketa saioak, eta antzekoak. Kasu horietan udaltzaingoak protokoloa martxan jartzen du, baina indar txikiko erasoak, oro har, ez dira salatzen. Hori aldatzeko asmoz sortu genuen lantaldea, datuak jasotzeko eta errealitatea ikusteko. Mota guztietako erasoak salatzea da gure xedea.
Zein da egungo besta eredua?
Sanferminetara etortzen diren ia guztiak araurik gabeko hiri batera etortzen dira, eta hori asko nabaritzen da. Emakumeekin duten jarrera ez da batere ona izaten, errespetu falta izugarria erakusten baitute. Hala ere, Gora Iruñea taldeak eta mugimendu feministak kanpaina asko egiten dira, eta, horren harira, jendea gero eta inplikatuagoa dago. Emakume bat abaildua ikusita, jendea harengana hurbiltzen da ea laguntza behar duen galdetzera. Hori Gora Iruñeko gunearen inguruan asko igartzen da, baina hortik kanpo gertatzen denak eskuetatik ihes egiten digu.
Askotan, erasoen biktimak berak ez baizik eta ingurukoek jartzen dute salaketa.
Salatu gabeko eraso gehiegi daude. Batzuetan, eraso egin digutela sentitzen dugu, baina gero garrantzia kentzen diogu. Hori dela eta, indar txikiko erasoak gertatzean, emakume askok ahaztea erabakitzen dute. Azken finean, egun zoritxarrez normaltzat jotzen dugu sanferminetan taberna batean sartu, eta norbaitek ipurdia ukitzea. Pausoa ematea zaila izan arren, guk beldurrik gabe deitzeko eta laguntza eskatzeko mezua helarazi nahi diegu biktimak sentitu diren guztiei.
Norbaitek deitzean, zein izaten da protokoloa?
Indar txikiko erasoekin datuak jaso, eta aholkuak ematen ditugu. Hala ere, horrelako erasoekin, ez dugu protokoloa martxan jartzen. Indar handikoekin, aldiz, Udaletxe plazan 24 orduko kontzentrazioa egiten dugu, eta tabernetan musika kentzen dugu. Kartel txiki bat jartzen dugu tabernetan, eraso sexistak salatzeko musika kenduko dela iragarriz. Emakume batek salaketa jarri nahi badu, guk udaltzainengana eta epaiketara laguntzen dugu. Erasoa fisikoa bada, larrialdietara joaten gara, parte fisikoa egiteko.
Zer gertatzen da erasotzaileekin?
Erasotzailea ez badago identifikatuta, ez dago ezer egiterik. Momentuan bertan jarrera aktiboa erakutsi behar da, haren jarrerarekin konforme ez zaudela esan, eta alde egiteko eskatu. Baina gero erasotzailea ez badago identifikatua, salaketa jartzean deskribapena ematen da, aurkitzea ia ezinezkoa den arren. Horrelakoetan, ez zaio ezer gertatzen. Identifikatua badago, guk ez dugu gure gunera sartzen uzten. Itxaropena daukat pixkanaka gauzak aldatuko direla, eta jendea gero eta aktiboagoa izango dela. Teoria denok dakigu, baina gero praktikan asko isilik geratzen dira.
Administrazioak nolako esku hartzea erakusten du?
Iruñeko Udalak zenbait kanpaina aurkeztu ditu, baina sanferminetarako zehazki ez dago ia ezer. Protokolo ona daukaten arren, gutxitan jartzen dute martxan. Indar txikiko erasoak baldin badira, normalean ez diete jaramonik ere egiten.
Jendeak nolako jarrera hartzen du eraso sexisten inguruan?
Muturreko jarrerak daude. Batzuetan, jendeak ez ikusiarena egiten du, garrantzirik eman gabe. Beste batzuek, aldiz, salbatzailearen rola hartzen dute, erasotzailea jotzera joaten direlarik. Askotan, neskari ez diote zer moduz dagoen galdetu ere egiten. Ez dira ohartzen bortitza den egoera batean bortizkeriarekin erantzunez gero ez dela ezer konpontzen. Beste mila jarrera askoz eraginkorragoak dira, gizonezkoari erasotzea baino. Dena den, pixkanaka-pixkanaka erasoen kontua jendartean pisua hartzen ari da. Erantzun gehiago daude, eta jendea kontzientziatuago dago. Baina oraindik ere, indar handiko erasoetan bakarrik. Nik neuk espero dut hori aldatuz joatea, eta emakumeek mota guztietako erasoak salatzea. Azken finean, hori baita gure helburu nagusia.
Sanferminak Iruñean. Zurine Altable. Eraso sexisten aurkako telefonoaren kudeatzailea
«Sanferminetara datozen ia guztiak araurik gabeko hiri batera datoz»
Gora Iruñea taldeko kideek orain dela bospasei urte jarri zuten martxan eraso sexisten aurkako telefono zenbakia, baina oraindik «indar txikiko» erasoak ez dira salatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu