Prest dute guztia Azpeitian saninazioei ekiteko. Eguerdian jaurtiko dute festak abiatzeko txupinazoa. Kilometroak 2011 antolatzen dabilen lantaldea eta Julian Barrenetxea abesbatza izango dira lehenengo suziria botatzearen arduradunak. Jaiak eztanda egingo du une horretatik aurrera.
Txupinazoaren aurretik, ordea, abiatuak izango dituzte ospakizunak. Hamaiketako herrikoia antolatu dute plaza nagusian, 11:00etarako, eta jarraian, elkarretaratzea egingo dute Egin dezagun bidea, eskubide guztiekin euskal presoak Euskal herrira lelopean.
Lehenengo suziria botatzearekin bat, hainbat kalejira abiatuko dira Azpeitiko kaleetan barrena. Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz Txistulari Taldeak, Biasteriko dultzaineroek eta erraldoi eta buruhandiek osatuko dute kalejiretako bat. Bestea, berriz, Marea Arroxa Festa Herrikoien aldekoek, trikitilariekin eta Skandalue elektrotxarangarekin. Azkenik, Incansables txaranga ere herrian zehar ibiliko da, kaleak alaituz.
Herri bazkaria izango da gaurko ekitaldirik jendetsuenetakoa. Mila lagunentzat bazkaria izango da herriko plazan, 15:00etan hasita. Bazkalondoren irekiko dituzte txosnak, 17:00etan, eta ordu berean haurrentzako jolasak iragarri dituzte. Olazko Andre Mariaren plazan, berriz, Poxpolo eta Konpainiak haurrentzako ikuskizuna eskainiko du, 17:30ean.
Zezenek indar handia dute Azpeitian. Done Jakue kalean, haur eta gaztetxoentzat zezen txikiak izango dira, 18:00etan, eta ordu berean hasiko da lehenengo zezenketa zezen plazan.
Gau Erdi txaranga kalejiran hastearekin batera, Loiolako Basilikan meza eta bederatziurrena izango dira, 19:00etan. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Maria Dolores Oteiza organulariak parte hartuko dute elizkizunean.
Gauean, musikak ez du etenik izango. Txosnetan, Txitximoreren bideo emanaldia egingo dute, 22:00etan, eta ondoren, karaokea. Friday's Crew eta Deskontrol taldeen kontzertuak, 23:00etan, eta Pirotecnia Zaragozana etxearekin su festak borobilduko dute San Inazio egun bezpera.
Jaiak. Saninazioak Azpeitian
Saninazioei ekiteko prest
Txupina jaurti eta eguerdian hasiko dituzte saninazioak Azpeitian; festa usaina dute dagoeneko kaleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu