Sant Jordi eguna Kataluniako egutegian egun garrantzitsuenetako bat bihurtu da, horretan sinbolo ugari bildu direlako: arrosa maiteminez, liburua jakin-minez eta gari zuztarra oparotasunerako. Kataluniako kulturaren ospakizun handia Euskal Herrikoarekin nahastuko dute gaur, Donostiako Kafe Antzokian, Carles Beldak, Beñat Gaztelumendik, Pettik, Ruper Ordorikak eta Quim Portetek.
Maiteminduen eguna da Sant Jordi Katalunian XVI. mendetik. 1929. urtetik aurrera, arrosa ez ezik, liburua ere oparitzen hasi ziren. Gaur egun, gari uztar batekin biltzen da arrosa, eta Kataluniako banderaren koloreko xingolarekin lotu.
Kataluniako sukaldaritzaren dastaketa batekin hasiko da gaurko jaia Donostian. Ondoren, Carles Beldak eta Beñat Gaztelumendik bertso saioa egingo dute. Belda (Sabadell, 1972) trikitilaria da, eta aspaldi bizi da Zugarramurdin (Nafarroa). Els Biok soinu txikia eta perkusioa batzen dituen taldea arituko da ondoren, eta Kataluniako «betiko» kantak joko ditu.
Petti bakarlaria dago iragarrita ondoren. Egitarau ofizialean agertzen ez badira ere, Ruper eta Quimi Portet musikarien emanaldia iragarri ditu Beldak, «sorpresa gisa».
'SANT JORDI BESTA'
Noiz. Gaur, 20:00etan hasita.
Non. Donostiako Kafe Antzokian. Sarrerak 5 euro.
Sant Jordi eguna, Donostian
Janaria, bertsoak eta musika dituen jaia egingo dute gaur Dokan, Kataluniako arrosa eta liburuaren jaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu