Sardinak dastatzen

Arrantzale Eguna egingo dute gaur Pasai Donibanen. Sardinak eskainiko dizkiete bisitariei, ardoarekin edo sagardoarekin jateko

2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Arrantzale Eguna egingo dute gaur arratsaldean Pasai Donibanen (Gipuzkoa), igandera arteko herriko festen barruan —santiagoak—. Hori dela eta, sardinak eskainiko dituzte kuadrillek herriko kaleetan jarriko dituzten hainbat erakusmahaitan; San Pantaleon izenez da ezaguna ekitaldi hori.

Arrantzale Eguna egiten dute urtero, uztailaren 27an. Izan ere, 1582ko uztailaren 25ean, frantsesen aurka egin zuten herriko arrantzale batzuek, eta irabazi egin zuten Azoreetako (Portugal) itsas borroka hura. Pasai Donibanen garaipen hori ez ahazteko, santiagoak ospatzen dituzte urtero herrian, uztaileko azken astean.

Horrenbestez, arrantzalez jantzi, eta kalean erakusmahai batzuk jarriko dituzte gaur. Arratsaldeko zazpiak direnean, sardinak eskainiko dituzte kuadrillek doan, eta unean bertan erreko dituzte arrainak. Sardinak ardoarekin edo sagardoarekin jateko aukera edukiko dute hara joaten diren pertsonek.

Batelarien txanda igandean

Arrain horiek dastatzeko abagunea izan eta gero, beste ekitaldi bat egingo dute Pasai Donibanen: arrantzaleen arteko danborrada tradizionala. Meipi auzotik abiatuta, alde zaharretik igaro, eta Santiago plazara joango dira parte hartzaileak.

Santiagoetako beste egun berezia uztailaren 31 da. Igande honetan, San Ignazio egunean, beraz, emakumeak ziren batelariak omenduko dituzte. XVI. eta XX. mendeen artean, Pasaiako badiarekin loturiko zenbait lan egiten zituzten batelariek, salgaien eta pertsonen garraioak eta ontziak atoian eramatea, adibidez. Desfilea egingo dute batelariek goizeko hamaiketan, eta, ondoren, estropada uretan.

Arrantzale Eguna
Gaur, 19:00etan, Pasai Donibanen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.