Sare sozial profesionalak

Gehien erabiltzen diren sare sozialak helburu orokorrekoak dira. Erabiltzaile gutxiago dituzten arren, arlo profesionalera bideratuta dauden beste batzuk ezagutzea ere interesgarria izan daiteke.

2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Sare sozialak pil-pilean daude Internet erabiltzaile askoren egunerokotasunean, eta erabiltzaile gehien dituztenak helburu orokorreko sare sozialak dira. Hala ere, badaude helburu zehatz bat dutenak, eta horiek arlo horretakoak diren edo helburu zehatzagoak dituzten erabiltzaileak elkartzeko eta ezagutarazteko baliagarriagoak izaten dira. Adibide bat sare sozial profesionalak dira. Izan ere, helburu profesionalak dituzten sare sozialak egunez egun erabiltzaileak irabazten joaten dira. Bertan, lana aurkitzera, lana eskaintzera, negozioetarako bazkideak eta proiektuetarako elkarlanak bilatzera, eta bezeroak zein hornitzaileak aurkitzera bideratuta daude. Horietan hainbat jakintza, iritzi eta esperientzia elkartrukatzen dira. Gainera, norberaren profilean datu profesionalak eta curriculuma osatu daitezke. Zerbitzu gehienak doakoak dira, helburu orokorreko sare sozialen kasuan bezala.

LinkedIn

Negozioetara bideratuta dagoen sare sozial hau 2003ko maiatzean abiarazi zuten. Honezkero, mundu osoko 85 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Bertan leku eta mota anitzeko enpresak eta erabiltzaileak daude. Esaterako, Fortune aldizkariaren rankingeko AEBko 500 enpresarik handienak LinkedIn-en daude. Sare sozial hori frantsesez, gazteleraz, ingelesez, alemanez, portugesez eta italieraz dago; oraingoz, ez dago euskaraz.

Sare sozial hau probatzeko, helbide honetara joan daiteke: http://www.linkedin.com/, bertan agertuko da izena emateko edo saioa hasteko formularioa. Izena emateko prozesuan, oinarrizko kontaktu datuak eta oinarrizko datu profesionalak eskatuko dira. Behin izena emateko prozesua amaituta, profila osatzen joan ahal da datu pertsonal zein profesional gehiagorekin, eta, horrela, norberaren curriculuma osatzen joan. Beste erabiltzaileek ikusiko duten profila hizkuntza ezberdinetan sortu ahal da.

Bestetik, Twitter microblogging zerbitzuarekin bateratu daiteke, eta horrela, Twitterren idazten dena, nahi izanez gero, LinkedIn-en ere argitaratu daiteke; eta alderantziz, egoera edo sarrera guztiak edo soilik erabiltzaileak aukeratutakoak izan ahal dira.

Xing

2003an sortu bazen ere, OpenBC izenarekin ezagutzen zen 2006ko azaro arte. Sasoi horretatik aurrera Xing izena ezarri zioten. Egun, 10 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan; horien erdia baino gutxixeagok alemana dute hizkuntza nagusi, izan ere, Xing alemaniar proiektua da. Hala ere, alemanez ez ezik, ingelesez, frantsesez, gazteleraz, italieraz eta beste hainbat hizkuntzaz dago; euskaraz, ordea, ez. Xing erabiltzeko, helbide honetara joan ahal da: https://www.xing.com/. Xing-en, LinkedIn-en bezala, izena ematea oso erraza da, eta behin izena emateko prozesua amaituta, hasi ahal da nor bere profila betetzen, lan esperientziarekin, ikasketekin eta bestelako datu profesionalekin. Sare sozial honetan ere enpresen orrialdeak eta interes taldeak sortu ahal dira; horrez gain, lana eskaini eta aurkitu daiteke. Ordea, LinkedIn-en aldean, askoz erabiltzaile gutxiago ditu, eta sare sozial hauetan erabiltzaile kopurua oso garrantzitsua da, zenbat eta erabiltzaile gehiagok erabili, orduan eta harreman profesional gehiago sor daitezkeelako.

Viadeo

Viadeo 2004ko maiatzean sortu zuten, Frantzian. Honezkero, mundu osoko 30 milioi erabiltzailek darabilte, eta ingelesez, frantsesez, gazteleraz, italieraz, alemanez, portugesez eta nederlanderaz dago. LinkedIn-en kasuan bezala, Viadeo ere Twiterrekin bateragarria da, eta aurrekoak bezala, sare sozial hau ere doan erabili daiteke. Horrez gain, ordainpeko sarbide bat ere eskaintzen du, abantaila batzuekin. Premium sarbide honetarako harpidetza egin daiteke hilabetez hilabete, hiru hilabetez, urte batez edo bi urtez. Prezioa 7,95 dolar eta 4,95 dolar artean egon daiteke, aukeratutako harpidetza epearen arabera. Honako hau da Viadeo sare sozial horren helbidea: http://www.viadeo.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.