Setioa irudikatuz, gertatutakoa gogora ekarriko dute bihar. 17:15ean, tropa aliatuak Kursaaletik abiatuko dira, eta, ibaiaren ertzetik, Zuloaga plazara iritsiko dira. Hiria haiengandik babesten saiatu zirenak Bulebarrera joango dira 18:00etan. Baita tropa aliatuak ere, baina beste bide batetik. 19:00etan, Zaporeak eta Kresala elkarteak omenduko dituzte; Greziako Kios irlan errefuxiatuekin egindako lanagatik Zaporeak, eta 50 urte egin dituelako, berriz,Kresala. 19:30etik aurrera, Bretxaren eta hiriaren hartzea irudikatuko dituzte. Bulebarretik hasita, Parte Zaharreko kaleak hartuz joango dira, Zuloaga plazaraino.
21:30ean, Abuztuaren 31ko kaleko argiak itzaliko dituzte, eta bildutakoak bertatik igaroko dira, sarraskian hildakoen omenez, zuziak eskuan hartuta. Guztira, 600 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute egun osoko ekitaldietan.
Gaur ere ekitaldiak
Gertakariaren inguruko ekitaldiak gaur hasiko dira, eguerdian. 12:30ean, sagardoa eta txistorra emango dituzte Kañoyetan elkartearen aurrean. 16:00etan, pilota partidak egingo dituzte Trinitate plazan, eta, ondoren, haur jokoak. Kañoyetan elkartean, txokolate jana batekin amaituko dute eguna.