ATZEKOZ AURRERA

Sasi guztien gainetik, hegaz

Hirien barruan egiten diren bizikleta jaitsieren artean, City Downhill World Tour txapelketa da garrantzitsuena, eta gaur Bilbon korrituko dute. Tartean, bi bizkaitarrek parte hartuko dute.

Parte hartzaileetako bat jauzi egiten, atzo, Etxebarria parkean egindako erakustaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ehunenetan erabakiko da dena. Estu-estu egongo da azkeneraino». Bisera buruan, antolatzaileek zirkuitua nola hesitzen duten aztertzen ari da Iraitz Etxebarria mungiarra. «Zaila da aurreikustea non egon daitekeen gako nagusia, oraindik ikusi behar baita nola muntatzen duten dena». Beldurra ematen du Etxebarria parkean eraiki duten irteera puntuak, hamabost bat metroko altueran. Handik ziztu bizian jaitsi, bidean jarritako muino eta maldaxkak gainditu, eta Gas plazaraino jaitsi beharko dute parte hartzaileek eskaileretatik behera. Arnasa hartzeko betarik ere ez. Hori izango da Bilbao City Downhill lasterketa, hiri barruko bizikleta jaitsiera txapelketarik garrantzitsueneko proba puntuagarria.

Parte hartzaileetako bat izango da Etxebarria. «Hemen munduko onenak daude. Munduko kopan parte hartzen dute hemengo askok». Tartean dira Filip Polc eslovakiarra, Tomas Slavic txekiarra eta Joahannes Fischbach alemaniarra. Mungiarra iritsi aurretik, erakustaldi txiki bat egin dute han bildutako ikusleen aurrean. Ohiko mendiko bizikletak baino sendoagoak dira, motelgailu handiagoak dituztenak, eta jaitsieretarako prestatu daude, ez baitute balio mendian zehar ibilbide luzeak egiteko. Gazteen oihuak etengabeak izan dira, txirrindulariek bi arranpen erdian jarritako autoaren gainetik salto egiten zuten bakoiztean. «Mortal, mortal!», oihukatu zieten txirrindulariei ingeles doinuarekin, salto egiten zutenean eskuak eskulekuetatik aska zitzaten.

Ezin entrenatu

Parte hartzaileak banan-banan aterako dira, eta ibilbidea azkarren osatzen duenak jantziko du txapela. Etxebarria irrikan dago zirkuitua probatzeko, orain arte ez baitu izan horretarako aukerarik. «Hiri barruan ez dago entrenatzerik. Lasterketa eguneko entrenamendu ofizialetan baino ez daukazu aukera zirkuitua probatzeko. Gu biok mendian entrenatzen gara». Daniel Olarra txirrindulari bilbotarraz ari da, gaur lehiatuko den beste euskal korrikalariaz. Lagun minak dira, «anaiak bezala». Olarrak ez du erakustaldira joaterik izan, eskola orduan izan baita. «Elkarrekin entrenatzen gara, batik bat mendian. Asko gustatzen zaigu Jata mendia [Bakio, Bizkaia]. Baina badira beste zirkuitu batzuk ere hemen inguruan». Etxebarriarekin batera dagoen gizonak hartu du hitza: «Zugaztieta, Zalla, Galdakao, Deustuko Potongo... Halere, Jatakoa oso egokia da, luzea delako». Epailea izateaz gain, Vicente Olarra Danielen aita da. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu bi mutikoak. «Askotan ikusi ditut entrenatzen. Horrek lasaitzen nau, batez ere nire semea ziztu bizian jaisten ikusten dudanean. Badakit zertan ari den; ni ere duela bost urtera arte ibili naiz korritzen. Entrenatuz, lasterketa kontrolpean izaten ikasten duzu. Buruak asko eragiten du». Bat dator Etxebarria: «Gogor entrenatuta, dena da errazago. Abiadura sentipena ere txikiagoa da. Eta, noski, sasoi onean egonda, azken metroetako esprint txiki hori egin dezakezu. Hor erabaki daiteke lasterketa».

Lasterketa, eta sariak ere bai. Probaren irabazleak, txapela janzteaz gain, 5.000 euroko diru saria eramango du etxera. Astelehenean Bermeon korrituko da Basque Country City Downhill Open proba, eta herriko portuan amaituko da, kaleak zeharkatu ostean. Txirrindulari federatuek hartuko dute parte lasterketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.