Saskia euskararekin bete

Errigora kanpaina abian da: Erriberako produktuak salgai jarriko dituzte, azaroaren 14a bitarte, aldi berean nekazariak eta euskalgintzan ari diren hainbat elkarte laguntzeko.

Errigora kanpaina bultzatu eta laguntza jasoko duten elkarteetako ordezkariak, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pikillo piperrak, orburuak, olioa, zainzuriak, babarrun zuriak, arroza... Horiek dira Erriberako lurrek ematen dituzten fruituetako hainbat. Eta guztiak saski bakarrean sartu ditu Errigoraren kanpainak, kolpe bakar batean Erriberako nekazariak eta hango euskalgintzako elkarteak laguntzeko. Errezetak ez du sekretu handirik: kalitatezko eta bertako produktuak hartu, eta Euskal Herri osoko kontsumitzaileen esku jarri, saski bakarrean, 50 euroan. Atzo jarri zuten kanpaina martxan, eta azaroaren 14a bitarte izanen da abian. Denbora tarte horretan, produktu horien berri zabaltzea da asmoa, batetik; eta, bertzetik, saldutako saskien bidez, Erriberan euskalgintzan ari diren hainbat elkarte laguntzea. Jasotako diruaren %25 haientzat izanen da.

Ikastolen Elkarteak, Sortzen-ek, AEK-k eta Zazpiak Bat Harreman Sareak bultzatu dute aurten Errigora kanpaina. «Auzolanaren bitartez, bi helburu lortu nahi ditugu batera: hemengo produktuak zabaltzea, globalizazioaren ondorioz lehen zuten garrantzia galdu baitute; eta, bestalde, Nafarroako Gobernuak ez euskalduntzat duen eremuan euskararen alde ari direnak laguntzea; bi arazo dira, eta konponbide bakarra bientzat», azaldu zuen atzo, Iruñean, Errigorako kide Josu Txapartegik.

Zehazki, Erriberako nekazarien produktuek betetako saskiekin, Euskaraz Bizi eta Ikasi plataforma, Lodosako Ibaialde ikastola eta Erriberako AEK laguntzea da asmoa. Euskaraz Bizi eta Ikasiko kide Jorge Ariasek azaroaren 14a bitarte martxan izanen den kanpaina eskertu zuen, eta nafar guztien hizkuntza eskubideen alde egin zuen. «Erriberan, herritarrek ezin dute euskaraz ikasi sare publikoan», gogoratu zuen.

Helduen euskalduntzean eta alfabetatzean AEK ari da, Erriberan ere, bertzeak bertze. Koordinakundeko kide Alizia Iribarrenek Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu zuen atzo: «Nafarroako Gobernuaren diru laguntza eskasak jaso gabe gaude, oraindik ere».

Lodosako Ibaialde ikastolak laguntzarik ez du jasotzen 2009. urtetik. «26 urte daramatzagu borrokan. Eta aurrera jarraitzeko asmoa dugu», azaldu zuen atzo ikastolako presidente Ana Mendizabalek. Erronka ez da txikia, baina amore emateko asmorik ez dute Lodosan. «Nafarroako Gobernuak egin beharko lukeen lana egiten ari gara», erantsi zuen.

Iaz, 1.700 saski

«Kalitatezko produktuak dira, bertakoak; ez hori bakarrik; irizpide zorrotzekin aukeratu ditugu; tamaina xumeko enpresenak dira, lan baldintza duinetan ari direnak», azaldu zuen Errigorako kide Peru Aranburuk. Iaz, 1.700 saski inguru saldu zituzten, eta haien bidez, 34.000 euro bildu zituzten euskalgintzarentzat.

Aurten, kanpainarekin talde gehiagok bat egin dutenez, kopuru hori gainditzea espero du Aranburuk. Sortzen-en eta AEKren eskutik, eskoletan eta euskaltegietan izanen da aukera saskiak lortzeko. Sare sozialen bidez, halaber, saskiak erosteko tokien berri emanen dute Errigorako kideek (www.facebook.com/errigora.auzolanean eta @errigora).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.