'Udako proposamenak'

Segura, Erdi Arora bueltan

Segurako (Gipuzkoa) Erdi Aroko jaia berreskuratu du Harresitik Karkabara elkarteak, eta bihar ospatuko dute ekitaldia.

Erdi Aroko jaia Seguran, 2010ean. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA
Erdi Aroko jaia Seguran, 2010ean. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA
2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adi, Segurako (Gipuzkoa) karrikak lastoz beteta egonen dira bihartik aitzin, eta ez da gurpilen joan-etorriaren arrastorik izanen. Izan ere, autoak ez dira herrira ailegatuko. Baina bertakoek ez dute horren beharrik, ibilgailu propioak edukiko dituzte eta: zaldunek zaldiz eginen dute harresitik erdigunerako bidea, eta sorginek erratzak prest edukiko dituzte. 

Antzinako ofizioek hartuko dituzte 30 bat etxetako atariak; arotzak, trobadoreak eta jopuak egonen dira, bertzeak bertze. Izan ere, ehunka urte eginen dute gibelera segurarrek, Erdi Aroko jaia ospatuko baitute bihar goizetik iluntzera arte. 

«Ez da azoka bat, festa bat baizik», argi adierazi du Harresitik Karkabara elkarteko kide Uxue Maiotzek. Hamar urte pasatu dira azkenekoz besta ospatu zutenetik, eta Maiotzek azaldu du besta giroan sortu zela jaia berrantolatzeko ideia: «Iazko Segurako San Joan jaietan, zortzi neskak erabaki genuen festa berreskuratzeko erronkari heltzea». 

Antolakuntzaren muinean zortzi gazte egon arren, lan prozesuan herritarrekin elkarlanean aritu dira zenbaitetan: «Laguntza eskatu diegunean, guztiz kolaboratu dute, eta oso eskertuak gaude». Urte osoko lana izan da, eta orain lan fisikoari azken ukituak ematea falta dela dio Maiotzek: «Herria prest uzten gabiltza, kaleak lastoz betez, eta balkoietan abizenaren araberako banderolak eta ezkutuak paratuz».

Segurak dituen «altxor arkitektonikoak» ezagutzeko modua dela erran du Maiotzek. Gainera, zenbait berrikuntza antolatu dituzte, hala nola herritarrei eginen zaien auzia. Maiotzek nabarmendu du txoko batzuk aprobetxatuko dituztela photocall-ak egiteko, argazkien bidez jendeak «oroitzapen bereziak» eraman ditzan etxera.

Egitarauari dagokionez, nobleziak eta txistulariek atariak irekiko dituzte 11:00etan, eta zaldunek herriari buelta bat emanen diote zaldiz. 11:30etik 13:30era, berriz, umeentzako jolasak eta paper tailerra antolatu dituzte, frontoi ondoko arboladian. 

Bitartean, erlojuak eguerdia markatzean, herriko abesbatza igoko da beheko plazako oholtzarat, eta jarraian gari jotzearen txanda izanen da, txalapartaz girotua. Aurten, gainera, belaunaldi aldaketa egonen da gari jotzean, eta gazteek erreleboa hartuko diote adineko jendeari.

Horrez gain, 13:00etan herritarren auzipetzea antzeztuko dute Errebote plazan: sorginak eta gaizkileak kondenatuko dituzte gillotinara. 16:30ean berriz ekinen diote bestari, dultzaineroek eta nobleziak alaiturik. 

Arratsaldeko bortzetan, emakume bat joango da Artziniegatik burukoekin erakusketa egitera, eta burukoen desfilea eginen dute herriko plazan. Umeez ez dira atzendu, eta ordu horretan haurrentzako jolasak eskainiko dituzte, 18:00ak arte.

Bestari jarraikiz, gari jotzea eginen dute bigarren aldiz, 18:00etan, beheko plazan, baina oraingoan bertsolariak bidelagun dituztela. Atariak 19:00etan itxiko dituzte, eta Eneko Haritza, euskaldunen erregea antzezlana taularatuko dute Errebote plazan, 19:30ean. 

Afari berezia

21:00etan afari girotuaz gozatzeko aukera izanen da plazan. Baina ez da edonolako otordua izanen; Erdi Aroko ohituretara bueltatuko direla azaldu du Maiotzek: «Lurrezko plater eta basoak erabiliko ditugu. Baratxuri zopa egurrezko koilara erabiliz dastatuko dugu, eta oilasko izter errea, berriz, mahai tresnarik gabe, eskuekin». Segurako Nikolas Txiki sagar eta txokolatezko pasteltxoek emanen diote amaiera egunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.