Xarnege hitzak bertako kultura eta hizkuntzara moldatu gabeko kanpotarra esan nahi du gaskoiz, baina baita mestizo ere. Azken esan nahi horrekin hartu zuen hitza Euskal Herriko eta Gaskoiniako musikariz osaturiko taldeak, bi kulturen arteko nahasketa adierazteko. Xarnegeren doinu tradizional modernizaturikoak entzun ahalko dira gaur, 20:00etan, Hondarribiko Itsas Etxean (Gipuzkoa).
Joan Baudoin (boha, zarrabetea eta tradizioko perkusioak), Lucia Longue (xirulak, besson, caremera eta ahotsa), Simon Guillaumin (zarrabetea eta ahotsa), Josean Martin Zarko (gitarrak, bouzouki eta mandolina) eta Juan Ezeiza (bibolina, alboka eta txanbela) dira Xarnege. Azken biak Ganbara folk taldeko kideak izan ziren. «Kulturaren kontrabandista» gisa definitzen dute euren burua. Ez dituztedoinu tradizionalak bakarrik jotzen: efektu eta instrumentazio bereziarekin nahasketa garaikidea lortzen dute, eta antzinako edo, areago, denboraz gaindiko kutsua ematen diete piezei. Doinu mistoak QuebecekoChants de Vielles jaialdira eta Mexikora eraman dituzte, besteak beste. Gaueko lan musika-Musica de contrabanda diskoa argitaratu zuten 2004. urtean. Gero etorri ziren Ixo-Sho maxi CDa (2008) eta izen bereko CD luzea, bi urte geroago, denak Pyrene diskoetxearekin.
XARNEGE
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Hondarribiko Itsas Etxean (Gipuzkoa).
Seme-alaba nahasien doinuak
Euskal Herriko eta Gaskoiniako musika eta kantua elkartzen dituen Xarnege taldea arituko da Hondarribian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu