Jada itxia dago Donostiako Josephine pamela denda, baina Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) eta Oihana Aranak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) ez dute ahaztu, han ezagutu baitzuten elkar. Pamelak probatzen aritu ziren, Señora pamelaketaren final baterako. «Argazkiak daude!». Aurten ere sariketa hori antolatzen ari dira; bihar izango da bigarren kanporaketa, Iurretan (Bizkaia).
Oihana, zu mundu guztiak lotzen zaitu bertsolaritzarekin, baina zu, Danele, akaso ez.
DANELE SARRIUGARTE: Ez, Wikipediak ez.
OIHANA ARANA: Danele Sarriugarte Hitzetik hortzera-ko kapitulu batean agertu zen bertsotan, eta gai jartzailea ere izan da.
SARRIUGARTE: Egia da ez nautela bertsolaritzarekin lotzen, eta lotura hori daukat.
ARANA: Eta bertsopaper lehiaketa bat irabazi zuen umetan! Argazkiak daude.
SARRIUGARTE: Argazkiak daude. Ni jendearengatik nago Señora sariketan. Lagun bertsozale asko ditut. Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta jende transfeminista eta queer asko bertsolariak ziren. Horrela zaletu nintzen. Señorako bertsolarien oso zalea naiz: hori da nire bertsolaritza mota.
Bost urte pasatu dira Señora sariketa sortu zenutenetik. Ez da bertsoa bakarrik, ezta?
ARANA: Señora ez da inoiz izan bertsoa bakarrik.
SARRIUGARTE:Brillibrilli asko.
ARANA: Bertsolaritza eta transfeminismoa uztartzen dituen sariketa bat da. Ez da txapelketa bat, ez baitago txapelik: pamela dago. Askotariko helburuak ditu: jendea elkartzea, bestelako bertsozaletasun batzuk sustatzea, agian bertsozalea ez den baina transfeminista den jendea bertsolaritzara hurbiltzea, ondo pasatzea, bestela egingo ez genituzkeen gauzak egitea...
SARRIUGARTE: Musika, DJak eta bazkari giroa ere egon dira. Topaleku bat da. Gaitegia eta epai irizpideak landu dira. Horrek dakar bestelako saio batzuk izatea.
ARANA: Oso ondo esan dugu; Señora sariketa hau da: bertsolaritza eta brillibrilli asko.
«Justu emakumeak eta genero disidenteak izan dira baztertuak edo kanporatuak bide hegemoniko horretatik»
OIHANA ARANASeñora sariketaren antolatzailea
Plaza utzi duten edo bide hegemonikoa edo egonkorra egin ez duten emakume eta genero disidenteek izango dute plaza aurten. Zergatik?
SARRIUGARTE: Bosgarren edizioa izanda, nahi genuen zerbait berezia izatea. Egia da beti eduki dugula buruan hau, eta hainbeste plazatan aritzen ez ziren bertsolari batzuei deika ibili gara momentu jakin batzuetan. Aurtengoan, hor jarri dugu energia guztia.
ARANA: Konturatu ginen bertsolari posibleen zerrenda egiten genuenean zerrenda luzea ateratzen zitzaigula, baina bertsolaritza utzia zuten edo a priori kantatuko ez luketenen zerrenda luzeagoa zela. Interesgarria iruditu zitzaigun hori berreskuratzea, eta aldarrikatzea batzuek jarraitu dugula eta jende askok gauza oso handiak lortu dituela bertsolaritzan, baina horretarako jende asko kanporatu duela bertso sistemak berak. Hori erakusteko modu bat ere bada aurtengo sariketa, eta gure helburua izango litzateke jende horrek berriz plazara jauzia egitea, eta hau izatea lehenengo pausotxoa-edo.
Adierazgarria da aipatu duzun zerrenda horren luzera.
ARANA: Gehiago dira bertsolaritza utzi dutenak, orokorrean, jarraitu dutenak baino. Interesgarria iruditzen zaigu zergatik diren justu emakumeak eta genero disidenteak bide hegemoniko horretatik baztertuak edo kanporatuak izan direnak, hainbat urtez. Azken urteetan hori ere aldatu da, eta feminismoak egin duen lanaren bitartez gazte sariketetan eta eskolartekoetan beste gauza batzuk ikusi dira. Baina plazara urratsa egiten denean, aldaketa hori ez da guztiz errealista. Beharrezkoa iruditzen zitzaigun hori egitea.
SARRIUGARTE: Gainera, Señora sariketa azken bost urteetan antolatu da, baina horrekin batera Señora bertso eskolak ere sortu dira. Bilboko Señora bertso eskolako kideak kantatzera etorri ziren aurkezpen egunean. Ez dira oso gazte hasi bertsotan, eta jolasetik aritzen dira. Ez dadila soilik lehiakortasuna izan.
«Alde batetik, egoera goxoago bat bermatu nahi genuen, eta, bestetik, bazkari bat egitea saioaren aurretik»
DANELE SARRIUGARTESeñora sariketaren antolatzailea
Eta espazio seguru bat eskaintzea ere bai.
ARANA: Noski, eta horregatik izango dira bikoteka aurten. Zuk espazio bat utzi baduzu edo espazio horrek bota baldin bazaitu, segur aski ez daukazu bueltatzeko kristoren ilusioa a priori. Normala izango litzateke. Zaindu nahi genuen, eta ahalik eta espazio goxoena eskaini kantatzera etorriko zirenei.
Elkarteetan biltzen ari zarete. Hori ere erabaki bat izan da, noski.
SARRIUGARTE: Bai. Alde batetik, egoera goxoago bat bermatu nahi genuen, eta, bestetik, bazkari bat egitea horren aurretik. Saiora iristea ja lanketa pixka batekin: ez iristea eta zuzenean oholtzara igotzea.
ARANA: Ezin dugu ahaztu mahai bueltako bertso saioak azken urte luzeetan oso saio maskulinizatuak izan direla. Oso interesgarria iruditzen zitzaigun elkarte gastronomikoak geure egitea, eta hor gu ere seguru egon gaitezkeela aldarrikatzea.
Finala Iruñean egingo duzue, eta han ohorezko señora bikote bat egongo da zuekin: Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano.
SARRIUGARTE: Horrek kristoren ilusioa egiten digu. Egon izan dira ohorezko señorak, eta aitortza bat egin nahi izan diegu. Omendu nahi genituen, eta, biek baiezkoa eman zigutenean, fantasia bat izan zen: gure Whatsapp taldea bihotzez bete zen.
ARANA: Lehertu egin zen.
lotsabako
Orain, Lotsabako.
SARRIUGARTE: Lehen aldia da! Asmatu dezakegu? Bertsolari bat? ARANA:Señora bat?Señora bat?
SARRIUGARTE: Maria Luisa Galardi. Bestela, Onintza Enbeita. ARANA:Nik iaz hori esan nuen!