ATZEKOZ AURRERA. Iker Ortiz de Zarate. Aktorea

«Sentimendu batekin hasten da dena»

Hamar urte beteko ditu Ortzai aretoak Pintore kalean, eta hamabi Ortiz de Zaratek sortu zuenetik. Denbora horretan, nazioartean ere erakutsi ditu bere lanak: Amerikako Estatu Batuetan, Kuban...

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzerrian antzezpen eta antzerkiari buruz ikasitakoa jaioterriari itzultzeko asmoarekin itzuli zen Iker Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1970). Ortzai antzerki eskolaren eta Euskal Antzerki eta Dantza Konpainiaren ideia zuen buruan. 2005ean hasi zuen bidea, eta, duela hamar urte, Pintore kaleko aretoa ireki zuten. Iragan larunbatean antzeztu zuen nazioartean ateak ireki zizkien lanetako bat, Ortzai aretoko oholtzan:De profundis; Oscar Wildek espetxean zegoela Lord Alfred Douglas maitaleari idatzitako gutunetan oinarritutako bakarrizketa.

Duela zazpi urte antzeztu zenuen lehengoz De profundis. Nola bizi izan duzu zazpi urteren buruan lan hori taulara eramatea?

2010ean egin nuen lehenengoz. Urte horretan, Wildek gutunak idatzi zitueneko adina nuen. Ordutik, zerbait berria atzematen diot testuari, beti. Ez urtetik urtera soilik, baizik eta emanaldi batetik bestera. Testua geroz eta hobeto ulertzen dut. Testu on baten atzean beti dago misterio bat. Testua, oinarria, bera da; ez dut interpretazioa prestatzen, baina aldi bakoitzean zerbait berria atzematen diot.

Aipatu duzu ez duzula interpretazioa prestatzen.

Ez dut Oscar Wilde antzeztu nahi; ez dut irudikatu nahi bera naizenik. Bere sentimenduei bide eman nahi diet. Barnean zituen sentimenduak errespetatu, eta horiek libre transmititzeko instrumentu lana baino ez dut egin nahi, bitartekari lana.

Nola geratzen zara bakarrizketa amaituta?

Hutsik. Testu hau ezinbestekoa izan da nire bizitzan hainbat gauza beste modu batean ikusteko. Sentitzeko. Bakarrizketa amaitzean hutsik sentitu arren, gauza asko geratu zaizkit barnean.

Ortzaik dituen hamabi urteetan Euskal Herriko mugak gainditu dituzue.

Atzerrian kritika onak jaso ditugu, bai. Laguntzarik jaso gabe ere, nazioarteko erakunde ospetsuen gonbidapenak jaso izan ditugu.

Aipatu izan duzu Eta orain? lanak, euskal herriko gatazkan oinarritutakoak, De profundis-en lekukoa hartu zuela.

De profundis-ek ateak ireki, eta Eta orain? urrunago heldu da, nolabait esateko. Indarkeria egoeren osteko hausnarketan zentratzen da. Munduan mugitu dugu. Ordea, uste dugu Euskal Herrian izan dezakeela bidea, oraindik ere.

Duela hamabi urte Ortzairekin hasi zinenean, horrelakorik espero al zenuen?

Ez nuen espero horrenbeste jasoko nuenik. Maila guztietan, gainera: lana, poza, zirrara, kidetasuna, maitasuna... Bide bizia da. Lan handia egin behar da, baina ederra izan da. Hala jarraitzea espero dut.

Hasieran, ordea, irakastea zerbait handiegia zela aipatu izan zenuen.

Norbaiti bokazioa kentzera hel daiteke irakasle txar bat! Nire garai bateko irakasleekin hitz egin nuen, eta babesa eman zidaten. Ikasle guztiek balio dute; barruan duten on guztia askatzeko aukera behar dute.

Ortzai izan zen mota horretako lehen ekinbide pribatua Gasteizen. Nolakoa izan zen bidea lehenengoz urratzea?

Oso gogorra, baina asko jaso dugu. Geroago etorri direnek meritu bera dute, edo handiagoa; krisi garaian hasi dute bidea. Dena den, ez dituzte topatuko duela hamabi urte egon ziren egoera batzuk, eta pozten naiz. Estilo askotako aretoak irekita egoteak giroa ematen dio hiriari.

Gizarteak baloratzen al ditu inguruan ditugun sormen kulturalak?

Gizarte bat epaitu dezakegu kulturarekin duen harremanagatik. Alor guztiak dira garrantzitsuak: zientzia, teknologia... Dena den, gizartea bide onean jarriko badugu, funtsezko gauzak daude.

Adibidez?

Dena hasten da sentimendu edo emozio batekin. Emozioek, sentimenduek, kontzientzia garatzen dute. Horiek lantzeko badaude derrigor kontuan hartu beharrekoak: kultura, artea eta hezkuntza. Horiek dira gizartearen mamia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.