ATZEKOZ AURRERA. Josu Jimenez Maia. Idazlea

«Sentsazioak transmititzen ditu haikuak, ez sentimenduak»

Haikuak maite ditu Jimenez Maiak, Japoniatik datozen poema berezi horiek. Bi liburu argitaratu ditu, eta askotan tailerrak ere antolatzen ditu zaleekin ezagutzak partekatzeko.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Haikuez mintzatu ziren atzo Iruñeko Nafar ateneoan, eta sortu zituzten hainbat poema ere. Josu Jimenez Maiak (Iruñea, 1967) gidatu zuen tailerra. Jende gutxi bildu ohi da horrelakoetan, baina asko ikasten dute denek beren artean.

Zer motatako harremana duzue haikuek eta zuk?

Haikuak maite ditut, eta, poesia eta Japonia ere maite ditudanez, lehenbizi irakurtzen hasi nintzen, gero baten bat itzultzen, eta gero ausartu nintzen sortzera. Bazeuden euskaraz idatzitako haiku batzuk, baina gutxi, eta nik uste nuen bazela modu polita zerbait diferentea egiteko euskaraz.

Erraza da haiku bat sortzea?

Erraza dela ematen du. Xarma handiko poesia da, baina badu zailtasuna. Ematen du 5-7-5 silabako artefaktu poetikoa egitea dela soilik, baina, Matsuo Bashok esaten zuen bezala, momentu batean eta leku jakin batean gertatzen den hori da. Normalean, Mendebaldeko poesian, eta euskarazkoan ere bai, batez ere lirikoan, besteak beste Lauaxetak eta Orixek lurrari kantatzen zioten. Zergatik ez kantatu euskal lurrari Japoniako artefaktu honen bidez? Zergatik ez sortu, haikuen erara, horrelako istant laburreko poema txikiak urtaroari lotutako hitza dutenak —kigo—, etena dutenak —kiregi— eta momentu batean sentitutako hori transmititzen dutenak? Normalean, poesiaz hitz egitean, hiperbole bat, hiperbaton bat edo metafora bat datorkigu gogora. Haiku batean ez duzu tokirik ere horretarako. Bizi, usaindu edo nabaritu duzun hori da.

Euskal literaturan haikuak ez dira arrotzak, inondik inora.

Nik uste Sarrionandiak kulpa handia duela. Aipatzen denean euskarazko haikuak egiten lehena, Sarriren haiku batzuk aipatzen dira. Hark ezetz dio, harenak ez direla haiku ortodoxoak. Berdin gertatzen da Juan Kruz Igerabideren poemekin, Begi-niniaren poemak zoragarri horiekin. Baina agian ez dira 5-7-5. Badira momentuak, baina denek ez dute edaten naturatik. Maiatz argitaletxearen eskutik bazen Haiku kaiku deitutako liburu berezi bat ere. Gero, Karlos Linazisorok eta Josetxo Azkonak lan handiak egin dituzte. Momentu batean, bat-batean, ados jarri gabe, ematen zuen jende diferentea hasi ginela horrelakoak egiten.

Zer behar da haiku on bat egiteko?

Sentitu, bat egin eta egilea desagertu. Haikuan protagonista ez da egilea, eta sentimenduak ez dira transmititzen; horretarako beste poesia dago. Transmititzen dira sentsazioak. Protagonismoak alde batera utzi, eta azaldu behar dut zer sentitu dudan, ni agertu gabe. Nik uste jendea lotu egiten dela, batez ere udazkenean. Urtaro guziak dira politak Euskal Herrian, baina udazkena da politena. Nola ez gelditu txundituta? Badakizu urtero eroriko direla hostoak, urtero kraskatuko duzula orbela, baina badu xarma hori.

Orbel azpiko haikuak izenburuak udazkena dakar gogora; Gerezi denborako haikuak, udaberria.Bi urtaro horiek dira egokienak?

Lehenbiziko liburua udaberrian atera nuen; ETAk su-etena aldarrikatu zuen, eta gerezi garaia zen, esperantza garaia. Joan den urrian atera zen Orbel azpiko haikuak. Izan zen orbela kraskatzean sortutako haiku bat. Orbela zapaltzen dugunean, Mendebaldeko mentalitateak dio: «A ze faena garbitzaileentzat». Utilitarismoa. Baina benetan zoragarria dena kraskatzea da. Nahiago dut horrekin gelditu. Orbela kalean da, eta momentu txiki horiek gozatzen jakin behar dugu.

Japonian zein egoeratan da haikua?

Oso arruntak dira. Hemen ez bezala, han jende askok egiten ditu: Mitsubishi enpresako kudeatzaileek, kale garbitzaileek eta geishek. Egunkari zenbaitetan egunero argitaratzen da haikua. Oso gauza arrunta delako, arrunkerietan erori gabe.

Twitterren ere badira #haikuak.

Aukera polita da teknologia berriak eta poesia txikiak uztartzeko. Nik #haikuakeuskaraz traola erabiltzen dut, eta hori proposatu diet ikastaroan. Gaur egun, gainera, edozein sakelakorekin egin daitezke argazki politak, eta haikua argazkiarekin jarri. Biak nahastea ariketa interesgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.