Komunikazioa

SER katea da nagusi; Euskadi Irratiak gora egin du, eta Radio Euskadik, behera

EGMren 2011ko lehen azterketaren arabera, Euskadi Irratiak urtebetean 29.000 entzule irabazi ditu

Euskadi Irratiko entzule kopurua hazi egin da. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESSS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan SER da entzule gehien duen irratia, alde handiarekin, EGMk 2011n egin duen aurreneko azterketaren arabera. Astelehenetik ostiralera, hiru herrialdeetan 281.000 entzule ditu SERek, 2010eko azken neurketan baino 100.000 entzule gehiago. 2010eko azken hiruhilekoan behera egin zuen SERek, eta horretan eragina izan zuen Paco Gonzalez eta haren taldea Copera joan izanak. Baina 2011ko aurreneko hiruhilekoan lehendik zituen entzuleak berreskuratu eta hortik gora egin du.

Radio Euskadi dago bigarren postuan irrati generalistetan, baina SERetik oso urruti. EGMko neurketaren arabera, 151.000 entzule ditu, duela urtebete baino 54.000 entzule gutxiago. 2010eko hirugarren neurketarekin alderatuz, 35.000 entzule galdu ditu.

Euskadi Irratiak, aldiz, gora egin du, nabarmen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, duela urtebete, 57.000 entzule zituen, eta orain, 86.000 ditu. 2010eko azken neurketarekin alderatuz, 14.000 entzule gehiago ditu orain euskarazko irrati publikoak. EITBk adierazi du Hego Euskal Herri osoko datuak aintzat hartuta Euskadi Irratiak 92.000 entzule dituela.

Onda Vasca irratia aurreneko aldiz agertu da EGMko datuetan, eta 70.000 entzule eman dizkio. CIESek 2010eko azken neurketan 85.000 entzule eman zizkion, EGMk orain baino 15.000 gehiago.

Irrati formuletan, Prisa taldeko Los40 entzuten da gehien: 210.000 entzule. Duela urtebete baino 120.000 entzule gehiago eman dizkio EGMk. Bigarren tokian Cadena100 dago, 109.000 entzulerekin. Eta hirugarrena Gaztea da: 98.000 entzule ditu 2011ko lehen hiruhilekoan, duela urtebete baino lau mila gehiago eta 2010eko azken hiruhilekoan baino 13.000 gehiago. Datu onak dira Gaztearenak, baina lehiakideak hobeto ibili dira, eta duela urtebete lortu zuen lehen postua galdu du.

EITB Musika irratiak 20.000 entzule izan ditu 2011ko lehen hirulekoan, eta Radio Vitoriak, 21.000.

Espainian, Copek gora egin du

Copek gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: azken urtebetean, 37.000 entzuletik 54.000ra pasatu da. Espainian, Coperen igoera are nabarmenagoa izan da, milioi erdi entzule irabazi baititu (%41 hazi da). Paco Gonzalez kirol esatariak entzule asko bereganatu ditu, eta Tiempo de juego saioak 1.264.000 entzule ditu igandeetan (urtebetean, %263ko igoera). SER irratiko Carrusel Deportivo-k, hala ere, oraindik lidergoari eusten dio igande arratsaldeetan, 1.512.000 entzulerekin.

Astelehenetik ostiralera, SER irratiak lehen postuan jarraitzen du, eta azken urtean %5 egin du gora. Onda Cerok eta RNEk ere duela urtebete baino entzule gehiago dituzte; lehena %10 igo da, eta bigarrena, %9. Behera Punto Radiok egin du, entzuleen %19 galdu baititu.

ETBk, 623.000 ikus-entzule

EGMk ematen dituen datuak irratietarako izan ohi dira erreferentzia. Telebistako datu batzuk ere ematen ditu, hala ere. ETBko hiru kateetako ikusleak 623.000 dira Hego Euskal Herrian, EGMren arabera.

Espainian, La1 ikusten da gehien (%20,5eko ikusle kuota), eta Tele5 gero (%17). Iazko datuekin alderatuz, La Sexta bakarrik igo da: %7a. Gaikako kateen artean, Neoxek eta Novak dute ikusle gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.