Komunikazioa. Ekografiak

Serio ustean

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Tira, nahikoa da eguraldi txarra aitatzea, aste osoan tximista eta trumoi aritzeko. Lehiaketak ekarri nituen azken zutabera, eta lehiaketez ariko naiz gaur ere. Aspalditik nuen artikulu hau gogoan, lagun batek pistan sartu ninduenetik. Berak nik baino hobeto idatziko lukeen arren, hemen behar du, telebistaren gainekoa izanik.

Gaian aditu direnek diote Antena3 kateak egin duela esfortzua, Tele5k markatutako bide sentsazionalista utzi eta beste nonbaitetik jotzeko. Egin dutela apustua, sendoa, lehiaketekin adibidez, eta oraingoz ondo ateratzen ari zaiela. Gainera, kateari ematen omen diote beste itxura bat, serioagoa edo. Emaitzak: pentsa, kate berean, Karlos Argiñano eta Patricia Gaztañaga haren egunerokoaren oinordekoa kendu dituzte arratsaldeko ordutegitik —Argiñanoren kasuan, gaitz erdi, eguerdira pasatu dute, ez baitzuen sekula utzi behar; egunerokoa, aldiz, itxarongelara—. Gainera, kapaz dira konpetentziarekin neurrian aritzeko, Tele5ko Pasapalabra beteranoarekin, kasurako.

Besterik da zer lehiaketa mota egiten den —La llamada millonaria eta gisako iruzur argiegiak alde batera utzita, noski—. Carlos Soberarenaz ez dut sobera esango, lehiaketa tipikoa da, non galde-erantzun batzuen bitartez lehiakideek diru sari —eskuzabala, xuhur— bat eraman dezaketen. Aurretik duen Ahora caigo horrek jartzen nau sutan. Hasteko, aurkezlea ez dudalako jasaten. Ez dakit nire gauza izango den, baina, tipoak, barre eginarazi baino gehiago, beste keinu batzuk eragiten dizkit aho-ezpainetan, higuinetik gertuago daudenak. Grazia egin baino gehiago, emango nizkiokeela pare bat txalo, masail banatan. Arturo Valls da aurkezlea, garai batean izena lortu uste zuena Caiga quien caiga edota Camera café saioetan. Dena galdu du honezkero.

Eta saioaren zioa dago gero. Esango dut: lehiaketaren grazia bakarra —aurkezlearena jada baztertua—, desgrazia hutsa da: lehiakideak zulo batera nola erortzen diren ikustea, ez besterik. Bai, ez da hainbeste teleikusleak neurtzen duela bere jakinduria, eta onik ateratzen dela ia beti, lehiakide nahiko moztakekin. Gehiago da lehiakideen hutsa bilatzea, lehiakideen hanka sartzea, bat-batean beren oinen azpian irekitzen den zuloak nola irensten dituen ikusteko. Eta hori bada adituen ustean serioago, zintzoki, nahiago beste zerbaitean aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.