Zeruko ateak. Las puertas del Cielo. Duela bi hilabete inguru izen hori zalaparta sortzen hasi zen Gasteizen. Sexu aisialdirako areto baten izena da, eta, oraingoz paperean dagoen egitasmoa bada ere, sustatzaileek izango denaren zertzeladak eman dituzte; ez da bikotekide trukaketarako eremua bakarrik izango; bikoteei zerbitzua eskainiko die, hein handi batean. Hori dela eta, zenbait kritikaz gain, sexu aisialdia eta sexu praktika ez-konbentzionalen inguruko gogoetarako oinarri bihurtu da.
Brigitte Vasallo idazle eta kazetariaren iritziz, oraindik ere tabuaren eta «ezkutatu beharraren» pentsaera iltzatuta dago gizartean: «Munduko gainontzeko lekuetan gertatzen dena gertatzen da halako aretoetan: sexu harremanak dituzte; askotan, beren bikotekide ez direnekin, baina ez dute ezkutatzen».Larritasun handiena azken puntu horrek sortzen duela iruzkindu du, hau da, ezkutatu gabeko harremanak izateak, pertsona horien artean adostuak, hain zuzen ere. «Iruzurrean eta gezurrean oinarritutako harremanek larritu beharko gintuzkete gehien, eta, zentzu horretan, leku horiek eredu zintzoagoa eskaintzen dute».
Agurtzane Ormatza sexologoak oroitarazi du bikotekidea trukatzeko lokalak aspaldidanik daudela Europan, baita Euskal Herrian ere. «Gasteizkoa pribatua izango da, baina badaude bestelakoak ere, autokudeaketaren alde egiten dutenak». Dena den, mota horretako areto bat irekita, sexualitateari buruz hitz egitean agertu ohi diren argudioak errepikatu ohi direla azaldu du: «Denetariko jarrerak agertzen dira, baita arriskuen mundua ere: osasuna, delituak, ongizatea... Horri buelta bat eman beharko genioke».
Beldur horien atzean informazio falta edo ezjakintasuna egon daitekeela azaldu du Ormatzak, baina, aldi berean, «nahiko jakitunak» garela gaineratu du. «Gure ingurua ikusten badugu ikus dezakegu nola mugitzen den desioa, maitasuna eta afektua». Bikotekide sisteman desioa kudeatzeko hainbat eredu daudela azaldu du, batzuk ezkutukoak, baina baita beste modu batekoak ere. «Historian eredu diferentetako adibideak daude. Ez da gizarte honek ezartzen digun eromena; agian eromena da egun nola kudeatzen dugun egoera».
Josebe Iturriotz Medeak taldeko kideak esan duenez, «buru oso konbentzionalak» beldurtzen dira halako ekinbideekin. «Batzuek argudiatzen dute umeen jolastoki baten aurrean dagoela, baina umeak ez dira bertan sartuko, ezta barruan daudenak aterako ere; hain zuzen ere, horretarako hartu dute lokala». Argudio horiek —adingabeen kontrako balizko sexu erasoak zeharka aipatzeak— atentzioa eman diotela aitortu du Iturriotzek; hain zuzen ere, sexu erasoak familia eremuan gertatu ohi direla gogorarazi du.
Eredua, eztabaidagai
Lokal horien zilegitasuna alde batera utzita, Vasallok eta Iturriotzek azaldu dute hausnarketa beste maila batean ere egon daitekeela: ereduarekin ados egon daiteke daiteke edo ez, norberaren ideien arabera. Bikotekide trukaketarako aretoei leporatu izan zaie bikote heterosexualen arteko trukaketetara bideratuta egotea, eta ikuspuntu heterozentratua izatea hein handi baten. Iturriotzek azaldu du hori beste eztabaida bat dela: «Ondo dago halako tokiak irekitzea, baina halako tokietan beste ikuspuntu batzuk egotea nahiko nuke, ez ikuspuntu heterozentrista; baina eztabaida politikoan sartzea da hori».
Ildo horretan, gogoeta sakonagoa behar dela gaineratu du. «Halako lokal baten inguruan, gure aurreiritzi guztiak kaleratzen ditugu, eta benetan eztabaida politiko bat behar dugu; sexua politika dela ulertzea, informazioa izatea, eta gai hauek lasaitasun handiagoarekin hartzea».
Vasallok sexu praktika ez normatiboen izaera propioa aldarrikatu du; hau da, ez dira zerbaiten kontrako hautu gisa ulertu behar. Harreman sexual eta afektiboak izateko beste modu bat direla laburbildu du, ez ezarritako sistemaren aurkako zerbait. Nolanahi ere, gaineratu du zehaztapen asko egin daitezkeela. «Bikotekidea trukatzeko lokal batera joan, eta estruktura monogamoak errepika ditzakezu, adostutako beste osagai bat sartuta».
Vasallok defendatu du ezberdintasun ardatz guztiak kontuan hartu behar direla amodio egiturak aztertzeko: generoa, hetero-normatibitatea, kapitalismoa... «Gauza horiei guztiei helduko ez dien azterketa batek ez du aldaketarik sortuko; bestela, arriskua dago indarkeria handitzeko, pertsona gehiagok parte hartzen duten neurrian».
Gaineratu du bikotekide trukaketarako lokalek ez dutela LGTB kolektiboa aintzat hartzen, patriarkatu «bortitza» dagoela, eta, salbuespenak salbuespen, emakumezkoak guztiekin oheratzen direla eta gizonezkoak emakumezkoekin: «Betiko homofobia zaharra». Testuinguru horretan kokatu ditu Vasallok areto horietako arau batzuk: emakumeak gutxiago ordainduta sartzea, eta egun batzuetan, dohainik... «Esan ohi da emakumeek ordaintzen ez dutenean merkantzia erakartzeko izaten dela».
Gasteizen ireki nahi duten aretoaren harira, sustatzaileek zehaztu badute ere bikotekidea trukatzeko areto bat baino zerbait gehiago izateko asmoa dutela, Vasallo zain dago ea beste ekarpenik egingo ote duten: «Bestelako proposamenik izan ezean, ez ditu ezbaian jarriko ezarritako ereduak». Edonola ere, nabarmendu du eztabaida hori ez dela nahastu behar halako aretoen presentzia edota zilegitasunarekin. «Bi eztabaida ezberdin dira».
Behinik behin, aretoa ez dute irekiko epe laburrean. Ez sortu den eztabaidak eragin diolako, baizik eta Gasteizko Udala aztertzen ari delako aretoa irekitzeko aktibitate baimena: iristeko erraztasuna, soinu isolamendua... Irizpide teknikoak beteko balitu, lanak hasteko baimena emango lieke udalak sustatzaileei, eta, behin lanak bukatuta, baldintzak betetzen dituztela ikuskatuko luke. Hori bai, betiere erabakia «irizpide teknikoen» arabera hartuta, Gasteizko Udalak jakinarazitakoaren arabera. Vasallok barrez hartu du irizpide teknikoen zehaztapena: «Ea zer gertatzen den; meskitak baimendu behar dituztenean irizpide teknikoez ahaztu egiten dira».
'Swinging', eredu zaharra
Ormatzak gogorarazi du bikotekidea trukatzea —ingelesez swinging esaten zaio—, duela zenbait hamarkada sortu zela, gizarte aldaketaren testuinguru batean. «Bikote sistema zabaltzea zen helburua; beste lagun batzuekin egotea, elkar ezagutzeko, laztantzeko, erotika horretan beste era batean murgiltzeko, beste maitasun eredu batzuetan sartzeko...».
Euskal Herrian bizimodu horri ateak ireki dizkioten aretoak badaude. Galdakaon (Bizkaia) Geminis tabernak hamabi urte darama funtzionatzen. Bikotekide trukaketak eta sexuarekin lotutako bestelako festak egiten dituzte. Mari Jose Merchan da jabea. «Gero eta jende gazteagoa biltzen da, 20 urtetik 60 urte pasa dituen jendea da. Mota guztietako bezeroak ditugu: langile xeheak, abokatuak edo sendagileak datoz», azaldu du.
Aste barruan edonork sartzeko aukera du, eta larunbatetan bikoteak bakarrik joan daitezke. Hilean bitan festa bereziak egiten dituzte: inauterietako festa, San Valentin egunekoa, tanga gorriena... Galdakaon ere bakarrik doazen emakumeek merkeagoa dute sarrera, 10 euroan, eta bakarrik doazen gizonen kopurua mugatu egiten dute Geminisen. «Hamar sar daitezke gehienez. Hobeto kontrolatzeko guztia, eta arazorik egon ez dadin», dio Merchanek. Bakarrik doazenek, gainera, tabernatik beste espaziora sartzeko bikotekideren baten gonbidapena behar izaten dute.
Egunotan ezagutu du Gasteizko Las Puertas del Cielo aretoaren kasua, eta baikor hartu du Merchanek gisa honetako areto gehiago irekitzea Euskal Herrian. «Bikoteak errutinan ez erortzeko balio dute taberna hauek. Bikotean morboa sortzen dute, eta bata bestearekin ez nekatzeko bidea ematen dute. Bien arteko hitzarmen batekin eginez gero, oso baikorra dela iruditzen zait».
Hitz batean laburbildu ditu aretoko arauak jabeak: «Errespetua. Errespetua dagoen bitartean, denak oso ongi funtzionatzen du; beste edozein lekutan bezala». Gaineratu du, auzokoekin ez dutela sekula arazorik izan. Ostalaria zen Merchan Geminis ireki aurretik, eta giro liberalean mugitzen zen. Baina zer da giro liberala? Nahiko argi du definizioa Merchanek. «Bikote baten kasuan norberak nahi duena egitea da, biak gozatuz eta engainurik gabe. Bien arteko hitzarmen baten bidez, betiere».
Gasteizko Las Puertas del Cielo aretoaren kasuan nola iragarri duten arraroa egin zaio Merchani. Taberna gehiegi iragartzen ari direla dio, hedabideetan ere atera delako, eta gisa honetako lokalek pribatutasun handia eskatzen dutela gaineratu du. Auzokoen kritikak izatea okerrena dela dio, eta orain hori gainditzea kostako zaiela uste du. «Giroa ezagutzen ez duen jende askok prostituzioarekin lotzen ditu lokal hauek, eta izugarri tristea da hori. Argi utzi behar da hemen ez dugula kobratzen», azaldu du Merchanek. «Jende askok barne-barnean morboa sentitzen du, badu jakin-mina baina kritikatu egiten du aldi berean, eta hipokritak dira horretan».
Tabernara jendea erakartzeko turismo paketeak eskaintzea ez du ulertzen Merchanek. «Hori ez da giro liberala. Nik ezagutzen ditudan giro liberaleko aretoetan ez dute gisa horretako eskaintzarik inoiz egin».
Krisia nabaritu dute Geminisen azken urteotan. Larunbat batean 15-20 bezero inguru izaten dituztela kontatu du jabeak. «Beherakada nabaritu dugu, ostalaritzako beste edozein tabernatan bezala; hau, azken finean, ostalaritza baita. Sartu eta kafetegia baten itxura dauka. Ezberdintasun bakarra da film pornoak dauzkagula jarrita telebistan».
Sexurako hamaika modu
Gasteizen sexu aisialdiko areto bat irekitzeko asmoak zeresana sortu du, eta sexu praktika ez-konbentzionalen eztabaida mahai gainean jarri; halako lokalei egindako kritikak «ezjakintasunak eragindako beldurrean» oinarrituta daudela azaldu dute zenbait adituk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu