Hirietarako bidaiak (IV). Berlin

Sexya eta oraindik txiroa

Berlinen aurreko mendeak utzitako zauriak sendatu nahian dabiltza oraindik. Aldaketa prozesu horrek bihurtzen du Alemaniako hiriburua hain erakargarri, baina aldaketa hori izan daiteke etsairik arriskutsuena.

Eguraldia lagun, parkeetara jo ohi dute berlindarrek. Tempelhof aireportu zaharrera, adibidez. BERRIA.
Danel Agirre.
Berlin
2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Klaus Wowereit sozialistak, Berlingo alkate karguarekin, porrot egindako udaletxe baten ardura hartu behar izan zuen duela hamar urte. Eguneroko gastuei aurre egiteko, zailtasun franko zuten hiriburuko erakunde publikoek. Wowereiten errezeta, gizarte zerbitzuetan murrizketa mingarriak ezarri ondoren, kanpoko kapitala erakartzeko atsedenik gabeko kanpaina abiatzea izan zen.

Telebistako saio batean, bere hiriak inbertsiogileei zer eskaintzen zien galdetu zioten Wowereiti. Industria sarerik gabe, enpresa handiek Alemaniako beste toki batzuetan zituzten egoitzak. Langabezia tasa altuak eta soldata murritzek merkatariak uxatzen zituzten, bertakoek zer gastatu gutxi zutelako. «Berlin ist arm, aber sexy», aldarrikatu zuen alkateak: «Berlin txiroa da, baina sexya».

Burokraten eslogan komertziala izanda ere, definizioa ez da batere txarra. Behin harresia eraitsita, hiritarrek ingurua hutsetik berreraikitzen eman zuten 90eko hamarkada, hamaikagarren aldiz. Zatiketaren lubakiek utzitako espazio erraldoiak okupatzen joan ziren, eta, askatasun giroak deituta, Alemaniako eta Europako dozenaka mila gazte iritsi ziren. Baliabide gutxikoak gehienak, inork baztertuko ez zituelako etxean sentitzen zirenak.

Hirien sailkapen birtualak egiteko orduan, aztertu ohi dira eskaintza kulturala, gastronomikoa, baita bizi-kalitatea, iraunkortasuna eta gisa horretako kontzeptu abstraktuak ere. Gutxiago azpimarratu ohi da bertan bizitzeko eta bisitan joateko egin beharreko esfortzu ekonomikoa. Bere txirotasunak merke iraunarazi du Berlin gaurdaino; eta pobrezia hori da, ziur aski, sexy mantendu duena ere. Wowereiten guraria betetzen bada, ordea —zantzuak antzematen dira han eta hemen—, dirua borborka iristearekin batera haren magia bitxia desagertuko da.

Iraganari jarraiki

Ezin esan liteke, oro har, Alemaniako hiriburua Europako ederrenen artean dagoenik, historiaren orbain begi bistakoek haren fisionomia guztiz baldintzatu baitute. Halere, auzo zaharren, eraikin berrien eta lursail hutsen arteko nahaspilak badu halako xarma postmoderno bat.

Berlingo monumentu eta txoko turistiko asko (Brandenburgoko Atea, Reichstag eraikina, Gendarmenmarkt plaza, Nikolaiviertel auzoa eta Berliner Dom katedrala, esaterako), osorik edo zatika berregin behar izan dira azken ehun urteetan. Atzen eliza Museumsinsel uhartean kokatuta dago, eta bertako eraikinek, salbuespenak salbuespen, osorik iraun dute gaur arte. Pergamon eta Neues museoak dira beharbada multzoan gehien nabarmentzen direnak.

Badira haiek baino bilduma xumeagoak dituztenak ere, baina ez horregatik interes gutxikoak. Bauhaus-Archiv zentroak itzal handiko diseinu eta arkitektura joera horri eskainitako material ezin hobea dauka, adibidez. Eta hiriko harribitxi ezkutuetako bat Die Brucke museoa da. Ezbairik gabe. XX. mende hasierako Europa iparraldeko espresionismoaren lan sortak merezi du Grunewald basorainoko txangoa. Bizikletaz, adibidez.

Izan ere, ibilbide turistiko klasiko bat baino gehiago, guztiz gozatzeko Berlinek jarrera aktiboa eskatzen du. Eguraldia lagun bada, ingurumariak bi gurpilen gainean miatzeak bertakoen eguneroko ohiturak ezagutzea ahalbidetzen du.

Bizikleta edo metroa hartuta, historiaren aztarnei jarraituz mila txango egin litezke. Harresiaren aztarnari jarraituz East Side Galleryn abiatuta, edo Harresiaren Memoriarako pasealekuan, Bernauer Straßen. Bai Topographie des Terrors eta bai Juduen Museoak, Mitten, dokumentazio itzelezkoa daukate.

Ikusteko bainoago, egiteko

Gaurko Berlinek arima hedonista dauka, sufrikarioen ostean erlaxatzeko garaia iritsia balitz bezala. Bisitariak ez du DNA hori ezagutuko, ordea, etxetik ekarritako bidaia gidak albo batera laga eta trankil bizitzeari ekiten ez badio.

Eguna Kreuzberg eta Neukolln auzoak banatzen dituen kanalaren ertzetan has daiteke, esaterako. Hiri osoan barreiatuta daude gosari oparo askoak ematen dituzten kafetegi eta terrazak. Oso berandu arte —16:00etan edo geroago ere bai— eska daitezke barazki, gazta, opil eta abarrez osatutako platerak; aurreko gaua luzatu dutenak mimatzeko modu bat da. Ankerklause (Kottbusser Damm 104) eta Cafe am Ufer (Paul-Lincke-Ufer 42) dira goiza indarrez ekitea ziurtatzen duten bi klasiko.

Asteartea edo ostirala bada, motxila jaki goxoz bete daiteke metro batzuk harago ezarritako turkiar merkatuan. Berlingo izkinetan banatuta badira beste hainbat azoka, estalperik gabekoak gehienak. Winterfeldt Marktekoa (Winterfeldplatz) bizi-bizi egon ohi da asteazken eta larunbatetan.

Zakutoa bete ez bada, artisau okindegiren batean geldialdia egitea ez da batere ideia txarra. Alemaniarrek ogi zaporetsuak maite dituzte; zorte pixka bat izanez gero, benetako arte obrak aurki daitezke. Solunara (Gneisenaustraße, 58) edo Brotgartenera (Seelingstraße, 30) joatea merezi du, dendako usainez gozatzeko besterik ez bada. Ama orez egindako pieza ikusgarriak saltzen dituzte.

Ogi onarena ez da berlindarrek oraindik tinko borrokatzen duten ia galdutako lehia bakarra. Diskoen kulturak ere, adibidez, bizi-bizi darrai. Hard Wax (Paul-Lincke-Ufer, 44), Space Hall (Zossener Straße, 33) eta Oye Records (Oderbergerstraße, 4 eta Friedelstraße, 49) negozioa zabaltzen ari dira azkenaldian, itxi beharrean, harrigarria badirudi ere.

Sei hilabetez desagertutako eguzkia martxo edo apiril aldera bueltatzen denean, ez dira hamar minutu pasatzen hiriko parke guztiak inbadituak izan arte. Etxean ezin diren guztiak bertan egiten dira, eta etxean ahal direnen erdiak ere bai. Barbakoa ederrak, irakurketarako tarteak, lagunekin hartzen diren garagardoak, kirol saioak, bozgorailu pare batekin inprobisatutako festatxoak. Guztiak dira balekoak, behar den tokian eginez gero. Afari-pasa baterako edo zarata pitin bat ateratzeko, Mauerpark eta Gorlitzer Park dira aukerarik zentzuzkoenak, okerren zainduta dauden soroak haietan badaude ere. Lasai egoteko edo izerdia botatzeko, Volkspark Friedrischshain, Tempelhof aerodromo zaharra eta Tiergarten erraldoia askoz atseginagoak dira.

Hiri fotosintesiduna

Urte erdiz aterpean bizitzera ia kondenatuta dauden berlindarrak espezialistak dira kanpoko jardueretan. Oinez, bizikletan edo garraio publikoan doazen bitartean trago bat hartzera ohituta daude, eta bizpahiru eurotako mokadutxoa egiteko kantinak izkina guztietan aurki daitezke. Haietan, currywurst-a (ketchup eta curryz bustitako saltxitxa) eta Döner Kebab-a dira nagusi. Curry 36 (Mehringdamm, 36) eta Konnopke's Imbiße (Schonhauser Allee, 44) lehiatzen dira lehenengo saileko tronua lortzeko.

Bigarrengoan kontua ez dago hain argi, jantoki arabiarrak milaka eta milaka baitira hiriburuan. Mustafas Gemusekebapeko (Mehringdamm, 32) barazkiz betetako ogitartekoak erosteko, ilara galantak osatzen dira. Kondairak dio kebaba Berlinen sortutakoa dela, eta bada xehetasun handiagoarekin Hasir Restauranten (Adalbertstraße, 12) 1971 inguruan lehen aldiz saldu zutela dioenik. Ezin jakin egia den ala ez, baina asmakizuna modu harrigarrian barreiatu dela ziurra da behintzat.

Eseri eta otordu tradizionalago bat egiteko orduan, ez du merezi diru zorroa dantzan jartzerik. Hamar euroan jaki oso duinak eskaintzen dituzten jantokien zerrenda amaigabea da. Gehiago ordaintzeko prest izanez gero, ordea, askoz zailagoa suertatzen da diferentzia justifikatzen duen bat topatzea, Mitteko jatetxe garesti eta erdipurdiko askorekin gertatzen den bezala.

Alemaniar erako zopa, saltxitxa pare bat edo Austriako Schnitzela modu merke askoan dastatzeko, aurten 100 urte bete dituen Metzer Eck (Metzer Straße, 33) aukerakoa da. Etxeko garagardo beltza hiriko onena ez bada, gainera, ezin zaio askorik falta. Max & Moritz (Oranienstraße, 162) garestixeagoa da, baina abiapuntu egokia izan daiteke gero Kreuzberg auzoko gau giroan galtzeko. Sagardo tragoxka egiteko, zapore ezagunez gozatu edo alemaniarren azentu zakarra une batez ahaztu eta euskara entzuteko, On Eginera (Wildenbruchstraße, 88) salto egin beharra dago. Asteartero pintxo potea egitekoak dira gainera…

Estutasunak estutasun, bada Berlinen azken hogei urteetan harrigarri sendotu den industriarik. Gaua negozio borobil bilakatu da, eta ia izurrite bihurtu dira hiriburuaren beste edozein bereizgarri alde batera utzi eta hura bizitzera astero iristen direnak. Teknoaren eta housearen elizetan meza entzuteko gogoz dabiltza, eta egunak ematen dituzte tenpluetan sartuta, atera ere egin gabe. Guztiak lehenik katedralera joaten dira, Berghainera (Am Wriezener Bahnhof, z.g.) eta han sartu ezinik gelditzen badira —ez da batere erraza barrurako baimena lortzea—, beste mila diskotekatan barreiatzen dira. Bertakoak saiatzen dira turista gutxixeago dauden klubetan dantza egiten, Salon zur wilden Renate (Alt-Stralau, 70) edo :// About Blank (Markgrafendamm, 24c) bezalakoetan. Azkenaldian moda-modan dagoena Sisyphos zoro askoa da (Hauptstraße 15, Rummelsburg). Datorren hilean, batek daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.