- Aurrera! -dio, azkenik, Ben Gurion aireportuko (Tel Aviv) bi polizia sekretuetako batek, ordu laurdeneko galdeketaren erantzunak alderatu ondoren.
ZAHARRA ETA NABARRA. Jerusalemgo Yafoko atera iritsi gara goizeko zortzietarako. Informazio bulegoa itxita dago. Goiztxo izango da oraindik. Ostatu bila joan gara. Christian, autobus geltokiko markesinan ezagutu dugun Montzako (Italia) gaztea, lotu zaigu. Lau egun igaroko ditu Jerusalemen; guk, sei.
Shalom! Hiru gautarako ostatua negoziatu dugu abadearekin (62na $ eguneko, gosaria barne), gero gerokoak. «Patriarka Maroniten Bikariotza». Gelak soilak dira oso, baina, bidaztientzat egokitua, txukuna eta garbia da. Gurutze bitxia dago patioan. Ez du Jesu Kristorik iltzatuta, hura gurutzean josteko erabilitako lanabesak baizik: mailua, aliketak eta iltzeak. Goiko terrazan, berriz, hiri zaharreko behatokirik ederrenetakoa.
Azoka bat lakoa da Alde Zahar osoa. Lau eremutan dago banatuta: ekialdean, auzo judua dago; ipar-ekialdean, musulmana; mendebaldean, kristaua; eta, azkenik, ipar-mendebaldean, armeniarra. Jerusalemgo kristauen komunitate antzinakoena osatzen dute armeniarrek. Hiru erlijioen hiri santua da Jerusalem.
Auzo judura etorri gara aurrena, Erosten Murru ezagunera. Hormako ia zirrikitu guztiak toles-toles egindako papertxoz josita daude. Hamar desio idatzi eta arrakala batean sartu ditut, apur bat lotsaturik. Eskuetan ez daroat Torarik, lege juduaren libururik, kristauen Testamentu Zaharra. Hala ere, ikusten dudana imitatzen dut. Nahikoa iritzitakoan, kanpora noa, plaza atzeraka oinez zeharkatuz. Hemen, emakumeak emakumeekin eta gizonak gizonekin errezatzen dute.
Alex eta Christian ere atzeraka etorri dira, buruan «alokatutako» boneta dutela. Liluratuta dago Christian. Demaseko indarra zerion hormari, haren esanetan.
Eremu juduko kaletik musulmanerako norabidean goaz. Shalom! Poltsa barrua erakusteko agindu dit polizia batek. Takian-potian, edonon eta edozeini eskatzen diote dokumentazioa, oinezkoei nahiz gidariei. Gu geu ere susmagarriak, antza denez.
Ilunabarra, eguzkia itzaltzen hasi da. Abendua da Jerusalemen. Estatistikek diote %71 juduak direla; inguru honetan, ostera, guztiek musulmanak ematen dute. Bizpahiru ordu besterik ez dugu egin lo gaur, eta logurak erreta gabiltza. Salam! ...! Pita bana erosi diogu eguerdian ezagututako lagun bati.
Hurrengo goizean, Damaskoko atetik autobusean abiatuta, Olibondoen Mendira jo dugu. Jerusalemgo lau tontor sakratuetako bat da. Muinoa kristauek gurtzen dute; haien esanetan, Jesu Kristo hemendik igo baitzen zerura hil eta berrogei egunera. Baratzeko zortzi olibondok 2.000 urte baino gehiago ei dituzte eta gertaera haren testigantza ei dute. Jesusek babesleku moduan erabilitako klaustroan, ehunetik gora hizkuntzatan dago idatzita Aita Gurea.Euskarazkoa ere badago harlau-zetako batean. Umetan kristau ikasbidea ikasten genueneko garaia oroitarazten didate leku izenek.
Berandu samar da, jada. Hala ere, David erregearen hilobiaren bila gabiltza. Haren seme Salomonek Jerusalemgo estreinako tenplua eraiki zuenetik hiru mila urtera iritsi gara Sion mendira. Musulmanendako, juduendako eta kristauendako... guztiendako da leku sakratua. Spielbergek famatutako Oskar Schindler ere hemen nonbait dago hilobiratua, Munduko Bigarren Gerratean milatik gora judu salbatu zituen industrialaria.
EKLEKTIKOA ETA MODERNOA. Ben Yehuda auzo eklektiko eta modernoa da. Hiri berria. 1860. urtean ekin zioten eraikitzeari. Sei Egunetako gudaz geroztik (1967) ikaragarri azkar ari da hazten. Barra-barra entzuten da ingelesa. Christianek gustuko ditu nes- ka juduak, eta nabaritzen zaio. Hogei urte baino gehiago dauzkala esango nuke, berak hala esanagatik.
Azkenean, topatu dugu garagardo bat edateko lekua. Komertzio orotan miatzen dute jendea, dendetan, tabernetan, zineman... Egunerokotasuna horrelakoa da: militarra. Aireportutik irteteko, kontrola; autobusera igotzeko, kontrola; jaisteko, kontrola; kaletik goazela, kontrola. Dena dago kontrolpean.
Gaur goizean, gona jantzi dut apropos, Mea Shearim auzora gentozelako. Haredim deritzen judu ortodoxoak bizi dira hemen. Kapelagatik, abrigu beltz luzeengatik eta ile-kiribilengatik bereizten dira gizonezkoak. Batzuek bisoizko boneta janzten dute kapelaren ordez. Aurreko mendean Poloniatik eta Hungariatik inportatutako arropok nekez egokitzen dira Israeleko eguzkiaren galdara. Emakume ezkonduek kendu-ipiniko ile azpian estaltzen dute burua.
Russian Compound delako auzora etorri gara gero. Errusiar tankerako ilehori mordoa dabil kalean. Liburuak, errotuluak... dena dago errusiarrez idatzita. 2000. urtean erlijioa gordetzeko gai izan badira ere, Sobiet Batasunetik etorritako juduak ez dira ondo egokitu Israelera. Hebraiera ikasten ere ez omen dira ahalegintzen.
Belen ezagutu nahi dugu. Alde Zaharretik ordu erdiko bidea dago oinez. Orobat, Jesusen jaiotzagatik eta Errege Magoengatik da sonatua. Jerusalemgo ekialdean dago kokatuta. Bertatik bertara gauden arren, ezin gara haraino iritsi. Murrutzarra topatu dugu aurrez aurre. Gasolindegiko gazteak jakinarazi digu hamar kilometrora dagoela Beleneko sarrera: «Gure etxea murruaren besteko aldean dago», diosku; «Bidea itxi zigutenetik hamabi kilometro ditugu etxetik honaino; lehen, hamar metro». Arratsaldeko lauretan ixten dute ibilgailuentzat. Autoak, jada, ez dira pasatzen hemendik. Gasolindegiaren gainbehera izan da.
2002ko ekainean ekin zion israeldar estatuak Zisjordaniako zementuzko murrutzarra jasotzeari. 700 metro luze, 8 metro garai eta erabateko ziurtasun neurriak daude: bideo kamerak, alanbradak, zaindari elektrikoa, kontrol dorreak eta, 300 metrotik behin, frankotiratzailea. Erdia eraikita omen daukate dagoeneko. Bete-betean harrapatzen du Belen.
Yafoko atera itzuli gara autobus arabiar bat itxarotera. Israeldar autobusak ez dira abiatzen palestinar eremuetara. Kaminoaz bestaldeko espaloian, berrogei-berrogeita hamar bat eskola ume doaz binaka, ilaran... Maisuak ote dira errifledun jagoleak? Hau marka!
Soldadu edo zibil, jende mordoak daroa erriflea bizkarretik zintzilik. Beldur handiena autobusetan igarotzen dut, munduko gauzarik normalena bailitzan, ondokoa kanoia niri begira doanean, patxada askoan.
JOAN-ETORRIA BELENA. Autobusak ezin dira sartu Belenera. Check point-ean dute topea. Oinez igaro dugu muga. Isiltasuna da nagusi pasabideetan. Ematen du kanpoko dena isildu egin dela, zine mutua ikusten ari banintz bezala nago guztiari beha. Kanpoan taxiak daude muga igarotzen dutenei itxoiten; artean ibilaldi luzea geratzen da hemendik hiriraino.
Gosetuta iritsi gara. Humusa-garbantzuekin egindako orea-eskaintzen duten jatetxe bat aukeratu dugu, Natibitatearen eliza eta Meskita dauden plazan. Di-da batean bazkaldu dugu.
Salam! Jende samalda dabil kalean atzera eta aurrera. Langabezia tasa itzela dago hemen. Salam! Belenekoei berehala antzematen zaie arabiarrak direla. Euren begirada sarkorrak ezin ditut saihestu.
Konturatu orduko iritsi da itzultzeko ordua. Atzera ere Jerusalemera bidean. Taxi batean etorri gara mugara.
«No photo!» Azti ibiltzeko diost ahapeka lanetik bueltan datorren gizakume batek, bideo kamera bat seinalatuz. Argazki kamerak txikitzen ikusi izan duela adierazi dit imintzioaz.
Kontrolean, jo eta jo ari da nire parean txirrina, inoiz ez bezala, traba egin dezaketen gehigarriak erantziagatik. Urduri jarri naiz. Goizean baino detektagailu finagoak darabiltzate iluntzean. Identifikatzeko eskatu dit militarrak. Aurrera! diost gero. Europako pasaportea edukitzearen abantailak. Ai ene, palestinarra banintz! Ia hezurretaraino arakatzen dituzte.
Harresiaz daude inguratuta Jerusalemgo Alde Zaharra eta Belen. Jerusalemgo harresiak irekiak ditu ateak; Belengo itxiturak, ostera, kartzela irudikarazten du. Herri oso bat dago zementuzko itxituraren barruan gatibu.
Gatazka
Palestinarrak arabiarrak dira, baina ez musulmanak derrigorrean. Israelgo independentziaren guda baino lehen (1947-1949), britainiarren mandatuan hain zuen (1921-1948), Mediterraneoaren eta Jordan ibaiaren artean dagoen Palestina deritzan lurraldean bizi ziren. Independentzia gudaren ostean, Nazio Batuen Erakundeak bi estatu ezartzea aurreikusi zuen: judua eta palestinarra. Baina NBEren proiektua bertan behera geratu zen, eta Israel sortu. Gazte ausart batzuek, diasporako judu lotsatu izaera ezin eroanik, ametsetako Israelen errotzea erabaki zuten. Hala, sionismoa sortu zen, munduko judu guztientzat estatu bat sortzea helburu zuen egitasmoa. Alabaina, 750.000 palestinar bizi ziren han, eta, orduan, hegoaldeko siriarrak ziren arren, kontzientzia nazionala garatzeari ekin zioten. Horrela hasi zen, bada, gutxi gorabehera, palestinarren eta juduen arteko gatazka.