Myanmar iparraldea, 2011ko uda. Hiru egunean Shan lurraldeko hainbat paraje eder eta pertsonaia xelebre gurutzatuko ditugu: tribu askotariko herrixkak, xamanak, arroz soroak, mendi muinoak, monasterio budistak eta monjeak, nekazariak, bufalo asiarrak, lakuak. Hori guztia Sikh jatorriko gidari batekin, Harri Singh izenekoa.
«Aurkakotasun askori aurre egin behar izan arren, gizakia ona bada bihotzez, azkenean, naturak berak salbatuko du»
(B. Arellano)
Kalaw, irteera
Gure mendi ibilia Kalaw izeneko herrian hasiko da. Britainiarrek fundatu zuten mendiotan lautadetako beroetatik ihes egiteko, hemen giroa freskoagoa baita. Inguruko bistak ederrak dira, menditsuak; muino eta haran artean dago Kalaw: tenplu, stupa eta monasterio budistaz apaindurik. Gainera, azoka eguna izan dugu, eta horrek kolorez jantzi du lekua. Inguruko herrixka guztietatik jaitsi dira tribu askotariko laborariak, euren fruta, barazki —eta, harrigarriro, baita sugeak ere!— saltzeko bost egunean behin ospatzen den merkatu ibiltari honetan, urteak eta urteak egiten daramatzaten modu bertsuan. Toki ezin aproposagoa trekkinga hasteko. Horretara gonbidatzen gaitu 900 metroko garaieran dagoen herri honek.
Ibilia, 3 egunean, paisaia eta hainbat tokitatik pasatuko da, baina, batik bat, basabide eta zidorrak izango ditugu lagun, den-dena lokatzez lepo. Myanmarrek hiru urtaro ditu, uda, negua eta eurite sasoia. Guk azkena aukeratu dugu etortzeko, baina ez gaitu beldurtzen euriak. Zeruko jainkoek isurtzen duten ura da, eta horrek bizitza esan nahi du. Bidea zailduko digu, dudarik ez, lokatz eta harri irristakorrak izango baititugu, baina hemen montzoiari esker bizi dira, eta zeruko ura asko eskertzen dute; sakratua da, euri hauei esker arrozaren uzta oparoagoa edo urriagoa izaten baita.
Helmuga Nyaung Shwe izeneko herria izango dugu, Intha herriaren Inle laku zoragarriaren ertzean.
Harri Singh, gidari aparta
Harri Singh da gure gidaria; jatorriz Indiako sikh bat bada ere, inoiz ez du bere benetako aberria bisitatzerik izan, ez baitu orain artean Myanmarretik ateratzeko baimena eskuratu. Myanmarren debekatuta dago politikaz hitz egitea; arriskutsua izatera ere hel daiteke. Gure taldeburuak, ordea, behin eta berriro hitz egiten du gobernua gogor kritikatuz. Hori bai, ahotsaren bolumena jaisten du politikaz hitz bat esan behar duen bakoitzean; adi-adi toki orotara begira hasten da berbetan; hemen paretek —eta zuhaitzek— ere entzun ahal izango balute bezala. Umil eta zintzoa da Harri, lagunkoia. Euskarazko hitz batzuk ikasteko borondatea erakutsi du, hasiera-hasieratik. Imanol umoretsua izango du irakasle bide guztian Myanmarrera-Euskara hiztegi elkartrukean. «Goazen aurrera» izan dira Harriren lehen hitzak, abiatzerakoan.
Lehen orduak pinutzarrez osatutako basoetan barna egin ditugu, Palaung tribuetako baserritan zehar. Harri eskarmentu handiko gizona da; uneoro landare bakoitza eta haren propietateak erakutsi dizkigu: sendabelarrak, teak, bazterrean dagoen lore eta zuhaixka oro ezagutzen du; guztien azalpenak ematen dizkigu.
Eguraldiak eusten dio. Zeru lainotsua mehatxari badago ere, tanta batzuk baino ez ditu egin. Hala eta guztiz ere, bidea lohitsu dago. Nire lagunen aterkiak hartu ditut babes moduan, makulu gisa, lokatzetan erorikoak ekidin eta oso baldar ibili ez nadin. Alferrikakoa izan da, baina. Baldarkeria gailendu zait. Bi arroz soro arteko pasabide batean, egur eta harrikoxkor artean, belar bustian irrist egin, aterki bat puskatu eta sorora erori naiz. Ez dut minik hartu, baina lagunei ez diet denborarik eman egoera horretan argazki bat atera diezadaten. Dena den, bide guztirako barregaia lortu dute lagunek, galtzerdian sartu zaidan arroz guztiarekin paella bat egin beharko dudala esanez baitabiltza Ander eta Imanol bidaide zarauztarrak, biak ala biak.
'Mingalaba', kaixo
Bidean gure oinak lohietan galtzen dira, eta ibilera geldoa eragiten dute, zaildu nolabait. Hala ere, aurrera egiten dugu, lur malkartsuan gora, motxila bizkarrean hartuta. Pentsatze hutsak bertakoekiko miresmena sorrarazten dit. Errespetu handiko miresmena. Gu ezinean goaz mendebaldetik ekarritako oinetako modernoekin; bertakoek, berriz, egunero erabiltzen dituzte zidor hauek, ortozik edo sandalia zahar batzuekin. Lanerako joan-etorrian dabiltza, fruitu eta barazkiak azokara eraman edo tren geltokietan saltzeko. Egunero, eguzki ala euri, hotz ala bero. Gainera, gehienetan, zaku eta zamaz gainezka joaten dira: «Begira, emakume horrek oraintsu 40 bat kilo daramatza soinean», esan digu Harrik; eta emakumeak, «mingalaba» esanez, diosala egin digu, irribarretsu, jator baino jatorrago. Klimaren latzak eta lanaren krudelkeriak zorrotz zigortzen du egunerokotasuna, eta, zinez, bizitza moztu.
Myanmandar emakumeek tanaka izeneko krema batez apaintzen dute aurpegia. Izen bereko zuhaitza batetik ateratzen duten substantzia bat urarekin nahastuta prestatzen dute, goizeroko erritu moduan.
Myanmar laboraria da, nekazaritzatik bizi da. Arroza da ekoizpen nagusia, eta horri esker irauten dute. Herrialdea gero eta txiroagoa da, baina. Junta Militarraren kudeaketa txarra eta azpiegitura eskasak medio, baliabideak ustiatzeko aukera txikia dute. Txanponaren beste aldean, herria bera dago; bidean gurutzatzen dugun jendeak liluratu egiten gaitu; bizi duten egoeraz harago, irria eta agurra eskaintzen dizkigute musu truk, are xarmangarri eta atseginagoa eginez gure ibilaldia. Gozatzen ari naiz. Bidaiatzera irteten naizen bakoitzean, herritarren begirada xumea estimatzen dut gehien. Jendeak lortzen du, azken finean, leku erakargarriak eta bizipen gozoak izatea.
Taung-Yo etniako herrixka batean gelditu gara xaman baten etxean. Oo Che izena du gure ostalariak, eta 92 urte ditu, «he's like a doctor», esan digute. Azti edo sendagile moduko honek sendabelarrekin erremedioak prestatzen ditu: arbolen sustrai, hosto eta zurtoinetatik ateratako zukuekin. Edabe horiek herritarrak sendatzeko erabiltzen dira. Gainera, haluzinagarriak ere prestatzen ditu, izpirituekin kontaktuan jarri eta jendearen etorkizuna irakurri ahal izateko. Etxean dituen edabe guztiak eman dizkigu probatzeko, banan-banan, zertarako erabiltzen diren azaltzen digun heinean. Hau honetarako, hori horretarako; egia esan, mikatz eta garratz artean daude denak, zein baino zeinago. Ez dira oso atseginak dastamenerako, eta ez digu oso zapore gozoa utzi ahoan. Gaitzetatik babesteko, Oo Chek besoak tatuajez beteak ditu: sanskritoz idatzitako esaldiak, aitak eginak. Oo Che belaunaldi baten amaiera da, eremu horretako azken xamana, ez ei dira gehiago egongo.
Sei ordu inguru ibili eta gero, lehen gaua familia batekin igaroko dugu, egurrezko baserri batean. Behean, sukaldea eta almazena ditu, eta goian, bizitokia: gela handi bakar bat denontzako. Erdi-erdian, aldare batean, Budaren irudia daukate, alboan eskaintzak eta kandelak dituelarik. Afaldu aurretik kanpoan dagoen komunera hurrendu nahi izan dut, baina uretako bufalo asiar itzel batek oztopatzen dit bidea. Ez du mugitu nahi, burua jiratuta niri so dago hor, erdi-erdian zutik. Hi, ez al didak pasatzen utzi behar? Jakin bazekiat animalia lasaia eta otzana haizela, minik egiten ez duten horietakoa, baina begirada mesfidatia duk eta… Bere 2 tona izugarriek iritziz aldatzea egin didate, komunera joan gabe maskuria beste bazter batean hustea deliberatu dut.
Nekatuta gaude; afalosteko tertulia nire aldetik laburra izan da; berehala oheratu naiz. Besteek apur bat gehiago iraun dute, barre eta algara artean. Taldean umore ona da nagusi, dudarik gabe. Gutxira, haiei ere nekea gailendu zaie, eta garaiz ohartu dira bihar goiz jaiki behar dugula, bapo gosalduz indarrak kargatu eta berriro bideari gogoz eusteko. Gaueko lo sakonenean, ametsetan, Buddha bera jaitsi zait, gizakia sufrimendutik askatu nahi duela esaten; bere bizitza kontatu dit, nola Buddha bihurtu aurretik Siddharta Gautama izeneko printzea izan zen, Terai erreinuko errege izateko izendatua. Bizitzan zuen guztiari uko egin, eta, jauregitik ihesi, kaminoetara irten zelarik, gizakia askatzeko bideen bila, argiaren bila.
Harekin hizketan nagoela argi izpi bat iritsi zait. Leihoko zirrikituetatik sartzen diren egunsentiaren lehen printzak dira. Neure buruari galdetu diot, gauekoa, amets bat izan ote den ala benetako bisita. Nik ez dut nirvanara heltzeko beharrik; bidaia bera benetan gozatzen ari naiz, zoriontasun umil eta epel artean.
Nat eta Buda batera
Bigarren eguna pittin bat luzeagoa izango dela esan digu Harrik. Nik, badaezpada ere, makulutzat gaur bi banbuzko kanabera hartu ditut. Gogortasunagatik ezaguna, denerako erabiltzen da banbua Asia hego-ekialdeko herrialdeetan: kanaberaz egiten dituzte zubiak, aldamioak, eskailerak, gurdiak... Haren fruituaren zukua hartzen dute...
Mendian gora goazela, mendebaldetik ekialdera haranez aldatzean, baso baten altzoan dagoen aldaretxo batean Nat zaindari batekin egin dugu topo. Natak izpiritu edo jeinu babesleak dira, myanmandarren kulturan oso garrantzitsuak, hain barneratuak dituzte herritarrek ezen egunerokotasunean eragin baitezakete. Herriaren sinesmen animista zaharren azken arrastoak dira, agintariek inoiz ezabatzea lortu ez dutena. Annawarata erregeak, XI. mendean budismoa erlijio ofizialtzat ezarri zuenean, izpiritu hauekiko kultua onartu behar izan zuen, lehenago debekatzeko ahalegin bat egin bazuen ere. Gaur Myanmarreko biztanleek beldurra eta errespetua sentitzen dute Nat hauekiko, eta, Budari bezalaxe, opariak eta otoitzak eskaintzen dizkiete babesa eskatzeko. Bi erlijioen elkartzeak ez du inongo arazorik sortu hemen; are gehiago esango nuke: sinkretismo hau oso ondo egokitu da Myanmarreko gizartean.
Bigarren gaua pasatzeko leku sakratu batera heldu gara, Hti Tain monasteriora, izen bereko Pa-O tribuaren herrixkan. Bertan monje bat eta 12 nobizio bizi dira. Nobizioak monasterioko bizitza egingo dute 16 urte bitartean, eta orduan erabakiko dute monje sartu edo monasteriotik atera. Monje sartzea mundu materialistari uko egitea da.
Bananda Kumara izena du monjeak, the head monk gisa aurkeztu digute, irakasle eta monasterio buru. Aita bat bezalakoa da nobizioentzat. Monje izatean, bizitza-heriotza ziklo amaigabetik liberatu eta nirvanara iristeko gertuago egongo dira. Biharamunean, irteteko orduan, berak halaxe eskatuta, gure eskuak jarri ditugu berearen gainean, eta, euren hizkuntzan hitz batzuk esanez, zorte ona opa digu.
Inle aintzira
Azken eguna. Trekking osoan 60 bat kilometro egin ditugu paraje paregabeetan. Nekatuta, ibilaldi zoragarria bapo bazkalduz amaitu dugu. Ez gara, ordea, gure helmugara ailegatu oraindik. Azken uneak Nyaung Shwe herrira iritsi arte, ordubete inguru, txalupaz egingo ditugu, Inle lakua zeharkatuz. Ur gezaz osatutako barne-itsaso honetan Intha herri arrantzalea bizi da. Oso bertakoak diren kono formako sareekin egingo dute arrantza, modu kurioso batean hankarekin arraun egiten duten bitartean. Zerutiarra da laku honetako lasaitasuna. Bakea arnasten da. Bizitza propioa dauka. Nonbaiteko aingeruek sortu behar izan zuten toki hau. Ez direla aingeruak existitzen? Bada, orduan, nolabaiteko magia misteriotsuak sortu zuen ur gaineko lore-baratze hau. Ura bizitza da, eta uraren gainean gertatzen da dena. Uraren gainean daude etxebizitzak, ur gainean landaretza eta tenpluak; ur gainean bizi dira inthak; umeak jolasean eta helduak euren piragua luzaxketan nabigatzen. Ibilaldia amaitzeko, ederra baino ederragoa da aurrean dugun bista. Hemengo giro zintzoak laztantzen gaitu, gozokiro, gu ere nirvanatik hurren izango bagina bezala. Atsekabe guztiak ahazteko uneak dira, momentuak gozatu eta goxatzekoa. Norberaren arimak bizitzaren oreka aurkitzen du hemen.
Beti pentsatu izan dut bizitzako benetako unibertsitatea munduko bazter eta bidezidorrak direla, eta bertako herritarrak edozein doktore —akademiko— sasijakintsu baino irakasle handiagoak direla. Hiru egun pasa eta gero, nire jakintza emeki-emeki aberastuz eta zabalduz joan da, hiru egunetako bidaia xehe eta umil honetatik asko ikasi dut. Pozik nago. Zoriontsua naiz.
Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa
Shan lurraldea, Nat eta Buda artean
Myanmar iparraldera udan egindako bidaian, hiru eguneko mendi zeharkaldia osatu zuen Fernando Rojok Shan lurraldean. Hango parajeak eta jendeak gerturatu dizkigu kronika dotorean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu