Patricia Campelo. Soziologian doktorea

«Siderurgia ez da ikusten sektore estrategiko gisa»

Bizkaiko Labe Garaiak itxi zituztenetik ACBren bidean egin diren urratsak aztertu ditu Patricia Campelok, eta ondorioztatu du langileen deskualifikazioa gertatu dela bide horretan.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bizkaiko Labe Garaietatik egungo ACB enpresarako bidean, aldaketa sozial handia gertatu da, Ezkerraldean, batez ere. Eragin hori aztertzen hasi zen Patricia Campelo Bizkaiko Labe Garaiak itxi zituztenean. Hala, De AHV a la ACB, pérdida de los oficios y procesos de descualificación de los trabajadores (Bizkaiko Labe garaietatik ACBrako lan galera, eta langileen deskualifikazio prozesua) izeneko tesia defenditu zuen 2004ean. Lan horrek Siderurgia integraleko langileen fundazioaren bikaintasun saria jaso zuen 2010ean, eta, orain, tesian oinarritutako AHV historia de una reconversión (Bizkaiko Labe Garaiak, birmoldaketa baten historia) izeneko liburua argitaratu du fundazioaren eskutik.

Langileen deskualifikazio prozesu bat izan zela aipatzen duzu tesiaren izenburuan. Labe garaietatik ACBrako prozesuan zer gertatu zen?

Labe garaiak 1996an itxi zirenean eta ACB sortu zenean, hainbat langilerekin hitz egiteko aukera izan nuen. Enpresa batetik bestera teknologia asko hobetu zen, baina horrek ez zuen lanaren hobekuntzarik ekarri. Askotan langileak deskualifikatu ere egin ziren, ez baitzien lan hobea ekarri, teknologiaren garapenak ez zuen euren beharra aberastu.

Teknologia zertan hobetu zen?

ACBn labe elektrikoekin lanean hasi ziren, Labe garaietako bereizgarri nagusia labe integralak ziren heinean. Hala, askoz ere langile gutxiagorekin altzairu kopuru bera merkaturatzen zen, baina kalitate kaskarragoa zuen. 1996an, Labe garaiak itxi zirenean, 3.000 langile inguru zeuden Sestao eta Barakaldoko lantegietan, eta ACB 300 pertsona ingururekin abiatu zen. Beraz, datu horretan garbi ikus daiteke langileen deskualifikazioaz gain lan galera bat ere egon zela.

Ezkerraldearen desindustrializazio prozesuan mugarri bat izan zen Bizkaiko Labe Garaien itxiera...

Bai, eta aldaketa bat ere ekarri zuen bere itxierak. Egia da aurretik desindustrializazio prozesuan hainbat pauso eman zirela, baina labe garaien itxierak mugarria jarri zuen. Orduz geroztik, beste enpresa mitiko askok lana galdu zuten, eta pixkanaka itxi egin dituzte. Hor daude Navalen eta Babcocken adibideak.

Horrek guztiak sektore aldaketa dakar ezkerraldean. Zerbitzuen sektorea gailentzen ari da orain.

Baina lurralde gehienetan izaten ari den joera dela esango nuke. Industria sektorea oraindik garrantzitsua dela esango nuke, baina enpresa handi horiek ixteak ekonomiaren banaketa handiagoa ekarri du. Edozein modutan, egia da ezkerraldeak asko sufritu zuela labe garaien itxierarekin. Denda txiki asko itxi egin ziren, baita taberna edo beste hainbat lokal ere.

Jendea egoera dramatikoan geratu zela esan daiteke?

Oro har, gizarteak eskuzabal jokatu zuen. Erretiro aurreratu ugari egon zen, baina egon zen plan horien barruan sartu gabe geratu zenik ere. Kolektibo bat egon zen asko sufritu zuena, bai. Euskal Herritik kanpoko enpresetara bidali zituzten batzuk, Andaluzia, Murtzia, eta abarretara. Horietako batzuk egokitzeko arazoak izan zituzten, eta itzuli egin ziren. Egoera zailak egon ziren, baina, hein batean, egoera horri buelta eman zaiola esan daiteke.

Une honetan, siderurgia desagertzear dago...

Bai, badira lantegi txiki batzuk, baina, une honetan, ez dago siderurgiaren aldeko apustu garbirik. Euskal Herrian eta Espainian ez dira altzairuaren alde apustu garbirik egiten ari, ez dute sektore estrategiko gisa ikusten. Erabaki politikoak dira, eta horren lekuko da ACB bera, iragan den abendutik bi erregulazio espedienterekin dagoela. Sektorea ez dago lehen bezain indartsu.

Labe garaiek nolako marka utzi zuen euskal gizartean?

Gure historiaren zati bat da. Ia mende batez zabalik egon zen, eta gure iragan politiko eta sozialarekin zuzenean lotuta dago. Langile belaunaldi ugarik egin zuten lan Bizkaiko Labe Garaietan, eta horrek jakituria handia sortu du, memoria historikoan utzitako arrastoa ahaztu gabe. Garai horietako eraikin ugari daude oraindik, eta gure ondare historiko industriala ere hor dago. Beraz, horiek lehengoratzeko saioa egin beharra dago, memoria historikoa ez galtzeko. Bide horretan, hainbat elkarte lanean ari dira, eta, esaterako, labe garaia zaharberritzen hasita daude. Horrek guztiak iraganeko memoria berreskuratzen lagunduko digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.