Sierra Leonako zinemagile bat film bat egiten ari da BERRIAz

Chester Yangek Martxelo Otamendirengan jarri du arreta. Dokumentala ingelesez grabatuko du, nazioartean zabaltzeko

Chester Yang Martxelo Otamendi elkarrizketatzen, atzo, Andoainen, BERRIAko erredakzioan. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia-Andoain
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Emaztea eta emaztearen familia Euskal Herrikoak ditu Chester Yang zinemagileak (Mange Bureh, Sierra Leona, 1970). Londresen bizi da 1996tik. Euskal Herrira egindako bidaietako batean, BERRIAko erredakzioa ezagutzeko aukera izan zuen. Martxelo Otamendik Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz, torturez eta auzipetuez hitz egin zion. Ondotik, Yangek buruan izan du azkeneko urteetan istorio horri buruzko ikus-entzunezko lan bat egitea. Otamendik erretiroa hartu behar zuela jakitean hartu du erabakia: Martxelo Otamendi: The Defiant Journalist (Martxelo Otamendi: Kazetari desafiatzailea) dokumentala egitea —lanaren behin-behineko izenburua da—. Ingelesez egingo du dokumental hori, eta nazioarteko streaming plataformaren bati saltzea espero du.

Yang hilaren 13an etorri zen Euskal Herrira filma grabatzen hasteko. Eta, ondoko egunetan, Midas elkartearen ekitaldiak eta hitzaldiak grabatzen ibili da. Hala, Otamendi ondo ezagutzen duten hainbat kazetari elkarrizketatu ditu Yangek. BERRIAren 20. urteurreneko ekitaldian ere ibili zen, larunbatean, irudiak hartzen. Eta Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria ere elkarrizketatu du, Zarautzen (Gipuzkoa).

Atzo, berriz, BERRIAren Andoaingo erredakzioan aritu zen Yang lanean. Otamendiri elkarrizketa sakona egin zion. «Duela urte batzuk, Martxelo ezagutu nuenean, Afrikako nire herrialdean gertatutakoak etorri zitzaizkidan burura: demokraziarik eza, gerra zibila, jende eraila eta torturatua...», oroitu du Yangek. Sierra Leonatik Londresera joan, eta zinemagile independente egin zen. «Eta ikusi nuen nola Europako mendebaldean egunkari baten zuzendaria atxilotu eta torturatu zuten. Demokraziarekin nuen ilusioa inarrosi zuen horrek».

Dokumental politikoak egin ditu urteotan Yangek, eta gizarte gaien ingurukoak. Esate baterako, Erresuma Batuko ikasleen protestetan izandako errepresioari buruzko dokumental bat egin du. «Demokraziarik ezak hainbat herrialdetan zer isla duen ikusi dut, eta badira parekotasunak».

Katalunian ere ibiliko da

«Zortekotzat» dauka bere burua Yangek, egunotan dokumentala egiteko aukera izateagatik: «Oso inspiratzailea da ikustea jendeak nolako errespetua eta maitasuna dion Martxelori. Inspiratzailea da urteotan Egunkaria-k eta BERRIAk beren herria euskaraz informatzeko egin duten lana ere». Egunotan egin dituen elkarrizketetan, halaber, entzun du zein garrantzitsua den kazetaritza demokrazia batentzat.

Yang «oso gustura» egon da, halaber, Midas elkarteko batzar nagusian parte hartu duten kazetariekin. «Midasekoek estimutan dauzkate BERRIA eta Martxelo». Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien elkartekoek eraiki duten elkartasuna «garrantzitsua» iruditzen zaio zinemagileari. «Vicent Partalek, bestalde, Kataluniako independentistek zer-nolako errepresioa jasan duten kontatu dit». Otamendi eta Amagoia Mujika BERRIAko zuzendari berria Kataluniara joango dira aste honetan. Han izango da Yangen kamera ere. Bartzelonan elkarrizketatuko du Mujika, baita beste kazetari batzuk ere.

Egun gutxi behar izan ditu Yangek Mujikari buruzko iritzia izateko: «Kazetari karismatikoa da Amagoia, indartsua, eta XXI. mendean bere herriari euskarazko egunkaria eskaintzeko gidaritza hartu du, iristen ari diren aldaketa teknologikoetara egokituta».

Yang bera aritu ohi da gidoilari, ekoizle eta zuzendari bere ekoizpenetan. «Lan independentea da hau, baina espero dut streaming plataformaren bati saltzea. Nazioarteko telebistetan ere ahal bezainbeste zabaltzea nahiko nuke».

Ikusi gehiago:Chester Yang: «Osagai ustelak daude eraikuntza publikoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.