Europako Herrien parkean dago Gure Aitaren Etxea. Eduardo Txillida eskultorearen lana da. 1988ko apirilaren 27an inauguratu zuten, gerra hegazkin naziek Gernika bonbardatu zutenetik 50 urte bete ziren egunean. Bakearen ikur izateko asmoz eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Txillidari eskultura hori sortzeko. Erdiko aldean zulo edo hutsune bat dauka. Bertatik begiratuz gero, Batzar Etxea ikusten da, atarian Gernikako arbola daukala. Euskal Herriaren eskubideen eta askatasunaren ikurra da haritz hori. Hala, bakea eta askatasuna ordezkatzen dituzten bi ikurrek elkarri begiratzen diote. Bien erdian ahateen bizileku den urmael bat eta Euskal Herri atlantikoko lau ekosistemak ordekatzen dituzten zuhaitzez osatutako zuhaiztia dago.
Handik gertu, osasun etxearen aurrean, Pablo Picassoren Guernica koadroaren portzelanazko bikoizketa bat dago. Guernica Gernikara du idatzia, gernikarrek gerraren sarraskia irudikatzen duen artelan ezaguna herrian izan nahi dutela aldarrikatuz. Inguru hori da, hain zuzen, 1937ko apirilaren 27an leherketen ondorioz sortutako sugarrek kiskali ez zuten bakarrenetakoa. Andra Mariaren eliza ere errespetatu zuten naziek, eta hori da garai hartan zutik geratu zen eraikin bakarrenetako bat. 1418an hasi zituzten lanak, estilo gotikoaren arauak jarraituz. Hala ere, lanak ez ziren 1715a arte bukatu, eta, ondorioz, pizkunde garaiko elementuak ere baditu.
Azokaren inguruan
Eraso haren ondorioz, Gernika-Lumok ez du alde zaharrik. Erdiguneko etxebizitza gehienak galdu zituen, eta Francoren diktadura garaian berreraiki behar izan zen. Merkatu plaza ezaguna ere kaltetu zen. Hain zuzen, astelehena zen apirilaren 27 hura, eta herrian eskualdeko baserritar eta erosleak zeuden. Gaur egun ere berezia izaten da astelehenetako merkatua. Asteguna izan arren, aparteko mugimendua nabaritzen da merkatuaren inguruko kaleetan.
«Lunes gerniques, golperik bez», dio esaerak; hau da, Gernikako astelehenetan, kolperik ere ez. Izan ere, azoka eguna jai eguna zen garai batean. Goizeko merkatuaren ostean, bapo bazkalduta, Jai Alai pilotalekuan biltzen ziren. Markina-Xemein eta Durangokoekin batera, zesta-puntako frontoi garrantzitsua izan zen, pilota joko mota horrek indarra zuen garaietan. Egun, nekez betetzen dira harmailak.
Ez eta urriko azken astelehenean ere. Gernika-Lumo mukuru betetzen den eguna izaten da. Bizkaiko nekazaritza arloko azoka garrantzitsuena egiten da urtero. Lehen astelehenean, berriz, abelgorrien azoka egiten dute, eta, azken urteetan, lehen larunbata Euskal Jai eguna izaten da.
Sinboloz betetako herria
Euskal Herriko txokoak. Gernika-Lumo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu