Sanferminak Iruñean. Xabi Garcia eta Gorka Izko. Gora Iruñea plataformako kideak

«Sinetsita gaude San Fermin jaiak bestelakoak izan daitezkeela»

Gora Iruñea plataformak egun osoko egitaraua prestatu du biharko. Haurrentzako, helduentzako eta gazteentzako ekintzak antolatu ditu Konpainia plazan.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gora Iruñea plataformak urtero egiten du lan bestelako jai eredu baten alde. Sanferminetan gogor aritzen dira jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskalduna lortu nahian. Plataforma osatzen duten kideek, ordea, arazoak dituzte helburua lortzeko. Gorka Izko eta Xabi Garcia iruindarrak talde horretako kideak dira, eta sanferminei buelta emateko lan egiten dute. Aurten, egun guztietarako egitaraua prestatu dute, eta Runa parkeko gunea eskuratzeko lehiaketara aurkeztu dira. Hura lortuko zutela hitz eman zien alkateak, baina, azkenean, enpresa pribatu batek lortu du. Azken egunetan protesta ugari egin dituzte Gora Iruñea taldekoek, eta biharko egun osoko egitaraua prestatu dute.

Aurten sanfermin guztietarako egitaraua prestatu duzue, baina, azkenean ez da aurrera atera.

Xabi Garcia: Urtero horma berberarekin topo egiten genuela ikusi, eta otsailean hasi ginen sanferminei begira lanean. Aurten oposizioa eta alkatearekin egon gara lanean, eta sanferminei buelta ematea da gure asmoa. Martxoan izan genuen lehenengo bilera alkatetzarekin. Lehenengo aldiz jaso gaitu alkateak. Aurreko garaian, Yolanda Barcinarekin, ezinezkoa zen, baina orain, alkate berriarekin, ezberdina izango zela ematen zuen. Alde Zaharrean nahi genuen gunea, baina, alkateak gomendatuta, Runako parkearen aukera landu dugu. Bestelako jai eredu bat eskaintzea da helburua, eta horretarako gune bat behar dugu.

Gorka Izko: Alkateak esaten zuen aspertuta zegoela gurekin urtero borroka egiteaz, eta irtenbide bat bilatu nahi zuela. Hala esan zigun: «Alde Zaharrean ez duzue gunerik edukiko, oso masifikatuta dagoelako. Baina Runako parkean izango duzue aukera. Horretarako, lehiaketa hau dago, eta aldatuko ditugu arauak zuek parte har dezazuen. Parte hartzeko aukera izango duzue, eta horrela gunea emango dizuegu». Horiek izan ziren bere hitzak, baina, gunea nori eman erabakitzeko unean, iruzur egin zigun, eta enpresa pribatu bati eman zioten.

Zer hartu zen kontuan lehiaketa horretan?

X. G: Batetik, programazioa, eta hor gehienez ere 50 puntu lor zitezkeen. Azpiegiturak beste 50 puntu ziren, eta bazeuden beste 20 puntu estra Iruñeko Udalari dirua emanez gero. Guk hor ez genuen ekarpenik egin. Uste genuen ordaindu behar genituen tasekin, nahikoa ekarpen egiten geniola udalari: 15.000 bat euro. Eta hara non, gure harrigarri, programazioan atera genuen puntu gutxien.

G.I: Azpiegituretan ere enpresa garaileak baino gutxiago atera dugu, eta haien agertoki bakarrak gure agertoki txikienaren tamaina du: 8x6 metro. Haien programazioa gauerako da, eta soilik publiko jakin batentzat antolatua. Gure eskaintza bestelakoa zen, eguerdiko hamabietatik goizeko laurak arte egunero zegoen zerbait helduentzako, txikientzako eta gazteentzako. Krisiaren kontrako hautua ere egin genuen. Mahaiak eta aulkiak jarri behar genituen eskuragarri, jendea bere bazkariarekin hara joateko.

Kazike hitza entzun da azkeneko egunetan eta itsasgarriak ere ikus daitezke.

G. I: Gure ustez, alkateak egin duena jauntxokeria hutsa izan da, eta oposizioak ere gauza bera dio.

X.G: Puntuazioa jakin ondoren, oposizio guztiarekin batzartu ginen, PPrekin izan ezik, eta denek esan zuten jauntxokeria zela. Hitz horiek oposizioak aipatu ditu, oso haserre zegoen. Baina, nahiz eta, mozio batean oposizioaren babesa jaso, hiri honetan ezin da ezer egin. Ematen du azkeneko hitza alkateak duela.

Musika taldeek ere salatu dute geratutakoa.

X. G: Haientzat egundokoa izan da. Atera zuten agirian hori esaten zuten. Haientzat errespetu falta bat da, eta minduta daude. Haien ibilbidea, profesionaltasuna eta kalitatea non geratzen dira?

Dena den, egun bateko egitaraua prestatu duzue.

G.I: Gunea izango ez genuela jakitean erabaki genuen protesta moduan hilaren 7an zezenketetan kolorez jartzea plaza. Peñek kolorezko oihalak atera zituzten, baita jai herrikoien aldeko pankartak eta sudur gorriak ere. Baina, protestaz gain, sanferminak bestelakoak izan daitezkeela sinesten dugunez eta horren alde lanean jarraituko dugunez, zapore onez amaitzeko 13an egun osoko egitaraua egingo dugu.

Baimenik eskatu duzue horretarako?

G.I: Baimenik gabe egingo dugu, oposizioak ez eskatzeko esan zigulako. Hor egongo dira gurekin egun osoan, eta espero dugu arazorik ez izatea.

Hurrengo urtean ere saiatuko zarete?

G.I: Hitz egin dugu oposizioarekin horri buruz, eta urrian hasiko gara plangintza bateratu batean lanean. Aurten, gainera, ikusi dugu jendea gurekin dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.