'Maya erlea: Ezti Jokoak'
Bueltan da Maya burrunbaria. Maya erleak Ezti Jokoetan lehiatu nahi du, baina Buzztropolisko enperatrizak ez dio horretarako baimenik emango. Hori ikusita, Buzztropolisera joango da Maya, intsektu errebeldeen talde batekin Ezti Jokoetan lehiatzera eta beren erregina eta erlauntzeko kideak salbatzera. Hango taldeak, Violeten gidaritzapean, ez dizkio gauzak erraz jarriko.
'Zikoinak'
Zikoinek haurrak eramaten dituzte, edo eraman ohi zituzten lehen, behintzat. Gaur egun, Interneteko mundu mailako konpainia txiki baten paketeak garraiatzen ibiltzen dira zikoinak. Junior zikoina da konpainiako banatzailerik hoberena. Postuz igotzekotan dela, umeak egiteko makina martxan jartzen du nahi gabe, eta baimendu gabeko ume zoragarri bat egingo du. Urduri jartzen da Junior, eta paketea eraman egin nahi du, konpainiako nagusia ohartu baino lehen. Horretarako, Stork Mountaineko gizaki bakarra den Tulipen laguntza izango du. Familia baten baino gehiagoren segurtasuna kolokan jarri beharko dute haurtxoa eramateko, eta abentura zirraragarri eta errebelatzailean murgilduko dira. Bidaia horretan, zikoinen benetako egitekoa berrezarriko dute.
'Harpetarra'
Dug harpetarra eta Urde basurdea dira abentura berri honetako protagonistak. Bi zibilizazio, Harri Arokoa eta Brontze Arokoa, joko sakratuan lehiatzen ari dira historian tokitxo bat lortzeko, arbasoek irakatsitako jokoan, alegia. Historiako jokorik garrantzitsuena izango da! Jokoan ez dago kopa bat soilik, Dugen tribuak bizirik jarraitzea baizik. Euren basoa arriskuan ikusiko dute, Brontze Aroko Jaun Nooth gizon maltzurraren erruz.
'Luis eta estralurtarrak'
Wolfgang eta Christopher Lauenstein Oscar sarien irabazleek idatzi eta zuzendutako filma da hau, familian abentura dibertigarri batean murgiltzeko aproposa. Ustekabeko gertaeraz beteta dago, eta etxeko txikiek gozatzeko ezin hobea da. Luis 12 urteko mutil bat da, eta denbora asko igarotzen du bakarrik. Ez du lagunik, eta bere aitak, Armin Sonntag ufologoak, ez du sekula harentzako denborarik izaten. Arminek teleskopiotik begira igarotzen ditu gauak, uste baitu espazioan bizitza existitzen dela, eta itsututa dago horrekin. Egunak, aldiz, lo igarotzen ditu. Barnetegiko zuzendariak uste du Luisek zentro batean bizi beharko lukeela, etxean ordu askobakarrik igarotzen dituelako. Bat-batean, hiru estralurtar xelebre bere etxeko atarian eroriko dira. Luis pozik dago bere lagun berriekin, eta aitarengandik ezkutatu nahi ditu estralurtarrak. Aitak uste du arriskutsuak direla, eta agertu bezain laster neutralizatu eta izoztu egin behar direla.
'Paddington 2'
Hartzatxo abenturazalea filmaren jarraipena da hau. Londresen guztiz integratuta dago Paddington hartza, eta Brown familiarekin bizi da. Bizilagunen artean ezaguna egin da Paddington, eta bere alaitasuna eta marmelada nonahi zabaltzen ditu. Izeba Lucyk 100 urte beteko ditu, eta hartzatxoak ez du jakingo zer oparitu. Halako batean, Paddingtonek liburu eder bat aurkituko du Gruber jaunaren antigoaleko gauzen dendan, eta liburua nola eskuratu pentsatu beharko du. Baina, ustekabean, liburua lapurtu egingo dute, eta Paddington eta Brown familiaren esku geratuko da lapurra zein izan den argitzea. Horrela, abentura zirraragarri batean murgilduko dira, lapurra atzeman arte.
'Ploey'
Familia osoarentzat aproposa den animaziozko abentura hunkigarri honek urre-txirri gazte baten istorioa kontatzen du. Ploey txoriak hegan egiten ikasteko arazoak ditu. Horregatik, negua heltzen denean, ezin du bere familiakoekin migrazioa egin eta klima epelagoko toki batera joan. Bere adiskideek hegan egiten lagunduko diote, eta haiei esker oztopo guztiak gainditu ahalko ditu. Mundua etsaiez josita dago, eta horiei guztiei aurre eginez heroi bilakatuko da Ploey txoritxoa.
'Ausarki yeti dibertigarria'
Adin guztietako ikusleei zuzendutako filma da hau, ikuslea abentura dibertigarri batean murgilduko duena. Ausarki yeti gazte eta bizkorra da, eta, gutxien espero duenean, bere ingurukoen iritziz existitzen ez den zerbaitekin egingo du topo: gizaki batekin. Gizakiaren inguruko albisteek eta zurrumurruek zirrara sortuko du yetien komunitate xumean. Izan ere, euren buruari galderak egiten hasiko dira, eta imajinatuko dute haien herrixka elurtutik harago zer egon daitekeen. Adiskidetasunari, aurkikuntzaren balioari eta alaitasunari lotutako beste istorio bat da.
'Oin Handiren semea'
Adam mutiko jatorra misio berri batean murgilduko da misterio bat argitzen saiatzeko: aita nola eta zergatik desagertu den argitu beharko du. Abentura horretan, aita elezaharretako Oin Handi dela jakingo du, eta urte asko igaro dituela oihanean ezkutatuta, familia eta adiskideak babestu ahal izateko. Izan ere, genetika laborategi batekoek, lotsarik gabe, esperimentuak egiteko erabili nahi zuten. Adam laster ohartuko da berak ere baduela DNA berezia. Aitarekin elkartu beharko du familia babesteko, eta berezkoak dituen ahalmen magikoak erabili beharko ditu horretarako.
'The wish fish'
Opilek arraina gorroto du. Haren amak, zabor janaria jateari utz diezaion, plater berezi bat eskainiko dio: desiren arraina. Baina Opilek ez du maitagarrien ipuinetan sinesten, eta txantxa bat dela usteko du: «Ea estralurtar mutanteak etortzen diren eta munduko arrain guztia eramaten duten»?. Hurrengo goizean, Saturon maltzurra Lur planetara iritsiko dira, itsasoko eta gainerako arrain guztiak amaitzeko; kaosa sortu nahiko dute, eta planeta suntsitu.
'Aita, zonbia naiz'
Dixie neska gaztearen gurasoak banandu egin ziren orain dela bost urte, eta mundutik ihes egin nahi du. Eskolan «zonbia» dela esaten diote Dixieri, duen itxura gotikoagatik. Dixiek gorroto du mundua, eta munduak bera gorroto duela uste du. Horregatik, neskak ihes egin nahi du, eta istripu larri bat izango du bidean. Ondorioz, ustekabeko errealitate batean esnatuko da, eta ohartuko da mundu kezkagarri batera iritsi dela istripua gertatu eta gero.
SINOPSIAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu