Ska, Reggae eta Rock doinuekin iritsiko dira Santio jaiak aurten Villabonara (Gipuzkoa). Nafarroako Vendetta musika taldea eta Dolce Tangana banda arduratuko dira gaurko gaua girotzeaz. Musika emanaldia 00:30ean hasiko da.
Bost musikarik osatzen dute Vendetta taldea. Ibilbide profesional luze baten ostean, Luisillo Kalandraka baxu jotzaileak eta Javier Etxeberria gitarra jotzaileak musika proiektu berri bati ekin zioten. Proiektu horretara, Enriko Rubiños bateria jotzailea, Ruben Anton tronpeta eta Pello Reparaz tronboi jotzailea batu ziren, eta 2009an sortu zuten Vendetta.
Lau urte horietan, hiru disko kaleratu ditu musika bandak: 2009an taldearen izen bera daraman Vendetta; 2011n kaleratutako Puro Infierno; eta iaz plazaratutako Fuimos, Somos y Seremos-Atzo, Gaur eta Bihar. Horietan guztietan, ska musika estiloaren oinarria nabaria da, baita Manu Chao, The Clash, The Police eta Skalariak musika talde ospetsuen eragina ere.
Dolce Tangana, berriz, Tolosaldeko musika banda «festazalea» da. Rock, reggae eta ska musika uztartzen dituzte. Hilabete batzuk probak egiten igaro ondoren, bi abesti kaleratu berri dituzte Sputnik 11 bilduman. Disko horretan, Glaukoma Sound System,Indekitxen eta Sweech taldeek ere parte hartu zuten.
KONTZERTUAK
Noiz. Gaur, 00:30ean.
Non. Villabonan .
Ska-reggae gaua Villabonan
Vendetta eta Dolce Tangana taldeen ska, reggae eta rock doinuak izango dira entzungai gaur, Villabonan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu