Ezarian. Skate parkeak

Skate zaleen biltoki

Indarra du skateak Euskal Herrian. Zaletasuna aspalditik datorren arren, azken urteetan erruz ugaldu dira skatean ibiltzeko herrietan eraiki dituzten parkeak. Gero eta gehiago dira parke horietako aldapetan irristatzen direnak.

Zale bat skatean ibiltzen den bitartean gainontzekoek txanda itxaroten dute. Lagun talde ugari bildu ohi da arratsaldez eguraldi ona egiten duenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Eguraldiak hobera egiten duen heinean gero eta gazte gehiago bildu ohi da skate parkeen bueltan. Donostiako Aiete auzoko skate parkea da horren erakusgarri. Baten bat taula gainean pistako aldapan behera irristatzen den bitartean, gainontzekoek arretaz begiratzen dute, egin dezakeen mugimendu berriari so. Skatea denon ahotan dago. Patinetearentzat erositako gurpil berriak, ikasitako jauzi berriak eta antzekoak dituzte mintzagai nagusiak.

Baiona eta Miarritze Lapurdin; Tolosa eta Orio Gipuzkoan; Amurrio eta Laudio Araban; Lizarra eta Zizur Nafarroan; Leioa eta Gernika Bizkaian… gero eta gehiago dira patinatzeko azpiegiturak prestatu dituzten edo eraikitzekotan dauden herriak.

Urte batzuetatik hona eraiki dituzte patinatzeko azpiegitura gehienak. Skate parkeak, beraz,kontzeptu nahiko berriak dira.Taula gainean patinatzeko zaletasuna, baina, aspalditik dator. Parkeak eraiki aurretik, skate zaleek hiri altzariak erabiltzen zituzten euren trebetasunak praktikatzeko. Kaleko espaloiak, koskak, eskailerak… edozein gunek eskain dezake kirol hori praktikatzeko abagunea. Zale kopurua handitu ahala, udalek skatean aritzeko guneak eraikiz joan dira.

Bilakaera luzea

XX. mendeko azken laurdenean sartu zen skatea Euskal Herrian. Ordutik bilakaera sakona izan du zaletasunak, patinatzeko taulekin batera. Dani Martinez gaztetxoa zenean hasi zen patinetearekin jostatzen. «Ordutik asko aldatu da. Lehen lauak eta gogorrak ziren taulak. Orain denetatik daukazu: malguak, estuak, luzeak, bi ardatzak mugitzen zaizkienak…». Orduko Sanchesky laranjak alde batera utzi, eta kanpotik ekarritako taulak saltzen hasi zirenean izan zuen skateak lehenengo loraldia. Beheraldi batzuen ostean, 1990eko hamarkadan, zaletasunak beste goraldi bat izan zuela gogoratzen dute garai horietatik patinean ibiltzen direnek. 2000. urte ingurutik hona egonkortu egin da skatean patinatzeko zaletasuna.

Hastapenak

Oscar Manga donostiarra hamar urtekin hasi zen patinatzen. 34 ditu orain. «Goitibeheran aritzen ginen umetan auzoko festetan. Ondoren, zeuden Sancheskyan eserita egiten genuen aldapa behera», gogoratzen du Mangak. Geroago, taula berriak saltzen hasi eta modan jarri zela dio Mangak. «Ez zenuen ezer gehiagorik behar. Koska batekin nahikoa zenuen orduak igarotzeko».

Surfak harreman estua du skatearekin. Kaliforniako surflariak hasi omen ziren skatean patinatzen, surfean aritzeko olatu nahikorik ez zegoenean entrenatzen jarraitu ahal izateko. Surf eta snowboard praktikatzen duten asko ibiltzen dira skate parkeetan ere. «Normalean skate egiten duenak skate bakarrik egiten du. Azkar nabaritzen da estiloagatik zeinek egiten duen surf edo snowboard», dio Mangak.

Hondartzetako uretan ez bezala, skate parkean huts eginez gero zoruarekin egiten da topo. «Min har dezakezu, baina erorketa gehienak kolpeak eta ubeldurak dira», aitortu du Mangak. Erorketen larritasuna patinatzeko mailaren arabera doala nabarmendu du Donostiako skaterrak. «Hasiberria zarenean erorketak ez dira oso handiak izaten. Maila igo ahala, handiagoak dira erorketak, baina erortzen ere ikasten duzu». Ez Mangak, ez Martinezek skate egiten daramatzaten urte luzetan ez dute ohiko kolpeak baino lesio larriagorik eduki. «Kanpotik ikusten dena baino arrisku gutxiago du», diote.

Skate parkeen ugaritzean zeresan handia izan zuten patinatzaileek berek. Erakunde publikoek euren aldarrikapenak entzun ditzaten, elkarteak sortu dituzte, Txingudiko Skate Elkartea, kasu. «Kalean skatearekin ibiltzeagatik isunak jartzen zizkiguten Irunen, eta elkartu egin ginen udalarekin hitz egiteko», azaldu du Cristian Cortizo irundarrak.Udalarekin bildu, eta udalak hasieran aurreikusi zuen proiektua atzera botatzea lortu zuten elkarteko kideek, egokia ez zelakoan. Azkenean, Bidasoa ibai ondoan dagoen 1.600 metro karratuko skate parkea eraiki zuen udalak. «Oraindik barandak eraikitzea falta zaizkie», ohartarazi du Cortizok.

Skatea ogibide

Euskal Herrian skateak duen zaletasunaren adibide bat gehiago baino ez da Jart markarena. Taulak fabrikatzen dituzte Irunen dagoen enpresa horretan, eta nazioarteko profesionalentzako taulak egiten dituzten punta-puntako markekin lehiatzen da. Ander Iraola hondarribiarrak bere bi anaiekin eratu zuen enpresa, eta egun 22 pertsonak egiten dute lan. Skate zaletasuna arotzeriarekin uztartzen hasi zen orain 10 bat urte Iraola sendia. «Aita arotza izan da, eta hiru anaiok egurrarekin egin dugu lan betidanik. Irungo skate denda batek galdetu zigun ea taulak egiteko gai izango ote ginen. Ikertzen hasi, eta skate taulak ekoizten hasi ginen». Ekoizpenaren %70 Euskal Herritik kanpo saltzen dute.

Mota askotako taulak ekoizten dituzte Jart etxean, baina goi kalitateko taulengatik dira ezagunak. Euren skate talde profesional propioa dute. Sei skater profesionalek osatzen dute taldea, tartean Ivan Rivado bilbotarrak. «Txapelketaz txapelketa ibiltzen dira munduan zehar, eta gure marka sustatzen dute», azaldu du Iraolak. Skateak ekoizten hasi ziren unean Europan beste horrelako etxerik ez zegoela azaldu du hondarribiarrak. «Gu hasi ginenean mundu hori mugitzen hasi zen, eta egun badago jendea skatetik bizi dena».

Skateak Euskal Herrian indarra izateaz gain, Euskal Herria munduan skatearengatik ezaguna dela dio Iraolak. «Europa eta AEBetako jende asko dator Bilbo aldera skate egitera. Zaletasun handia dago hemen, eta gorantz doa kalitate maila».

Udako zaletasuna

Euren zaletasuna kirola denik ez dute zalantza izpirik Martinezek eta Mangak. «Nahiko gogorra, gainera. Oreka, koordinazioa eta erreflexuak lantzen dira batez ere». Mangak nabarmendu du kirol hau praktikatzeko ez dela ezaugarri fisiko nabarmenik izan behar. «Ez duzu zertan altua edo gihartsua izan. Zure neurria hartzen diozu».

Udan praktikatzen da, gehienbat, skatea. Skate parke gehienak estalperik gabe daudenez, derrigorrezkoa zaie eguraldi ona patinatzaileei. Hotzean patinatzen denean min hartzeko arrisku handiagoa dagoela ohartarazten du Martinezek. «Urteko egun gehienetan euria egiten duen herrialde batean, ez dago ezer egiterik», kexatzen da Manga. Skatea beste kirolen pare jarri beharko litzatekeela uste du donostiarrak. «Kontuak atera ditzatela: kiroldegi batean skate parke estali bat jarriko balute ea zenbat jende gehiago egingo litzatekeen bazkide». Patinatzaileentzako instalazioak kiroldegien barnean sartuko balituzte, segurtasuna bultzatu eta bizilagunekin istiluak ekidingo lituzketela uste dute patinatzaileek. «Gauez skate parkeak ixten dituzte soinuak bizilagunei enbarazu egiten dietelako. Segurtasuna bultzatuz gero, gurasoek lasaiago utziko liekete haurrei skate egiten, eta harrobia sortuko litzateke».

Bergaran (Gipuzkoa) altxatu zuten orain urte eta erdi Laino skate parke estalia. 400 metro karratu ditu. Laino skate denda zuen Hodei Elezpuruk, skate parkearen sustatzailetako batek. «Jendea etortzen zitzaigun dendara, neguan ez zutela non skate egin kexatuz. Aukera ikusi, eta estalitako skate parkea eraikitzea bururatu zitzaigun Alex Molanori eta bioi». Pribatua da Elezpururen ekimena. Hiru euroren truke egun osoz ibil daiteke patinatzen. Eguraldiaren arabera handitzen da Elezpuru eta Molanoren bezero kopurua. «Skate parke onak daude hemen, baina euria egiten duenean Euskal Herriko toki guztietatik datoz». Skate parkeen ugaritzeak ez du esan nahi, Elezpururen aburuz, kirol hori goraldian dagoenik. «Ez dago bereziki goraldi batean. Kontua da udalak ohartu direla azpiegiturak falta direla skatean ibiltzeko. Herri guztietan daude futbol zelaiak, saskibaloi kantxak eta frontoiak, baina ez skate parkeak».

Bergaran ez ezik, Miarritzen (Lapurdi) eta Bilbon ere badaudeestalitakoa skate parkeak. Bilboko Gure txoko skate park estalian Gonzalo Idigorasek eskolak ematen ditu. Gaztetxoak izan ohi dira haren ikasleak. «Bilbon skatea sustatzea da helburua. Eskoletatik ateratako etekinekin mantentzen dugu skate parkea». Publiko orori irekia dago parkea, doan. «Egoskorkeria kontua da. Udalak aspaldi iragarri zuen skate park estali bat egingo zuela; baina itxoiteaz nekatu, eta geurea egin genuen. Nahi duena izan daiteke bazkide».

Alvaro Ramirezek skatea du ogibide. Donostiako Gros auzoan La Plaza skate denda zabaldu zuen orain bost bat urte. Patinatzeko gauza gutxi behar baldin badira ere, skate maila altuan praktikatzen dutenentzat garestia izan daitekeela aitortu du. «Badira hamar egunetik behin taula aldatzen dutenak. Baina maila onean aritzen direnek babesleak izan ohi dituzte. Zenbaitetan gurasoak etorri zaizkit haurrak zapatilak aste betean urratu dituela kexaka». Taulak eta horientzako osagarriak saltzeaz gain, skate marken arropa ugari dago salgai dendan, hala nola oinetakoak, elastikoak… «Skatean aritzeko arropa saltzen dute markek, eta moda sortu dute».

Eskoletara joan ohi da Ramirez erakustaldiak egitera, kirola sustatzearren. «Gaztetxoak oso gustura ateratzen dira. Ondo etortzen zaie koordinazioa lantzeko», azaldu du. Skate parkeen ugaritzeak etorkizunean bertako patinatzaileen maila igoko duelakoan dago Ramirez. «Jada badago nazioarteko jendea».

Skate parkeek patinatzeko aukera bikaina eskaintzen duten arren, taula gainean urteak daramatzan jende askok aitortzen du kalean patinatzeak beste kutsu bat duela. «Ni puristagoa naiz alde horretatik. Hiri altzariek aukera handiagoa eskaintzen dute, imajinazioa gehiago lantzen da. Badago skate parkean astebetean patinatzen arituz gero erotu egiten denik. Kalea behar du jende horrek», azaldu du Ramirezek. Ander Iraola ere ados dago baieztapen horrekin. «Eskailerak, barandak, koskak… hoberena kalean aritzea da. Skate bideoak egiten dituzten profesionalek kalean filmatzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.