ATZEKOZ AURRERA. Peter Hofmann. Software librean aditua

«Software libreak independentzia handiagoa ematen digu»

Municheko Udalaren ordenagailu denak software librera aldatu zituen Hofmannek, eta erakunde publikoei gauza bera egiteko eskatu die, arazo tekniko bati errazago aurre egiteko.

SUSI RODRIGUEZ.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Software librearen sustatzaile porrokatua da Peter Hofmann (Munich, 1965). Hainbeste, bere jaioterriko udaletxean zeuden ordenagailu guztietan Microsoft konpainiaren Windows sistema eragilea Linux software libreagatik aldatzeko lan egin du. 15.000 ordenagailutan egin du aldaketa, eta, denera, 11 milioi euro aurreztea lortu du Municheko Udalak. «Gobernuek ere gauza bera egin beharko lukete». Joan den astean Bilbon defendatu zuen mezu hori, Librecon jardunaldietan.

2001ean galdetu zizuten ea Windows sistema eragilearen alternatibarik ba ote zegoen. Garai hartan ez zen ohikoa izango horren inguruan hitz egitea.

Ordura arte ez nuen sekula software libre edo doakoen inguruan ezer entzun. Baina alternatibarik ba ote zegoen galdetu zidatenean, berehala ulertu nuen zeri buruz ari ziren. Udalak eskaera hori egin zuenerako nazkatuta zegoen Microsoften lizentzia politikarekin, eta entzuna zeukaten software librearen inguruko zerbait. Beraz, jakin gura zuten ea halako aukeraren bat ezartzerik ba ote zegoen udalean. Ikerketa Unilog Integrata konpainiak egin zuen.

Baita lortu ere. 15.000 ordenagailuri aldatu zitzaien sistema eragilea. Nola egin zen prozesua?

Ikerketa amaitu ondoren, udalak independenteago izatea erabaki zuen, software libreari ateak irekita. Erabakia hartu ondoren, 2004an hasi ginen migrazioa egiten, eta proiektuari LiMux izena jarri genion. Bi urte geroago, lehen bulegoak Linux sistema eragilearekin ari ziren lanean froga moduan. Hurrengo urteetan, proiektuak beste izaera bat hartu zuen, MS-Office programa erabiltzeari utzi eta MS-Office librea erabiltzen hasi baikinen. 2009an, azkenik, ordenagailu guztien migrazioa egiten hasi ginen pixkanaka, eta 2012 amaierarako 12.000 ordenagailutan geneukan aldaketa eginda. Joan den urtean amaitu genuen ofizialki proiektua.

Prozesu hori guztia aurrera eramateko inongo presiorik izan al zenuten? Azken finean, 15.000 ordenagailuri sistema eragilea aldatzea asko da...

Ez. Erabakia hartu ondoren ez genuen presiorik sumatu, ez era zuzenean behintzat. Edonola ere, eztabaida publiko bat jarri zen martxan, eta bide egokia hartu genuela ondorioztatu genuen.

Prozesu honetatik zein ondorio atera duzue?

Lau ondorio nagusi atera ditugu: batetik, garbi erakutsi dugu herri batek milaka ordenagailuren sistema eragilea alda dezakeela. Eta hala eginda ere zerbitzua ematen jarrai daiteke. Hori bai, horretarako babes politiko handia behar duzu, bestela ezin baita tamaina horretako prozesurik aurrera eraman. Bestetik, garbi ikusi dugu migrazio hori aukera ezin hobea dela bulegoetako azpiegitura estandarizatu eta indartzeko. Baina tamaina horretako migrazio bat ez da IKT proiektu bat bakarrik, udalak berak dituen aurreikuspenak ere aldatzen ditu, ordura arte lan egiteko ildoa bera aldatu egiten duelako. Erabiltzaileei begira, eta baita langileei begira ere. Edonola ere, sistema eragile horrek independentzia handiagoa ematen digu guk nahi dugun irtenbidea nahi dugun ildotik egin ahal izateko.

Hori guztia, gainera, dirua aurreztuta.

Hala da, 11 milioi euro aurreztea lortu dugu. Diru hori beste baliabide batzuetarako erabiltzeko aukera dago era horretan.

Gobernu eta udalek ildo horretan jarraitu beharko luketela uste duzu. Zergatik?

Hala egin beharko luketela uste dut, bai. Era horretan independenteagoak izango lirateke, eta IKT enpresei ere babesa eskainiko liekete gainera, elkarren arteko lehia sortuz. Gainera, herritarrek euren zergekin software libreko irtenbide tekniko bat ordaintzen badute, zergatik ordaindu beharko lukete arazo beraren irtenbide berbera beste udal batean ere? Gaur egun, kode irekiekin lan egiten da, eta norbaitek topatutako irtenbideak beste batek erabil ditzake batere ordaindu gabe. Horregatik da horren positiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.