Ezarian. Euskal artistak Cirque du Soleil-en

Soinu jotzaile ibiltaria itzuli da

Ia hiru urtez ibili da Iñaki Dieguez Cirque du Soleil zirkuarentzat soinua jotzen. Iragan hilabetean itzuli zen sorterrira, bere proiektuak gauzatzeko asmoarekin. Amaia Iraola doneztebearrak ordezkatu du zirkuan.

Cirque du Soleil-ko Ovo ikuskizunari musika jarri diote Iñaki Dieguez eta Amaia Iraola soinu jotzaileek. BERRIA.
Adrian Garcia.
Irun
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Berriki itzuli da etxera Iñaki Dieguez soinu jotzailea (Irun, 1973), eta nabaria da. Urrats pare bat egin orduko ezagun batekin topo egin, eta agurtzera gelditu da. Denbora asko egin du etxetik kanpo. Soinua lagun, ia hiru urtez egon da Cirque du Soleil-ko bi ikuskizunetan lanean. Hego Korean, AEBetan eta Kanadan egon da munduko zirku arrakastatsuarenentzat musika egiten.

Txikitatik jotzen du soinua Dieguezek. 9 urte zituelarik hasi zen jotzen jaioterrian. «Moda handia zegoen hemen garai hartan, 11 akademia eta kontserbatorioa zeuden». Egun gauzak aldatu badira ere, Dieguezen haurtzaroan akordeoia bolo-bolo zebilen instrumentua zen.

Ibilbide luzea du Dieguezek musikagintzan. Bost disko kaleratu ditu, eta beste hogei ingurutan parte hartu du. Esaterako, Pantxoa eta Peioren azken bi diskoak berak ekoitzi ditu, eta Amaia Zubiriarekin ere lan egin du.

Cirque du Soleil-ko Alegria ikuskizunean egin zituen lehen urratsak zirkuan soinu jotzaile irundarrak, Hego Koreako Seul hiriburuan. «Soinu jotzaile baten beharra zeukaten, eta galdetu zidaten ea eurekin lan egiteko prest nengoen». Hiru hilabetez egon zen Seulen, eta Pantxoa eta Peioren azken diskoa grabatzeko itzuli zen Euskal Herrira.

Ondoren sortu zitzaion Ovo ikuskizunean parte hartzeko aukera. Bi urte eta bederatzi hilabete egon da ikuskizun horretan buru-belarri, eta hamaika hiri bisitatu ditu zirkuarekin. Montreal, Quebec, Toronto, San Frantzisko, New York, Boston… orotara 1.000 ikuskizun baino gehiagotan parte hartu du, eta horietako askotan musika bandaren zuzendaria izan da. Esperientzia guztiz aberasgarria izan dela argi du soinu jotzaileak. «Hango maila bikaina da, eta lan baldintzak, primerakoak».

Cirque du Soleil-en jotzea «beste maila batean jotzea» dela dio Dieguezek. «Egunero 5.000 ikus-entzule dituzu. Hemen ez dago horrelakorik».

Ovo ikuskizuna esperientzia erabat desberdina izan zen soinu jotzailearentzat. «Ez zuten ikuskizunerako musika egina, eta guri egokitu zitzaigun egitea», azaldu du. Ikuskizunaren soinuaren zati guztiak Diguezek eginak dira. «Zirkuan nik eginiko ekarpena hor dago».

Alegria eta Ovo ikuskizun oso desberdinak dira. Alegria zaharra da, klasikoa, eta 17 urte inguru ditu. Ovok, berriz, bi urte eta erdi ditu, eta klasikotasunaren irizpideak jarraitzen baditu ere, modernoagoa da.

Ovo ikuskizunean, orotara, 55 artistek egiten dute lan, aktoreak, akrobata, dantzariak eta musikariak barne. Horrez gain, dena muntatzeko teknikari eta langile ugari daude.

Labezomorroz jantzita jo behar izan du soinua Dieguezek ikuskizunean. «Zomorroei buruzko istorioa da. Euliak, matxinsaltoak… daude, eta gu labezomorroak ginen». Egunero, beraz, makillajea jarri eta mozorroa jantzi behar zuen lanari ekiteko.

Emaztea eta bi haur ditu Iñaki Dieguezek, eta eurekin esperientzia partekatzeko aukera izan du. «Urte eta erdiz egon dira nirekin. Kanadan sei hilabetez egon ginen, eta jarraian AEBetara jo genuen». Zinemak ohiko zirkuetatik ematen duen iruditik urrun dago Cirque du Soleil kanadar jatorriko zirkua. «Ez genuen karabanetan denak batera lo egiten», dio Dieguezek barrez. Luxuzko apartamentu eta hoteletan hartu dute ostatu, beti hirigunetik hurbil. «New Yorken, adibidez, bigarren etorbidean geunden, Central Parken ondoan».

Ovo ikuskizunaren sormen lana Montrealen egin zuten. Musika izan zen erantsi zieten azken elementua. Bukaeran iritsi zen, beraz, Dieguez, soinu zatiak egitera. Hiru hilabete igaro zuten musika sortzen eta entseguak egiten. Ikuskizunarekin hastean, berriz, entseguak bukatu ziren. «Astean bederatzi edo hamar ikuskizun egiten genituen. Akrobatek entseguak egiten dituzte, baina musikariek ez. Egun berean bi ikuskizun zeudenean, 14:00etan hasi eta 23:00ak arte egoten ginen lanean. Ikuskizunak bi ordu eta erdi inguru irauten du».

«Nire musika egitearen falta sumatu dut gehien». Musikari eta sortzailea izaki, beti musika pieza berbera jotzearen errutinak gogaitu du Dieguez. «Izugarrizko mailarekin, baina beti gauza bera jotzen duzu egunero, nahiz eta inprobisazioak egoten diren». Musika sortzea izan du errutina horretatik ateratzeko ihesbidea. Zirkuak uzten zion denbora libre apurrean disko berrirako abestiak grabatu ditu soinu jotzaileak. «Nire disko berriko bost abesti grabatu ditut zirkuko musikari kanadar, estatubatuar, brasildarrekin… ea zer ateratzen den».

Zirkuko ikuskizun bati musika jartzea zinema mutua bezalakoa dela dio musikari irundarrak. «Irudiari, hau da, akrobaten jauziei musika jarri behar diezu. Zerbait gertatzen bada, inprobisatu egin behar duzu». Erreferentzia batzuk dituzte, eta zuzendaria mikrofono bidez komunikatzen da musikariekin musika luzatu, moztu edo aldatzeko. «Zailena akrobatak zer egiten ari diren ikustea eta horri musika jartzea da».

Oso harreman onak egin ditu zirkuko lankideekin. Bederatzi musikari ziren guztira ikuskizunaren bandan. Lau brasildar, lau kanadar eta Dieguez bera. «Bakoitza toki batetik dator, eta norberak bere berezitasunak eta ohiturak ditu. Oso ondo konpontzen ginen; ikurrina eta guzti jarri genuen». Zirkua kultur nahasketa bat dela esan du, hainbat jatorritako lagunen topalekua.

Dieguezek ez ezik, haren 6 eta 4 urteko haurrek ere atera diote etekina egonaldiari. Ingelesa ziztu bizian barneratu dute aitarekin Kanada eta AEBetan egon diren urte eta erdian. Zailena eskola topatzea izan zen, Dieguezen esanetan, leku bakoitzean hilabete inguru egoten baitira. «6 urtetatik aurrea zirkuak eskola eskaintzen du».

Hiru urte gehiegi ziren, Dieguezen irudiko, eta etxera bueltatzea erabaki zuen. «Nire musika egin eta nire taldeekin lan egin nahi nuen. Halere, bi hilabete emango ditut ezer egin gabe». Hurrengo urtean aterako du disko berria, Kanada eta AEBetan edukitako denbora librean egiten hasi zena. «Nire musika beste musikarien ekarpenekin nahastu dut. Euskal musika jazza, musika brasildarra, kanadarrarekin… nahastu dut. Gauza polita aterako da».

«Ondo pasatzea eta ikastea». Horiek dira Dieguezek zirkuan ordezkatu duen Amaia Iraola doneztebearrari eman dizkion aholkuak. «Esperientzia oso ona izango da harentzat, oso gaztea baita oraindik».

Ikasleak bete du hutsunea

Amaia Iraola doneztebearrak bete du Iñaki Dieguezek zirkuan utzitako hutsunea. Gaztea da oso Iraola, 22 urte ditu, eta esperientzia ahal duen gehien aprobetxatzea du buruan.

Iñaki Dieguezek ia hiru urteren ostean zirkua uztea erabaki zuenean, ea zirkuan lan egiteko maila adinako beste soinu jotzaile bat ezagutzen zuen galdetu zioten. Ez zuen zalantzarik izan, eta Amaia Iraolaren izena aipatu zuen. Aspalditik ezagutzen dira Dieguez eta Iraola. Donezteben jaioa da Iraola, eta herriko Agorreta musika eskolan ikasi zuen lehen doinuak jotzen, Dieguez irakasle zuela. Irakasleak Cirque du Soleil-en lan egiteko aukera proposatu zion Iraolari, eta pentsatu gabe aurkeztu zen hautaketa probetara.

Gogorrak dira oso zirkuan sartu ahal izateko hautaketa probak, baina, azkenean, Iraolak eskuratu zuen Dieguezek utzitako postua. Musikari prestakuntza hobetzeko aukera ezin hobea zela pentsatuz hartu zuen zirkuan sartzeko erabakia. «Horrelako ikuskizun batean parte hartzeko aukera ez da egunero izaten, eta horrelako esperientzia bizitzeko aukera ez nuen pasatzen utzi nahi». Musikari onenekin lan egiteko aukera aprobetxatu, eta zirkuaren egoitza dagoen Montreal hirira abiatu zen iragan maiatza bukaeran.

Bi hilabete eskas baino ez daramatza Iraolak zirkuan, baina jada mugitzen hasi da. Montrealetik Minneapolisera, eta hortik Chicagora egin du. Uda han igaroko du, eta jarraian Calgaryra irtengo da. Eguberriak Mexikon igaroko ditu.

«Familia handi bat bezala gara». Horrela laburbildu du lankideen arteko harremana Iraolak. Giro ona nabaria dela dio, eta frantsesez eta ingelesez komunikatzeko arazorik ez du soinu jotzaileak, baina denborarekin hizkuntza gaitasunak hobetuz joango dela ziur dago.

Familiaren falta sumatzen du gehien Iraolak. Amaren bazkariaren falta ere sumatzen du, nahiz eta zirkuan sukaldari onak dituztela dioen.

Dieguezek bezala, Iraolak ere Ovo ikuskizunean parte hartzen du, labezomorroz jantzita. «Intsektuen bizitzari buruzko istorioa kontatzen dugu, aproposa haurrentzat zein helduentzat, erraza baita ulertzeko kontatzen dena».

Iraolak ere musika ikuskizunarekin lotuta egoteak askatasun falta nabaritzen duela dio. «Horrelako ikuskizun batean jotzeak askatasun pixka bat dauka, baina jotzen dudan musika ikuskizunarekin lotuta egon behar du, eta ez dut aldaketa askorik egiteko aukerarik».

Urte eta erdiko bira bat egiten ari da Iraola, eta oraindik ez du garbi bukatzean zirkuan jarraituko duen ala ez. Cirque du Soleil-ko lan esperientzia ahal duen gehien aprobetxatzea du orain buruan soinu jotzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.